Bizkaiko Aldundiak eta Abokatuen Elkargoak euskerearen erabilerea sustatuko dabe erakunde judizialen aurrean

Bizkaie! 2011-11-03 12:17   Euskerea berbagai

Akordioak lau urterako konpromisoa eskatzen deutse bi alderdiei eta, haren bidez, bi erakundeek konpromisoa hartu dabe administrazinoaren arloko jurisdikzino eskudunen aurreko prozedura penal eta zibiletan euskerearen erabilerea bermatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Kultura Sailaren bitartez, hitzarmen bat sinatu dau Bizkaiko Abokatuen Bazkunagaz, erakunde judizialetan egiten diran jarduera desbardinetan euskerearen erabilerea sustatu, bultzatu eta ezartzeko. Akordioak lau urterako konpromisoa eskatzen deutse bi alderdiei eta, haren bidez, bi erakundeek konpromisoa hartu dabe administrazinoaren arloko jurisdikzino eskudunen aurreko prozedura penal eta zibiletan euskerearen erabilerea bermatzeko.

Sinadura ekitaldian parte hartu dabe, foru erakundearen aldetik, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, Juan Maria Aburto Lehendakaritzako diputaduak eta Josune Ariztondo Kultura diputaduak. Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren izenean, Nazario Oleaga dekanoak, Gontzal Aizpurua Gobernu Batzordeko diputaduak eta Aitzol Asla Praktika Juridikorako Eskolako zuzendariak sinatu dabe hitzarmena.

Akordioaren arabera, Foru Aldundiak eta Abokatuen Elkargoak euskerazko terminologia juridikoa adostuko dabe eta alkarri emongo deutsie euskerazko informazino juridikoa, euskarri digitaletan edo beste edozein plataforma informatiko erabiliz.

Hitzarmen hori tarteko dala, Bizkaiko Abokatuen Elkargoak ofiziozko txanda zerbitzua eta atxilotuari laguntzeko zerbitzua euskeraz mantenduko dau, eta horrek atxilotu ondorengo momentuetan defentsa euskeraz gauzatzeko aukerea emongo dau. Horrezaz gan, praktika juridikoaren eskolako euskerearen atala sustatzeko beharrezko jarduera guztiak egingo ditu, atal hori funtsezko elementua baita lan juridikoa euskeraz egingo daben abokatuak ondo trebatzeko.

Akordioan honako hau be jaso da: Abokatuen Elkargoak Bizkaiko Foru Aldundiagaz lankidetzan jardungo dau euskera tekniko juridikoan trebakuntza behar daben langileak preparetako eta foru erakundearen eskura jarteko arlo honetan antolatzen diran ikastaro eta prestakuntza-jarduera guztiak, foru erakundeko langileek be parte hartu deien.

Hitzarmen honetan esku hartu daben bi alderdiek adosturiko gaien jarraipena egingo dabe, betetan dala bermatzeko. Horrezaz gan, bi aldeek konpromisoa hartu dabe hitzartutakoa Bizkai osoan apliketako, baina mailaka, sortuko dan Jarraipen Batzordeak garatutako ezarpen-prozesuaren arabera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu