Agosti Xaho idazle eta politikariaren biografia argitaratu dau Eusko Jaurlaritzeak, hiru hizkuntzatan
2011-10-05 11:47 kulturbizAgosti Xaho idazle eta politikari zuberotarraren biografia aurkeztu barri dau Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Ekitaldia Hendaiako Abadia gazteluan izan zan, eta bertan izan ziran Blanca Urgell Kultura sailburua, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Arnaud Villeneuve Atharratzeko alkatea eta Xabier Zabaltza liburuaren egilea.
Agosti Xaho idazle eta politikari zuberotarraren biografia aurkeztu barri dau Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Ekitaldia Hendaiako Abadia gazteluan izan zan, eta bertan izan ziran Blanca Urgell Kultura sailburua, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Arnaud Villeneuve Atharratzeko alkatea eta Xabier Zabaltza liburuaren egilea.
Edizino bitan kaleratu dabe Xahoren biografia, bata euskeraz eta bestea gaztelaniaz eta frantsesez. Jatorrizko testua (Agosti Xaho. Aitzindari bakartia) euskeraz idatzi dau Xabier Zabaltzak, eta berak egin dau gaztelaniazko ("ugustin Chaho. Precursor incomprendido) itzulpena. Frantsesezko testua Edurne Alegriak itzuli dau, Augustin Chaho. Un précurseur incompris izenburupean.
Agosti Xaho Lagarde Atharratzen jaio zan, 1811ko urriaren 10ean. Kazetaria, idazlea, hizkuntzalaria eta politikaria izan zan; haren pentsamoldea, ezkerreko euskal abertzaletasunaren aurrekaritzat hartua izan da. Erromantiko sutsua zan, euskaldunen jatorriaren eta historiaren inguruko hainbat kontakizun asmatu zituan, berbarako Aitorren elezaharra testu ezaguna.
Xabier Zabaltzak aurkezpenean azaldu ebanez, liburua biografia baino gehiago da, ideografia bat be bada eta. Izan be, Xahoren ideologiako alde garrantzitsuak azaldu ditu, polemikoak batzuk. Liburuan idale zuberotarrari lotutako personaien eta objektuen 38 irudi jaso ditue.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Bidegileak bildumarako idatzi eban Zabaltzak liburua, baina urrian Xaho jaio zala berrehun urte beteten diranez, argitalpen berezia egitea erabagi dabe. Euskerazko 2.800 ale argitaratu dira, eta gaztelaniaz-frantsez, 1.200 ale.
Xaho batez be lehenengo abertzaletzat jo izan dalako da ezaguna Euskal Herrian, Zabaltzan prentsaurrekoan nabarmendu ebanez. Dana dala, egilearen eritxiz, abertzaletasuna haren filosofiaren osagai bat besterik ez da. Oraindino, misterio bat da Sabino Arana nazionalismo politikoaren sortzaileak ezagutzen ete eban Xahoren obrea. Xahok Euskal Herria eta euskerea maite-maite zituan; euskerazko lehenengo astekaria sortu eban, lau hizkuntzako hiztegi bat (euskera, frantsesa, gaztelania eta latina) atondu, euskalki guztietako kantutegi bat batu eta Aitor eta Amagoia Euskal Herriaren lehen patriarka mitikoak asmatu.
Agosti Xaho. Aitzindari bakartia ez da salgai ipiniko, liburutegi, ikastetxe eta unibersidadeetan banatuko da. Halanda be, Bidegileak bildumako ganerako argitalpenak lez, Interneten egongo da irakurgai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!