UPV/EHUko Kepa Korta irakasleak hizkuntzeari eta komunikazinoari buruzko lana argitaratu dau John Perrygaz batera

Bizkaie! 2011-10-04 12:55   kulturbiz

Liburuan, Kortak eta Perryk hiru ideia nagusitan oinarritutako teoria landu dabe; hiru ideiak honako honeek dira: gauzak berbakaz egiteko modu bat da hizkuntzea; erabilten doguzan adierazpenen esanahiak eta horreen bidez egiten doguzan esaldien edukiak giza asmoetatik eratorten dira; eta hizkuntzea beste faktore batzuekaz konbinetan dogu, geure komunikazino helburuak lortzeko.

UPV/EHUko Kepa Korta irakasleak Critical Pragmatics. An Inquiry into Reference and Communication lana argitaratu barri dau Kaliforniako Stanford eta Riverside unibersidadeetako katedradun John Perrygaz batera; obrea Cambridge University Press argitaletxe ospetsuaren eskutik plazaratu dabe. Liburuan, Kortak eta Perryk hiru ideia nagusitan oinarritutako teoria landu dabe; hiru ideiak honako honeek dira: gauzak berbakaz egiteko modu bat da hizkuntzea; erabilten doguzan adierazpenen esanahiak eta horreen bidez egiten doguzan esaldien edukiak giza asmoetatik eratorten dira; eta hizkuntzea beste faktore batzuekaz konbinetan dogu, geure komunikazino helburuak lortzeko.

Ideia honeek ez dira barriak azaldu dau Kepa Korta irakasleak. Bersino desbardinetan, Ludwig Wittgenstein, John L. Austin eta Paul Grice filosofoek proposatutakoak dira. Barrikuntzea, ostera, ideia horreen garapenean, pragmatika kritikoa deitzen dogun teoriaren artikulazinoan eta erreferentzia singularreko arazo zaharraren aplikazinoan dago; gure proposamena konbentziduteko modukoa izatea espero dogu.

Kepa Kortak eta John Perryk obra honetan argitzen dabenez, pragmatika kritikoak teoria koherentea eskaintzen dau hizkuntzearen alderdi desbardinak zelan diran alkarren osogarri eta gizakien pentsamenduaren eta ekintzen azalpen zabalago batean zelan bat datozen azaltzeko. Horrezaz gan, erreferentzia singularrari buruzko gaiak ditue berbagai; erreferentzia singularrak gauza, leku edo persona jakin batzuei buruz berba egiteko erabilten doguzan izenak, izenordainak, erakusleak eta deskribapenak batzen ditu. Gai horreek leku nagusia hartu dabe hizkuntzearen filosofian, XIX. mende amaieratik gaur egun arte.

Berba egiterakoan, gauzak euren izenez izentetan doguz, izen hori baldin badakigu. Batzuetan, ostera, badirudi egokiagoa dala izenordain bat erabiltea. Esaterako, pedantea, edo behintzat arraroa begitantzen jaku Real Madrid taldeko entrenatzaileak berak ‘Mourinho lasai dago’ esatea. Kasu horretan, ‘lasai nago’ esatea naturalagoa izango litzateke. Zergaitik? Liburuan galdera horri eta beste askori erantzuten saiatu gara, eta azaldu nahi izan dogu gure berben esanahiak eta horreek erabilteko egoerak zelako loturea daben, batez be hiztunen asmoakaz eta usteakaz.

Korta eta Perry ikertzaileek hainbat urte emon ditue teoria pragmatiko bat eratze lanean, eta oraingoz Critical Pragmatics. An Inquiry into Reference and Communication lana da emoitza nagusia; pragmatika ikasketen arloan bide barria zabaltzea espero dabe.


Egileak

Kepa Korta Hizkuntzearen Filosofiako irakasle titularra da UPV/EHUn, eta horrezaz gan ILCLI-ko zuzendaria da (Logika, Kognizino, Hizkuntza eta Informazinorako Institutua). Standford Unibersidadeko (Kalifornia) Pragmatic Project-eko ikertzailea be bada. Hizkuntzearen filosofia, semantika eta pragmatikeari buruzko hainbat liburu eta artikulu argitaratu ditu ingelesez, gaztelaniaz eta euskeraz. Plazaratutako artikuluen artean, John Perry katedradunagaz batera Mind and Language, Synthese, Philosophy and Phenomenological Research eta The Stanford Encyclopedia of Philosophy aldizkari zientifikoetan idatzitakoak nabarmentzen dira. UPV/EHUren GOGOA aldizkariko zuzendaria da.

www.kepakorta.com

John Perry Filosofian katedraduna da Riverside Unibersidadean, eta irakasle emeritua Standford Unibersidadean. Bi erakundeak Kalifornian dagoz. Filosofia, hizkuntzearen filosofia eta semantikeari buruzko makina bat obra plazaratu ditu, eta horreen artean ondokoak azpimarratu behar dira: Situations and Attitudes (1983, Jon Barwisegaz batera idatzitakoa), The Problem of the Essential Indexical (1993, 2000), Reference and Reflexivity (2001), Knowledge, Possibility, and Consciousness (2001) eta Identity, Personal Identity and the Self (2002). 2002. urtean, Honoris Causa doktore izentau eban UPV/EHUk. Orain gitxi Literaturako Ig Nobel Saria jaso dau, Dilación Estructurada teoriagaitik.

http://www-csli.stanford.edu/~jperry/

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu