Urriaren 6an hasiko da 'BLV – ART' kultur programea Bilbon
2011-09-27 17:42 kulturbizBilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala kaleak abangoardiako jarduerez eta adierazpenez beteko dira barriro be Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, inguruko zenbait kultur agentegaz alkarlanean, antolatutako BLV-ART programearen edizino barriagaz. Programea, auzo horreen garapenerako eta barriztapenerako kulturaren aldeko apustua egiten dauen Plan Bereziaren barruan dago.
Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala kaleak abangoardiako jarduerez eta adierazpenez beteko dira barriro be Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, inguruko zenbait kultur agentegaz alkarlanean, antolatutako BLV-ART programearen edizino barriagaz. Programea, auzo horreen garapenerako eta barriztapenerako kulturaren aldeko apustua egiten dauen Plan Bereziaren barruan dago.
Primordiales izeneko gaueko ikus-entzunezko emonaldiak, eszenografia garaikidea, musika zuzenean eta bideo-artea bateratzen dituana, izango da programazinoa inaugurauko dauena, datorren urriaren 6an (20:00etan, Mariaren Bihotzaren Plazan). Zinea eta performanceak kalean, tatuaje saio bat zuzenean, umeentzako tailerrak eta inguruan sortu diran erakusketa gune barrietara egingo diran Arty walks – Arte Zirkuitoa bisita gidatuak izango dira urriaren 15era arte luzatuko dan programea osotuko daben ekitaldiak.
Musikea, barriz, urriaren 8an, Bilborock aretoan joko dauen El columpio asesino bandearen eskutik helduko jaku. Horrezaz gan, programea amaitukeran, urian izandako esku-hartzearen aztarna geratuko da, Pariseko Eltono artisteak egingo dauen horma-irudiaren bitartez. Artista horren lana urriaren 7an erakutsiko da, Urazurrutia kaleko higiezin bateko fatxadan.
BLV-ART ekimenaren helburua, inguru horren kultur espezializazinoa lortzea da, bertako biztanleen beharrei erantzuteko, baina, batez be, auzo horreek erakargarriak izan daitezan uriko biztanle guztien begien aurrean, kultur erdigune bilakatuz, bertan, musikeagaz, arte plastikoakaz, zineagaz edo modeagaz lotutako sorkuntza mota barriak sortzen dagozalako. Holan, programeak balioa emon nahi deutso auzoari, eta uriko ganerako lekuakaz dauen komunikazinoa sustatu nahi dau, gune horretan sortutako kultur proposamenak ezagutarazoko dituen zenbait jarduera eskainiz eta bertako kaleen zaharbarritze prozesuan beteten daben lana erakutsiz.
Kontuak kontu, urriaren 6an abiatuko da ekimena Primordiales ikuskizunagaz, Mariaren Bihotzaren Plazan. Primordialak gure garaiaren aurreko eta ondorengo garai bateko izakiak dira, eta ikus-entzulearen aurrean forma mistikoa erakusten dabe, komunikazino ekintza bat burutzeko, erritual tekno-txamaniko moduan. Bertan eszenografia, bideo-emonaldiak eta zuzeneko musikea eskainiko ditue Jonathan García, Terri Florido kakofunk eta David La baldosa flotante artistek. Ikuskizunak 50 minutuko iraupena izango dau, eta berau osotzeko, txamanen estetikan inspirautako jantziak eta musika tresna itxura hartuko daben birziklatutako altzariak izango ditu.
Berrikuntza moduan, aurten, arte eszeniko garaikideei eskainitako ziklo bat sartzen da. Arte eszeniko horreek aire zabalean aurkeztuko dira ikus-entzuleen aurrean, Urazurrutia kalean eta Mariaren Bihotzaren Plazan. Performart izenburupean, hiru artistak, Fausto Grossik, Beatriz Silvak eta Ramón Churrucak euren azken proposamenak aurkeztuko ditue ikus-entzuleen aurrean. Fausto Grossiren Barra libre urriaren 7an, goizeko 11:00etatik 14:30eara, Urazurrutian; Beatriz Silvaren Muertita de Juárez urriaren 11n, Mariaren Bihotzaren Plazan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, eta Happening Kebab, el respeto de si mismo leku berean, urriaren 14an, arratsaldeko 20:00etan.
Jarduera nagusien artean, aurreko edizinoan lez, azpimarragarriak dira gune horren aldeko apustua egin daben sortzaileen ekimenari esker sortuz joan diran galeria barrietara eta uriko artetik hur dagozan guneetara egingo diran bisitak. Arty Walks – Arte Zirkuitoa, partaidetzan oinarritutako bisita interaktiboak dira, euskeraz eta gaztelaniaz, eta Bilbo Zaharreko zenbait lekutara helduko dira.
Arty Walks ekimenak Berreginen Museoa edo aurten ekimenagaz bat egin dauen Bilbao Arte lako lekuetara eroango gaitu, baina baita arte galeria txikietara, estudioetara, tailer txikietara eta saltoki barritzaileetara be, izan be, egun horreetan hainbat diziplinatako erakusketak ikusteko aukerea eskainiko deuskue. Batzuk aitatzearren, Truca Rec, erabilitako erropearen birziklapenean dabilen taldea da, eta mozorro erakusketea eskainiko dau; Tunipanea, barriz, aurten inaugurautako tailerra da, eta bertan, birziklapenagaz eta musika tresnakaz lotutako proposamenak garatzen dira, baita arteagaz eta teknologia barriakaz lotutakoak be. Apetit Gallery, street Art edo F1rst izenekoan zentratuta dagoan skate dendea da, eta skateko material erabilia arte bilakatzen dau. Aitatutakoak, bisita horreetan ezagutu ahal izango doguzan lekuetako batzuk dira.
Bisitek bi ordu inguru iraungo dabe, eta urriaren 7an, 8an eta 14an egingo dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, eta zapatuan, urriaren 15ean, goizez, eguerdiko 12:00etatik aurrera, euskeraz eta gaztelaniaz. Bisitak dobakoak dira, baina beharrezkoa izango da aurretik izena emotea, www.blv-art.com webgunearen bitartez.
Antolatzaileek, euren bisitan argazki kamarea ekartera eta bisitan erabiltera animau nahi ditue partaideak. Egindako argazki guztiak webgune horretara igoko dira, eta argazkien artean antolatzaileek BLV-ART ekimenaren izaera ondoen erakusten dauen argazkia aukeratuko dabe. Argazki irabazleek bi personentzako afariak irabaziko ditue inguruko jatetxeetan.
Datorren urriaren 7an, arratsaldeko 19:30etan, nazinoartean ospea dauen Eltono artisteak sinatutako horma-irudia azaleratuko da. Uriko esku-hartzean oinarritutako lan horrek, Urazurrutia kaleko 20an dagoan higiezin zahar baten fatxadea hartuko dau. Parisen jaio eta Beijingen bizi dan artistearen ezaugarri nagusiak eraikuntzarako erispidea eta lekutzeko orduan dauen sensibilidadea dira. Artisteak tokian bertan formak eta koloreak inprobisetan ditu, bertan dagoan orekan integretako. Ia beti, atentzinorik jasoten ez daben lekuak aukeratzen ditu, horreen duintasuna berpizteko eta zaharkitutako lekuen karga formala erabilteko.
BLV-ART programeak, aurten be, hitzordua izango du tatuajearen arteagaz. Oraingo honetan, urriaren 8an eta 9an, bi egunez, Berreginen Museoan, egingo dan Bilbao Tattoo Ink.fusion 2011 tatuajeei, gorputz arteari eta uriko kultureari eskainita egongo da. Bertan, musikaz eta erakusketaz gozetako aukerea izateaz gan, tatuajeko profesionalen lana zuzenean jarraitu ahal izango da.
Programazinoa osotzeko, aire zabaleko zine saioak egongo dira (urriaren 7an, gaueko 21:30ean, Martzanako kaian). Zinegile gazteen zenbait film labur emongo dira, horreetako batzuk jaialdietan sariak lortutakoak, Zinebin, adibidez.
Ohikoa danez, Berreginen Museoak, auzoan zentrauta egongo dan erakusketea jasoko dau. Oraingo honetan, eta Descubriendo el nacimiento de un barrio. San Francisco hace 500 años izenburupean, gure urian historia gehien dauen auzoetako baten bilakaerea ezagutzeko argazkiak eta bestelako materialak erakutsiko jakez ikusleei. Erakusketea eguenean, urriaren 6an zabalduko da, gaueko 21:00etan. Berreginen Museoak, baita ere, antzerkia eta bertsolaritzea bateratzen dituan Erregea eta bufoia ikuskizuna jasoko dau, Andoni Egañagaz eta Ander Lipusegaz. Emonaldia urriaren 13an izango da, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
BLV-ART programeak, txikienei zuzendutako zeramika, arkeologia eta hargintza tailerrak be antolatu ditu aurten. Tailer horreek lurriaren 15ean egingo dira, goizeko 11:00etatik 14:00etara, Mariaren Bihotzaren Plazan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!