'Una Ria con Duende' jaialdiak flamenkoa ekarriko dau Bilbora

Bizkaie! 2011-09-06 15:11   kulturbiz

Una Ría con Duende jaialdiaren helburu nagusia gure uriko biztanleei musika genero horren erritmo biziak eta energiaz betetakoak hurreratzea da. Flamenkoaren ezaugarri nagusietakoa mota guztietako kultur eraginak bereganatzeko dauen gaitasun handia da. Euskadin eskola asko eta flamenko barruko diziplinen jarraitzaile asko dagoz.

Aire eta erritmo flamenkoek beteko dabe Bilbo, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Sonikete alkarteagaz alkarlanean, antolatutako Topaketa Flamenkoen barruan egingo dan Una Ría con Duende jaialdiaren seigarren edizinoagaz.

VI. Flamenko Topaketak irailaren 10etik urriaren 2ra bitartean egingo dira, 5. barrutiko (Ibaiondo) zenbait eszenatokitan (La Concordia — FEVE geltokia, Berreginen Museoa, San Frantziskoko eta Burtsako Udaltegiak eta Eleizbarrutiko Museoaren klaustroa).

Aurreko urteetan lez, topaketa horreetan bat egingo dabe jantza, gitarra, kante eta txalo-erritmo tailerrek eta nazino mailako artista azpimarragarrien emonaldiek. Horreen artean dagoz Daniel Torres eta Jacob Guerrero, Cristina Hoyosen Andaluziako balleteko bailaore nagusiak. Bilbora helduko dira, flamenkoaren klasikoen omenaldiz preparautako lana eskaintzeko, Entrevistados flamencos titulopean. Jantzari horreeen ikuskizunak emongo deutse amaierea jaialdiari urriaren 2an, Mesedeetako Bilborocken (20:00etan).

Era berean, Una Ría con Duende ekimenak lekua ixten deutso bertoko adierazpen flamenkoari be. Aurten Juan Osaba, Juantxín izango da geure artean, Bilbon jaio eta hazitako gitarrista gaztea. Bere txikitako ingurunean aztertzen hasitako uniberso flamenkoan sakontzeko aukerea izan dau Kandela lako taldeakaz. Gitarra flamenkoak gaur egun egiten dauen bidearen adierazle moduan, Juan Osabak bere azken musika proiektua dakar, forma klasikoak errespetatuz, beste musika arlo batzuei eta beste aire batzuei zubiak jarrita. Juan Osaba Juantxín Project ikuskizuna Bilboko Eleizbarrutiko Museoan jarraitu ahal izango da irailaren 16an (20:00etan).

Aurreko urteetan lez, jaialdiak egun bat eskainiko deutse flamenkoan sortzen ari diran artista barriei. Aurtengo edizinoan, Lidia de Lorenzo, Granadatik datorren bailaora izango da protagonista. Hitzordua La Concordia—FEVE geltokiko Atarira helduko da zapatuan, irailaren 10ean (20:00etan).

Ekitaldien alorrean, José Anillo kantaoreak eskainiko dauen emonaldia be nabarmendu behar da, Rafael Rodríguezek, gitarra maisu handiak lagunduta. Bi artistek kontzertua eskainiko dabe Burtsako Udaltegian, irailaren 22an (20:00etan).

Burtsako Udaltegia bera izango da Juan Francisco Ríos Cabrillana kantaore gazteak, Ríos Cabrillana izen artistikoa dauenak, Miguel Angel Lagunak gitarreagaz lagunduta, irailaren 24an (20:00etan), eskainiko dauen Kontzertu Didaktikoaren eszenatokia. Gitarra jotzaileak kontrapuntu lirikoa eta joteko orduan dauen jakituria eskainiko ditu.


Prestakuntza tailerrak

Jantza, gitarra, kante eta txalo-erritmo tailerrak izango dira Bilboko Flamenko Topaketen aurtengo edizinoaren jarduera azpimarragarrienetakoak. Programa didaktikoa irailaren 12an hasiko da; egun horretan, aurrerago antolatuko diran jantza, gitarra, kante eta txalo-erritmo flamenko tailerren sarrera jardunaldiak egingo dira. Tailerren irakasleak Noemi Herraiz, Curro Bermejo, Javier Bermejo eta Ander Sánchez irakasleak izango dira, hurranez hurran. Helburua, bertan parte hartzen daben lagunak kante, gitarra eta perkusino flamenkoaren erritmo eta melodia oinarriakaz eta jantzearen funtsezko mobimenduakaz hartu-emonetan jartea da. Sarrerako saio horreetarako ez da aurretik izenik emon behar, eta San Frantziskoko Udaltegian egingo dira, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara.

Sarrerako jardunaldien ondoren, tailerrak irailaren 13an hasiko dira, San Frantziskoko Udaltegiko Auditorioan, Laura González Toledano irakasleak emongo dituan gitarra flamenko klaseakaz. Gitarra tailerra erritmoaren azterketan eta flamenkoaren funtsezko paloen harmonian oinarrituko da. Horrezaz gan, hatz lodiaren teknikea hobetzera bideratutako oinarrizko zenbait ariketa eta arpegioak azalduko dira, gitarrak kanteari emon beharreko laguntzan zentratuz.

Laura González, La Polaca bailaorak emongo dau jantza flamenko tailerra, irailaren 19tik 21era (arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara), San Frantziskoko Udaltegiko Ispiluen aretoan. Jantzari madrildarrak, festa estiloetan oinen markajea eta gorputzaren eta eskuen mobimentua indarrez dinamizetako ariketak eskainiko ditu.

Irailaren 26tik 28ra bitartean, San Frantziskon, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, kante flamenko tailerra hasiko da. Tailerra, Ríos Cabrillana izen artistikoa dauen Juan Francisco Ríos Cabrillana kantaore malagarrak eskainiko dau. Tailer horrek, ahotsaren erregistroak flamenkoan lantzeko dagozan erak aurkeztuko ditu, eta kante libreetan ahotsak izan beharreko modulazinoa eta biraketak be jorratuko ditu.

Partaide gehien izaten dauen ikastaroetakoa dan txalo eta erritmo flamenkoen tailerrari jagokonez, Ricardo Espinosak emongo dau, flamenkoaren munduko perkusino jotzaile onenetakoak. Ikastaroa San Frantziskoko udaltegiko auditorioan egingo da, irailaren 13an, 14an eta 15ean (arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara).


Bestelako jarduerak

Beñat Arginzoniz idazle bilbotarraren Reflejos de Andalucía liburuaren aurkezpen ekitaldia nabarmendu behar da. Liburua, flamenkoaren jatorrian dagozan gizonen eta emakumeen sustrai sozio-kulturalen eta bizitzako esperientzien gaineko gogoetarako ardatza da. Argitalpenak, lan horretan oinarritutako kanten irudiak eta ukituak batzen ditu. Liburuaren aurkezpena Berreginen Museo Zaharrean izango da (sarrera Mirasol kaletik) irailaren 24an (20:00etan).

Programautako emonaldi guztiak dobakoak izango dira, Daniel Torresek eta Jacob Guerrerok eskainiko daben amaiera ikuskizuna izan ezik. Ekitaldi horretarako sarrerak 15 euroan salduko dira Bilborock-en eta Power Records disko ta komiki dendan (Villarias kalea, 4, Kapitol Zine Aretoen ondoan). Sarrerea dobakoa izango da Kultura 18 txartela dabenentzako.

Flamenko Topaketen helburu nagusia gure uriko biztanleei musika genero horren erritmo biziak eta energiaz betetakoak hurreratzea da. Flamenkoaren ezaugarri nagusietakoa mota guztietako kultur eraginak bereganatzeko dauen gaitasun handia da. Euskadin eskola asko eta flamenko barruko diziplinen jarraitzaile asko dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu