Euskal folkaz, kirolaz eta gastronomiaz gozetako egitarau ederra, Bilboko Aste Nagusian

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-08-11 15:49   kulturbiz

Euskal Herriko folkak, kirolak eta gastronomiak leku berezia izango dabe aurten be Bilboko Aste Nagusian. Ehun ekitalditik gora antolatu ditue. Jaietako Saileko Itziar Urtasunek prentsaurrekoan nabarmendu dauenez, Bilboko Aste Nagusia gure folklore eta kirolaren erakusleiho garrantzitsuenekoa izango da aurten bere.

Euskal Herriko folkak, kirolak eta gastronomiak leku berezia izango dabe aurten be Bilboko Aste Nagusian. Ehun ekitalditik gora antolatu dira. Jaietako Saileko Itziar Urtasunek prentsaurrekoan nabarmendu dauenez, Bilboko Aste Nagusia gure folklore eta kirolaren erakusleiho garrantzitsuenekoa izango da aurten bere.

Egitarau zabalean, Urtasunek Guante Laxoa izeneko pelota modalidadearen erakustaldia azpimarratu dau. Berau da ezagutzen dan modalidaderik zaharrena. Benetan be gauza berezia izango da, duda barik, ganeratu dau Urtasunek. Guante Laxoa zer dan eta zelan jokatzen dan erakusteaz gan, ikastaro txiki bat be eskainiko dabe. Hitzordua abuztuaren 24an izango da, 12:00etan, Plaza Barrian.

Aurten, Jai Alairen eskutik, pelota tailerrak egongo dira hilaren 22an, 23an eta 24an Esperantza frontoian, 18:00etan. Edonork parte hartu leike. Lau modalidade landuko ditue: eskua, palea, xarea eta zestea. Zesta Punta Profesional Ligeak hitzordua eukiko dau abuztuaren 25 eta 26an, 20:00tan, Rekalde Zumardiko kiroldegian. Sarrerak, kopatxua eta pintxoa, 8 euroan salduko ditue.

Goizetako gastronomia lehiaketakaz batera, Arenalean eta Zazpi Kaleetan euskal folklorea eta kulturea izango dira protagonista, hainbat ekitaldiren bitartez. Bertsolariek Santiago plazan abestuko dabe, eta aurten be izen ezagun-ezagunak topauko doguz egitarauan: Maialen Lujanbio, Iratxe Ibarra, Amaia Agirre, Igor Elortza, Andoni Egaña, Sustrai Colina, Xabier Silveira, Unai Iturriaga, Peñagarikano, Arkaitz Estiballes, Jon Maia eta abar.

Plaza Barrian be eskaintza ederra egongo da egunero, 19:00etatik aurrera: txistulariak, euskal jantzak, bertoko instrumentuen erakusketea eta erromeriak. Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren koordinazinopean, Goi-Alde (Erandio), Zerutxu (Markina), Beti Jai Alai (Basurtu), Gaztedi (Santutxu), Salbatzaile (Castaños), Alkartasuna (Bermeo), Urdaibai (Forua) eta Mikel Deuna (Iurreta) jantza-taldeak hurreratuko dira.

Abuztuaren 28an, 12:30ean, Arenalean, Erraldoi eta Buruhandien XXII konzentrazinoa antolatu dabe Ondalan (Deustu), Bermiotarrak (Bermeo), Agurra (Getxo), Irrintzi (Donostia), Sanduzelai (Iruñea) eta Sukila (Kanbo) taldeek. Lehentxuago kalejirea egingo dabe. Euskal Museoan (Unamuno plazan) erraldoien erakusketa ederra egongo da, hilaren 28ra arte, 14:00etatik 19:00etara. Sarrera dobakoa da.

Bestelako jarduera batzuen barri be emon dabe prentsaurrekoan, Barrainkuako kultur etxean, esaterako, hilaren 31ra arte Aste Nagusiko kartel aurrefinalistak egongo dira ikusgai, 8:30etik 14:00etara. Munduko Artisauen Azokea barriro be Arenalean ipiniko dabe, abuztuaren 20tik 28ra, 11:00etatik goizaldeko 2:30ra. Eta, Bizkaiko Arrantza Federazinoak arrantza tailerra atonduko dau, abuztuaren 21etik 28ra, Arenalean.

Bilboko Aste Nagusiaren ganeko zehaztasun eta argibide guzti-guztiak www.bilbaofestak.com gunean dagoz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu