hóPLAY Bideo-jokoen Nazinoarteko II. Lehiaketan parte hartuko daben 26 lanak aukeratu ditue
2011-08-03 12:00 kulturbizBilboko Alondigeak hóPLAY Bideo-jokoen Nazinoarteko II. Lehiaketan lehiatuko diran 26 bideo-jokoak aukeratu barri ditu. Danetara, 46 aurkeztu ziran lehiaketara, eta horreetatik lanik originalenak, sortzaileenak eta barritzaileenak izan ditu kontuan epaimahaiak finalisten zerrendea egiteko.
Bilboko Alondigeak hóPLAY Bideo-jokoen Nazinoarteko II. Lehiaketan lehiatuko diran 26 bideo-jokoak aukeratu barri ditu. Danetara, 46 aurkeztu ziran lehiaketara, eta horreetatik lanik originalenak, sortzaileenak eta barritzaileenak izan ditu kontuan epaimahaiak finalisten zerrendea egiteko.
Aukeratutako bideo-jokoen artean, hamabost bertokoak dira, sei estadukoak, eta beste bostak nazinoartekoak (Italia, Suedia, India, Argentina eta Kolonbia). Lanak aukeratu dituan epaimahaia sektoreko profesionalek (egile, banatzaile, editore eta jolkalariak) osotu dabe, eta talde berak erabagiko ditu irabazleak be.
Lehiaketeak sei kategoria ditu, eta danetan dagoz sariak. Kategoria bakotxak irabazle bakarra izango dau, eta 6.000 euroko diru-saria jasoko dau. Ondokoak dira aitatutako kategoriak: Jatorrizko ideiarik onena, Diseinu sortzailerik onena, Soinu edo musikarik onena, Jokatzeko aukerarik onena emoten dauen bideo-jokoa, Publikoaren sari berezia eta Euskadin egindako bideo-jokorik onena.
HóPLAY Bideo-jokoen Nazinoarteko II. Jaialdia irailaren 2tik 18ra bitartean egingo da, Bilboko Alondigan. Jaialdia bideo-jokoen mundura hurreratzeko aukera ederra da, izan be bertan joko elektronikoen eta arte interaktiboaren arlo kulturala, soziala, teknologikoa eta industriala erakutsiko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!