Bittor Kapanaga Elorza euskaltzale otxandiarra hil da

Bizkaie! 2011-07-15 12:26   kulturbiz
Goian Bego

Euskerearen eta euskal mitologiaren ikertzailea bart hil da 85 urtegaz. Hileta eleizkizuna gaur, garagarrilak 15, egingo da Otxandioko Santa Marina parrokian.

Euskerearen eta euskal mitologiaren ikertzailea bart hil da 85 urtegaz. Hileta eleizkizuna gaur, garagarrilak 15, egingo da Otxandioko Santa Marina parrokian.

1925. urtean jaio zan Otxandion. Gerediaga Alkarteko kide izan da ia sortu zanetik eta zuzendaritzako kide urte askotan. Gerediagak antolatutako ekitaldi askoren sustatzailea izan da eta 1997an Gerediaga Alkarteak herri ohiturak batzen, herri kulturgintzea sustatzen eta euskerearen alde egindako lana eskertzeko Argizaiola saria emon eutson Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan.


Hona hemen Euskal Idazleen Elkarteko webgunean jasotako biografia laburra:

Autodidakta izan zan. Euskal kontzientziaz hamairu urtegaz jaubetu zan. Eibarrera joan zan industria-maisu ikasketak egitera 1953an inguruan, Eibarko gerraosteko euskal mobimentua sortu eban beste zenbait euskaltzalegaz batera.

1953an Euzko Gogoan ekin eutson idazteari eta geroago etorriko ziran Zeruko Argia, Jakin, Txistulari, Karmel eta Anaitasuna aldizkarietarako idatzi zituan kolaborazinoak.

1978an Euskera erro eta gara argitaratu eban, euskerearen jatorriaren gaineko ikerketea. Santi Onaindiaren hitzetan: Bitxia da ikerlan au, egilleak berak dioskunez, «hesparru laiñotsua», gai jakingarri askoz edertua. Berau irakurriz edozeiñi ere irudimena arro-azten zaio igarri gabe, eta euskeraganako apeta sortu, erro ta gara funtsez ikasteko gogo bizia jalgi-eraziz. Zentzunez eta sakonki buruturiko lana, ezpairik gabe. Ba'liteke berton datozten zer bitxi batzuk egi-antxe besterik ez izatea, baiña or dugu lan eroapentsu ori. Euskal literatura VI (Etor, 1990).

Olentzaro (berba hau berreskuratzeko burrukan ibili da sutsu bere idazkietan) argitaletxean emon ditu argitara ganerako lan guztiak, besteak beste, Badator olentzaro, Olentzaro: sua hilda, Olentzaroren aurpegiak, Olentzaroren lagunak eta 1995eko Oxinondoko gertaerak.

1978 Euskara, erro eta gara | Egilea editore
1995 Olentzaroren lagunak | Olentzaro
1995 Oxinondoko gertaerak | Olentzaro
1995 Badator olentzaro | Olentzaro
1995 Olentzaro: sua hilda | Olentzaro
1995 Olentzaroren aurpegiak | Olentzaro


Bittor Kapanaga, 'Bittor Otxandiokoa', Mogelen eta Maisu Juanen Basarteko unibersidadeko erretorea isildu jaku

Sorrera garaietako gerediagatarra.
Lurrari eta herriari lotutako gizona.
Otxandioarra.
Euskeraren gudaria.
Baserriaren aitzindaria.
Gizakiaren iragana eta etorkizunaren arakatzailea.
Pentsalari sakona… hizlari amorratua.
Olerkaria fina 'Araban bagare..'
Anbotoko Mariren diszipulua… Olentzaroren ikaslea.
Euskalduna,
Herritarra,
Durangerriko seme bikaina.
Gizon aparta.

Baliteke ekintza handirik burutu bakoa baina egunero sortutako harribitxiakaz eregitako altxor preziatuaren autorea.

Bittor mila esker emon deuskuzun guztiagaitik

Jon Irazabal Agirre

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu