Bilboko Udalak XXIX. Gabriel Aresti ipuin saria deitu dau

Bizkaie! 2011-07-13 12:19   kulturbiz

Ipuinak Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailean aurkeztu beharko dira, edo bestela posta arruntez edo udal webgunearen bitartez bialdu beharko dira urriaren 28a baino lehen. Lehiaketearen oinarriak Bilboko Udaleko webgunean konsultau ahal izango dira.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketearen XXIX. edizinoa deitu dau. Lehiaketeak 12.000 euro baino gehiago banatuko ditu sarietan, izan be, modalidade bakotxean –euskeraz eta gaztelaniaz- lehenengo saria eta akzesita banatuko ditu, eta bakotxak 4.100 eta 2.050 euro jasoko ditu, hurranez hurran.

Orain ia hiru hamarkada martxan jarritako ekimen horren bitartez, Kultura eta Hezkuntza Sailak, literatur sorkuntzea sustatu eta, aldi berean, euskal hizkuntzeak emon dauen idazle garrantzitsuenetako baten irudia eta lana ezagutarazo nahi ditu. Gabriel Arestik (Bilbo, 1933 – 1975) olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia landu zituan, eta, horrezaz gan, literatura unibersaleko zenbait lan itzuli zituan euskerara eta Euskaltzaindian egin eban lanaren bitartez, euskal hizkuntza modernoaren oinarriak sendotzen lagundu eban. Idatzi zituan lan ezagunenak Harri eta herri (1964), Euskal harria (1968) eta Harrizko herri hau (1971) olerki liburuak dira.

Lehiaketea edozein nazionalidadeko idazleei zabalik dago, baina aurkezten diran lanen jatorrizko hizkuntzea Euskadiko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bat izan beharko da, izan be, ez da itzulpenik onartuko. Ipuinen gaia librea izango da, eta ipuinak jatorrizkoak, argitaratu bakoak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso bakoak izan beharko dira. Gehienez be hamabost orrialde izango ditue, espazio bikotxean, eta alde bakarretik idatziak.

Aurreko edizinoetan legez, modalidade bakotxak bere epaimahaia izango dau. Epaimahaia literatur munduko persona ezagunek osotuko dabe. Ipuinak Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailean aurkeztu beharko dira, edo bestela posta arruntez edo udal webgunearen bitartez bialdu beharko dira urriaren 28a baino lehen. Lehiaketearen oinarriak Bilboko Udaleko webgunean konsultau ahal izango dira.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketearen aurreko edizinoan, Laura Massolo idazle argentinarrak lehen saria irabazi eban gaztelaniazko kategorian, Corazón cocido kontakizunari esker. Euskeraz idatzitako ipuinen artean, irabazlea Iñaki Basterretxearen Iraultza gaueko erreleboan izan zan. Lehiaketara 1.314 jatorrizko lan aurkeztu ziran, 67 euskeraz eta 1.247 gaztelaniaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu