Otxandioko jakintsua
2011-07-18 11:20 kulturbizItzaldu da argia, berbea ixildu da, hizkuntzea goibeldu eta izakia abaildu da. Izarrek eta ilargiak izetuko deuskue gaua eta eguzkiak eguna. Jaiotzeak heriotzea dau zor baina bizitzeak heriotzearen gainetik iraunen dau. Bittor Kapanaga Otxandioar jakintsuak agur esan deusku.
Itzaldu da argia, berbea ixildu da, hizkuntzea goibeldu eta izakia abaildu da. Izarrek eta ilargiak izetuko deuskue gaua eta eguzkiak eguna. Jaiotzeak heriotzea dau zor baina bizitzeak heriotzearen gainetik iraunen dau. Bittor Kapanaga Otxandioar jakintsuak agur esan deusku. Aspaldian ebilen gorputza makal baina beti be burua argi. Teilak zahar baina itoginik ez esaten eustan berak. Bittorri euskereak asko deutso zor, eta euskaltzaleok be asko deutsagu zor berari.
Gaur umezurtz gagoz euskaldunok, euskera eta euskal senaren kontuetan maixu eta erreferente izan dogulako Bittor. Euskerearen jenioa barru-barruan eukan Bittorrek. Izatasuna, egintza eta getasuna adierazoten deuskuezan erroak aztertu eta ikertu euskuzan zentzu guztietan eta ikuspegi zabalenean: Itza, izena, izana, izakia, izitu, izadia, izarra, haitza, zugaitza, izkia, izotza, iguzkia, noiza… / Argi, arratz,, arrats, artizar, arge…/ Ur, elur, uri, uber, ugar, uhin…'
Bittorrek aspaldi galdu eban bizipoza, nahiz eta esperantzea, ariman sartzen jakun eta gelditu barik kantuan jabilkun lumadun txoriaren antzekoa dogun. Asko esan eta azaldu euskun bere ahozko hitzetan Bittorrek, baina Sokrates filosofoaren antzera, idatzi ez eban askorik egin, halan da be idatzitakoa ona eta sakona. Eskola ona itxi deusku Basarteko unibersidadeko jakintsuak; holaxe esaten eutson Xabier Kintana euskaltzainak. Oraintsu esan eustan X. Kintanak Kapanagaren sorkuntzeak eta ikerkuntzeak berba garrantzitsuak emon eutsozala gure hizkuntzeari.
Gogoan dogu, alfabetatze eta euskera berpizte eta modernizatze garaietan, debelopamendu berbea, barra-barra erabilten genduala, eta hara! gure Bittorrek esan euskun berba baliogarria eta esanguratsua, Garapena, berari otu jakon modurik logikoenean garatuz. Bittor euskera kontuetan jantzia eta jakintsua genduan eta euskerearen logikotasunaz berba egiten euskun beti be. Euskerari status ona emon behar deutsagu esaten euskun. Euskereak, gure aurreko milaka mendeen bizitzea eta pentsakerea adierazoteko baliorik handiena dauela inoan.
Eta, zer da bizitzaren esanahia Bittor? batetik, heriotzeak zor deuskun izate sakratua baita. Bestetik, misterio handi bat, eta gure helburua eta jakinmina, misterioak deskubriduten jardutea da. Zelan? Garena eta doguna erabiliz. Garena, norberaren ezagupena izan, barruak arakatu eta modurik onenean adierazoz geu eta ingurua be jantzi. Doguna, erabilteko gailuak geureak eginik, geuretzat hartuz, hedatuz eta besteei sentiarazoz. Eta gure baliorik handiena, altxor metarik gozoena, antxina bateko zientzia eta pentsakerearen grial santua, euskerea dogududa barik. Gauza asko eta asko dira oraindino be deskubridu ez diranak, euskerearen balioaz eta erabileraz, bere sustarretara joanaz, desestali geinkezanak. Misterioak erakarten gaitu eta misterioaren bueltan gabilz euskereagaz.
Aspaldikoa da Bittorren Erro ete Gara liburu esanguratsua. Sustraietan, sakonean murgilduz eta arakatuz, bertatixek lore eta fruturik gozoenak atara asmoz idatzi ebana. Lurrari lotua egoan Otxan/Oihan handiko jakintsua. Lurrak emoten eutson jakituria. Lurretik hartzen eban biziteko arnasa. Berak mentatutako ehun bat sagar mota eukazan garai baten bere baratzean. Zuhaitzen jakituria eta nahia eukan Bittorrek, kimu onak sortzeko eta frutu onak hartzeko lurra lantzearen eta zuhaitza inaustearen eta zaintzearen grina eukan bere barruan. Bittor, berez erneko arbola genduan. Holako gizasemerik nekez jaioko' horixe baietz!. Izatazun sakona eukan Bittorrek eta arlo askotan izandako aintzindari edo bide-erakuslearena nabarmenduko neuke dinost Jose Luis Lizundiak.
Nik lurra hartu neban eta emoten itxi gura dot. Lurrak iruntsiko dau orain, eta geroan, bere ondorengook airean erabiliko dogu Bittorren jakituria eta gure barruan dogun jakinmina. Zenbat eta jakintsuago, lurrerago eta umilago, Aita Jose Migel Barandiarani amak emondako ikasgaia ez eban inoiz ahaztuko Ataundarra hainbeste miresten eban Bittorrek. Bittorren ustetan, lurrari lotuta dago gure hizkuntzea, lurraren bizitasunari zehaztapena emoten deutso euskereak. Duda barik, hizkuntzearen arauketan maixua zan. Eta bere eretxiz lurra gu barik izango da, baina berbea gu barik ez da izango.
Arangio tristetu da gaur Bittor, baina aran goietan izango zaitugu geuri arnasa emon nahirik. Aran behe hareetan sortu genduan hain entzutetsu bihurtu genduan Bagare kantua, gogoan dozu Bittor? Behe-suaren garretan, su horren beroaz eta pozaz. Zeure barren barrenetik sortutako ha, aireratu genduan esperantzazko kantua bihurtuz. Eta halaxe, herri baten nahia, herri baten gogoa, berbaz eta kantuz jarri eta aldarrikatu genduan.
Sua ez da amatau Bittor, alderantziz, sua inoiz baino biziago dogu. Euskal arimearen sua Amaren Sua garretan jabilku aintzinak eta geroak argitzeko gogotan. Garai baten, amak gobernetan eban etxea eta aitak haziendea jagoten eban, eta urte honeetan zeure esanetan, amaren suaz barik, aitaren indarraz ibili izan gara. Pako Aristik esango leuken legez, irabazi beharraren galeran. Bakotxa garena gara eta ni amaren semea naz inoskun Bittorrek. Inteligentzia, patzientziaren ama zala adierazoten euskun.
Zuk zeuk, hor goiko Arangio gaineko zeruetatik isuri egiguzu adorea eta kemena, haizeak eroan daian zure nahia euskal herrietara, zure sua sartu daigun euskal etxeetan. Guk bultza egingo dogu, sena biztuko dogu, eta geroak be jakin izango dau, hor Oihandion edo Otxandidxon, bazala behin gizon jakintsu bat, apala eta misteriotsua, misterioa bilatzen eta argitzen ebilena. Misterioari uko egiten dionak, bizitzari egiten dio uko.
Bibliako esaera misteriotsuak dinoan legez:
Hasieran itza ba-zan,
eta itza Jainkoa zan,
harengan bizitza egoan
eta bizitza argia(iza) zan.
Zeuk oraintsu esana da Bittor: argituko da eta gauzak hoberantz joango dira Euskal Herrian. Badogu zeri ekin Bittor, Sokratesen ondorengoak eskolea sortu eben antzera, sortuko dira hemen be sortu, zeure teoriez, euskal sena munduratuko dabenak. Esperantza honi lotu behar gatxakoz derrigorrez.
Aspaldi bateko pentsakerearen euskal senari lotua egon izan dan arketipoa genduan Bittor. Garai bateko ezagupen handi baten kate mailea jarraitu ebana. Euskerearen erraietan eta izatasunean murgildu zana eta berben esanahiak maixutasunez irakatsi euskuzana. Itsu dagozanak izartuko ete dire Bittor?
Orain, garagarrilaren hamalaugarren egun honetan joan jaku baina beti be hurrean izango dogu, zeren, berak bordatutako izara, guk haizetan astintzeko ereduak emon eta gure sua izetzeko hauspoa eta txingarrak itxi deuskuz joanean. Zeuk esandakoagaz gogoratuko zaitugu Bittor, … Herri bat dogu osotzen eta gure zabarkeriz ez daigun itxi ondatzen… Bagare Bittor, agur eta ohore.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!