Miriam Luki kazetariak euskal kultureari buruzko gogoetea plazaratu dau 'Euslandia' liburuan

Bizkaie! 2011-06-24 15:29   kulturbiz

Euslandia liburua kaleratu barri dau Miriam Luki kazetariak, Mondragon Unibersidadeko Euskal Kulturgintzaren Transmisoa graduondokoan jasotako gogoetakaz osotuta. Ikastaroan landutako poema, komiki, abesti, transkripzino eta beste hainbat elementugaz atondu dau gipuzkoarrak liburua

Euslandia liburua kaleratu barri dau Miriam Luki kazetariak, Mondragon Unibersidadeko Euskal Kulturgintzaren Transmisoa graduondokoan jasotako gogoetakaz osotuta. Ikastaroan landutako poema, komiki, abesti, transkripzino eta beste hainbat elementugaz atondu dau gipuzkoarrak liburua. Euslandiaren azala diseinua eta irudiak Concetta Probanzak egin ditu.

2009an egin eban Lukik Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa. Orduan sortutako pentsamenduak, ikuspuntuak eta eritxiak jaso ditu, kronikaren itxura emonez. Euskal kulturaren inguruko itaun ugari egiten ditu Urretxuko kazetariak: zer da euskal? zer dinogu gutaz berba egiten dogunean? zer da euskal identidadea? Euskal kulturearen diskurtsoak daukaz gogoetagai, esaterako, zergaitik esaten deutsagun euskereari hizkuntza gutxitu.

Ikastaroan entzundakoak dira liburuko kapituluen abiapuntua, eta horreei beste egile batzuek esandakoa gehitzen deutse Lukik. Makina bat idazle, artista eta pentsalariren ideiak batu ditu: Koldo Zuazo, Jorge Oteiza, Imanol Galfarsoro, Herbert Marcuse, Maialen Lujanbio, Enesto Laclaura, Slavoj Zizek eta Gabriel Aresti, besteak beste. Euskal Herriko zein kanpoko egileek esandakoak erabili ditu Lukik, lokala eta unibersalaren arteko zubia eregi guran.

Lanku argitaletxeak eta Mondragon Unibersidadeak alkarregaz kaleratu dabe Euslandia. Liburua salgai dago www.lanku.com guneko denda digitalean, edo ohiko liburudendetan, 18 euroan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu