Musikazale eta antzerkizaleentzako hamaikatxu hitzordu, Elorrioko Musikaire jaialdian

Bizkaie! 2011-06-22 15:23   kulturbiz

Aurten be, musikea eta antzerkia dakarz Elorriora Musikaire jaialdiak. Garagarrilaren 1ean hasi, eta hilaren 23ra arte, hamabi emonaldi atondu ditu Arriola kultur aretoak. Soul Teller bikotearen (Miguel Angel Julián eta Lorenzo Moya) soul doinuek hasiko dabe aurtongo egitaraua.

Aurten be, musikea eta antzerkia dakarz Elorriora Musikaire jaialdiak. Garagarrilaren 1ean hasi, eta hilaren 23ra arte, hamabi emonaldi atondu ditu Arriola kultur aretoak. Elorrioko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, BBK Fundazinoa, Eroski Fundazinoa eta Betsaide enpresea laguntzaile izan ditu Arriolak.

Soul Teller bikotearen (Miguel Angel Julián eta Lorenzo Moya) soul doinuek hasiko dabe aurtongo Musikaire udako jaialdia, garagarrilaren 1ean, 22:30an, Tola jauregian. Soul berbeak arimea esan gura dau ingelesez, eta bikote honek hori berori eskaintzen dau, pasino handiz ganera. Madrilekoak dira, baina Londonen bizi dira. 60 eta 70 hamarkadetako soul talde handien doinuak ekarriko ditue Elorriora.

Garagarrilaren 2an, Ara Malikian & Fernando Egozcue Quinteto taldeak tango klasikoa eskainiko dau; eta, hilaren 3an, Markeliñe antzerki taldeak Anomalía magnética lan barria antzeztuko dau.

Garagarrileko bigarren astea Niño Costrini umorista eta malabarista argentinar ezagunak hasiko dau, astelehenean. Barikuan, hilaren 8an, Joseba Tapiak Bigarren Gerra Karlista ardatz hartuta, karlisten eta liberalen doinu historikoak joko ditu; zapatuan, Diego Cortések musika flamenkoa eroango dau Argiñetara; eta, domekan, Oreka TX, Amaren Alabak eta Kukai jantza taldeak Hostoak ikuskizuna aurkeztuko dabe plazan.

Hurrengo astegoienean, barikuz, Pelmanec konpainiak Don Juan memoria de mi txotxongilo emonaldia eskainiko dau; zapatuz, Morfeo Teatrok El sombrero de tres picos eszenaratuko dau; eta, domekan, Circus Tanziak Frágil izeneko piezea egingo dau.

Garagarrilaren 22an, barikua, Etiopiako Mulatu Astatke pianista eta bibrafono-jotzaileak afrikar sustraiak jazzagaz eta musika latinoagaz nahastauko ditu, Elorriko plazan. Domekan, hilaren 23am, Amsterdam Klezmer Band taldeak itxiko dau 2011ko Muskaire. Klezmer musikea Balkanetako erritmoakaz batzen dabe, modu dibertigarri eta freskoan.

Ekitaldi asko kanpoan programau dira, baina euria egin ezkero Arriolan egingo dirala jakinarazo dabe antolatzaileek.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu