VII. Tene Mujika Bekan lanak aurkezteko epea zabalik dago
2011-06-20 14:52 kulturbizGure herriaren azken 70-60 urteetan izandako persona, talde, jazoera edo mobimenturen bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez daitekez (berbarako: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, alkarrizketak, ikerketak...); lanak jatorrizkoa eta euskeraz sortua izan beharko dau, aurrez argitaratu nahiz saritu bakoa.
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko hurreko historia ezagutza zabaltzeko eta gure literaturea aberasteko asmoz, VII. Tene Mujika bekea abiarazo dabe, 6.000 euroko diru-laguntzinoa emongo dauena. Gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako persona, talde, jazoera edo mobimenturen bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez daitekez (berbarako: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, alkarrizketak, ikerketak...); lanak jatorrizkoa eta euskeraz sortua izan beharko dau, aurrez argitaratu nahiz saritu bakoa.
Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez be kontuan: testuaren beraren kalidadea eta gaiaren interesa. Ez da fikzinorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak holan nahiko baleu; dibulgazino-lanak bezela egin leitekez ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.
Parte-hartzaile bakotxak ondorengoak aurkeztu beharko ditu, lau aldakitan: batetik, idazlearen curriculum laburra, orri batean, argitara emondako lanak aitatuz, baita hartu-emonetan jarteko helbide eta bestelakoak be. Bestetik, idatzi nahi dauen lanaren azalpena, 3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki eretxitako ezaugarriak zehaztuz, besteak beste, gaia, egiturea, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzerea, estiloa...; azken buruan, idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa.
Proiektuak, 2011ko abenduaren 1era arte bialdu daitekez helbide honetara: Tene Mujika Beka, Debako Udaletxea - 20820 Deba.
Lorea Agirrek, Alberto Barandiaranek eta Elixabete Garmendiak osotutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta euren arteko bat izentauko dau irabazle 2012ko urtarrila amaitu baino lehen. Aurkeztutako lanek behar ainako kalidaderik ez dabela eretxi ezkero, bekea emon barik itxi leikie epaimahaikoek.
Bekako diru-kopuruaren erdia, izentau bezain laster jasoko dau irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregau eta epaimahaikoek onespena emondakoan, lehen erdia jasoten dauenetik urtebetera hain zuzen be.
Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango dau gehienez, idazlan amaitua antolatzaileei helarazoteko. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango baleu, epaimahaikoei jakinarazo beharko deutse aldaketaren barri eta eurne onespena jaso beharko dau.
Idazleak bere lana entregauko ez baleu, edo idazlan horren izaera eta kalidadea, epaimahaikoen eretxiz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko dau jasotako dirua.
Diru-laguntzinoa jasotako idazlanaren jaubetza, egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezin izango dau beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez ondotik, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko dau idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan pagauko deutsoz egileari. Epaimahaikoek onespena emoten dabenetik sei hilebeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekearen aitamena egingo da nahitaez.
Beka-deialdi honetan parte hartzeak, bertako oinarriak ontzat emotea dakar. Horreen ulermenean zalantzarik balego, epaimahaikoei jagoke erabagitea, eta, epaimahaikoek egin ezean, antolatzaileek erabagiko dabe.
Tene bekak izandako irabazleak
- I. deialdian, 2005ean, Ramon Olasagasti izan zan irabazlea, eta sariaren laguntzaz idatzi eban Mendiminez liburua (goi mendietan hildako euskal mendizaleen kronika eta biografia, 2007an kaleratu zana).
- II. urtean hutsik geratu zan saria epaimahaiaren erabagiz.
- III.a, Alberto Barandiaranek eskuratu eban 2007an, eta 2009an kaleratu zan haren emaitzea: Postkronikak izeneko liburua (lehendik landutako zenbait erreportajeri bigarren buelta bat edo bigarren aukerea emonez, itxi ezin dan ate bat edo itxi ezin dan zauri bat legez).
- IV. urtean Imanol Murua Uria kazetaria subertau zan irabazle, eta 2010ean kaleratu zan haren lana: Loiolako hegiak (EAJ, PSE eta Batasunaren artean izandako alkarrizketa eta negoziazinoen historia).
- V. urteko sariduna Mikel Garzia kazetaria izan zan, eta aurten plazaratu da harek egindako liburua: Zeluloidezko begiradak, Euskal Herriko 13 zinemagilegaz egindako alkarrizketa-liburua.
- VI. urtean, aurkeztutako lanen kalidadea dala-eta, epaimahaiaren eskariz Debako Udalak bikoiztu egin eban saria, eta bi dira preparetan dagozan lanak. Batetik, Pako Aristik eta Mikel Markezek Plazer bat izan duk, Benito idatziko dabe, Benito Lertxundigaz izandako barriketaldi luzeen emoitzea; bestetik, Ainara Gorostitzu kazetari ataundarra Etorki(zu)nak lantzen dago, gurera heldutako hainbat immigranteren lekukotasunak batzen dituana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!