'Kulturaz Blai' programeak zenbait jarduera eroango ditu bihartik aurrera Basurtu – Zorrotza barrutira
2011-06-01 15:14 jardunaldiakEgitaraua bagilaren 25era arte luzatuko da, eta mota guztietako ikus-entzuleei zuzendutako jarduerak jasoko ditu, kaleko musika banden emonaldiak, kaleko antzerkia, zirkua, kontzertuak, erromeria herrikoiak eta arte eta musika tailerrak, besteak beste.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Kulturaz Blai programea jarri dau martxan beste urte batez. Programearen barruan, kaleko zenbait kultur proposamen eta ikuskizun eskainiko dira Zorrotza, Basurtu, Altamira, Olabeaga eta Masustegi auzoak hartzen dituan 8. Barrutian.
Egitaraua bagilaren 25era arte luzatuko da, eta mota guztietako ikus-entzuleei zuzendutako jarduerak jasoko ditu, kaleko musika banden emonaldiak, kaleko antzerkia, zirkua, kontzertuak, erromeria herrikoiak eta arte eta musika tailerrak, besteak beste. Horrezaz gan, bagilaren 15ean eta 16an, Kultura eta Hezkuntza Sailak preparau dauen Basurtu auzoa, ate zabalik izeneko bideoa aurkeztuko da, Ondarearen hedapenerako Bilbao Izan programearen barruan (Basurtuko Udaltegian, 18:30ean, 19:15ean eta 20:00etan).
Jarduerak bihar, hilak 2, hasiko dira, arratsaldeko 18:30ean, Altamira auzoan, kultura anitzeko Amaru taldeak eskainiko dauen kalejireagaz. Barikuan, arratsaldeko 19:00etan, Basurtuko Aita Donostia plazan, kaleko antzerkiaren txandea izango da, eta Bapatean Zirko konpainiak Taberna ikuskizuna eskainiko dau. Ikuskizunak berbarik bako emonaldia eskainiko dau, swing eta jazz erritmoak eta personaia bitxiak erabiliz.
Egitarauari bagilaren 10ean berrekingo jako Basurtun, beste kaleko antzerki emonaldi bategaz, Trapu Zaharra talde euskaldunaren eskutik. Trapu Zaharrak Vuelta & vuelta ikuskizuna aurkeztuko dau. Kaleko arte eszenikoen alorrean, azpimarragarria da bagilaren 17an, gaueko 22:30etan, The wolves ikuskizuna aurkeztuko dauela Deabru Beltzak konpainia euskaldunak. Hamelingo xirularia lanean inspirautako fabulea da, neurri handiko txotxongilo artikulatuak eta efektu bereziak dituan gaueko ikuskizun ibiltaria.
Barrikuntza moduan, aurtengo Kulturaz Blai egitarauaren programazinoaren barruan, familia osoari zuzendutako zenbait artisautza tailer be eskainiko dira, Basurtu, Masustegi eta Olabeaga auzoetan. Tailer horreetan kometak egingo dira, Andeetako musika tresnak eregi eta joko dira, EVA gomeari buruzko tailer bat egongo da eta paraxutista txikiak egiteko tailerra be eskainiko da. Horrezaz gan, txikienek San Joan gauaz be gozau ahal izango dabe, bagilaren 23an, eurei zuzendutako dantzaldiakaz, Basurtun, arratsaldeko 19:00etatik aurrera eta Altamirako pilotalekuan, arratsaldeko 18:30etatik aurrera.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!