13 artistak 25 egitasmo aurkeztu ditue Bilbo Zaharreko merkataritza lokalak graffitiz apaintzeko

Bizkaie! 2011-05-26 15:01   jardunaldiak

Epaimahaiak Sebastián Velascoren, Nuria Serranoren eta Alfonso Álvarezen zirriborroak aukeratu ditu, eta Alain Astolak aitamen berezia jaso dau.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Behera pertsianak lehiaketearen hirugarren deialdiaren egitasmo irabazleak ezagutzera emon ditu. Lehiaketa barritzaile hau Maiatzaren 2a Alkarteagaz alkarlanean antolatu da. Helburua ekimenean parte hartu nahi daben Bilbo Zaharreko saltokietako pertsianak graffiti artistikoakaz apaintzea da.

José Ramón Bañales Urkullu (Bada), Sergio García Bayón (Sey) eta Higinia Garay Zarate artistek eta SURBISAko, Hirigintza Birgaitzerako Udal Soziedadeko Gorka Olaldek osotutako epaimahaiak Sebastián Velascoren, Nuria Serranoren eta Alfonso Álvarezen zirriborroak aukeratu ditu, eta Alain Astolak aitamen berezia jaso dau, edizino honetan 13 artistak aurkeztu dituen 25 egitasmoen artean. Proposatutako diseinuek oso estilo eta teknika anitzak hartzen ditue, eta A Table jatetxeko (Maiatzaren bia, 16), Bullit Groove Club-eko (Maiatzaren bia, 3), Treko — Reciclado de Cartuchos-eko (Lamana, 2) eta AUX aldizkariaren kanpoaldea (Gorteak, 8) apainduko ditue.

Euren arte graffitiak egiteko orduan, artistek aurkeztutako zirriborroak jarraitu beharko ditue, orokorrean, eta bertako biztanleek graffiti egileen lana zuzenean jarraitu ahal izango dabe bagilaren 1etik aurrera. Azkenik, bagilaren 3an, lau lan irabazleak bisitauko dira, eta artistek euren lanak sinatuko ditue, jai herrikoi baten barruan (21:00etan).

Kultur proposamen berezi honek hainbat helburu ditu: kaleko artisten lanari duintasuna emotea, izan be, euren lana gero eta leku handiagoa dago hartzen beste espazio batzuetan; Bilbo Zaharra auzoari, bertako birgaitze prozesuan eragina izango dauen irudi modernoa eta deigarria eskaintzea; eta, aldi berean, merkatariei parte hartzeko eta auzoko biztanleei, zuzenean ikustea erraza ez dan artelan bat egiteko prozesuaz gozetako aukerea eskaintzea.


2010eko edizinoa

Azken edizinoan honako artista honeen proiektuak aukeratu ziran: Alain Astola García, Confecciones El Paraíso (San Frantzisko, 44) saltokirako egin eban proposamenagaitik, Imanol Aizpuru, Alpargatas Zapatillas Layana (San Frantzisko, 8) saltokirako egindako diseinuagaitik eta Juan Pablo Ordúñez, Taller del SOHOrako (Maiatzaren 2a, 4) egin eban proposamenagaitik. Lan horreek guztiak saltoki horreetako pertsianatan ikus daiteke gaur egun.

INFO +: http://www.kalezkale.com

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu