Bilbaoeszenak ikerketa eta sorkuntza eszenikoko bost egitasmo aukeratu ditu

Bizkaie! 2011-05-25 15:46   kulturbiz

Taldean aurkeztutako hiru proposamen eta banaka aurkeztutako bi dira. Jantzeak presentzia handia dauka, eta Bizkaitik, Madrildik, Sevillatik eta Nafarroatik etorritako artista gazteek bultzatutako proposamenak dira.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bilbaoeszenaren, Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroaren bitartez, sorkuntza artistikoa bultzatzeko Artistak Egoitzan programearen hirugarren edizinoan parte hartzeko aukeratu diran bost egitasmoak ezagutarazo ditu. Taldean aurkeztutako hiru proposamen eta banaka aurkeztutako bi dira. Jantzeak presentzia handia dauka, eta Bizkaitik, Madrildik, Sevillatik eta Nafarroatik etorritako artista gazteek bultzatutako proposamenak dira.

Aukeratutako proiektu bakotxak 4.000 euro jasoko ditu, eta, ondoren, BilbaoEszenak lekua eta laguntza teknikoa eskainiko deutso, bere sorkuntza proiektua edo ikerketa eszenikoa aurrera eroan ahal izateko. Horrezaz gan, sorkuntza prozesua ikusleen eta sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukerea izango dabe, urriaren 28tik zemendiaren 6ra bitartean egingo dan Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren, BAD-ren hurrengo edizinoaren barruan.

Bilbaoeszenaren Artistak Egoitzan programearen helburu nagusia artistei eta artista taldeei laguntzea da, arlo eszenikoetan sorkuntza edo ikerketa prozesuak garatzeko baliabideak eskainiz (ekonomikoak, teknikoak, prestakuntzakoak edo laguntzakoak, etab.).

Kontuak kontu, danetara, Kultura eta Hezkuntza Sailak 80 eskari jaso ditu, igaz jasotako 44ak ia bikoiztu egiten dituan kopurua. Guztien artetik, proposamenak aukeratzeko batzordeak, kanpoko adituen aholkularitzeagazn, honako honeek aukeratu ditu:

- Cancion Laverinto, Estela Lloves, Raquel Sánchez, Mónica Valenciano eta Sara Paniagua jantzari eta diziplina anitzeko artisten artean eratutako alkarlan eta trukaketa egitasmoa da. Jantzea eta antzerkia buztartzen dituan lana, hizkuntzan zentratzen da batez be, bere lege organikoen behaketan, bere formaren esparrua zalantzan jarriz, eta, horrezaz gan, gorputza, pentsetan dauen sentimena kanporatzen dauen tresna lez integretako zirkuitu barriak aztertzen ditu.

- La region. Eleonore Valerek eta Jorge Jauregik (Plentzia) Bruselan egiten dabe lan gehienetan, eta Bilbora heltzen dira errealidadeak kontrastetako eta bertako eszenako profesionalakaz lotura barriak ezartzeko asmoz. Ideia, bikote hartu-emonak sentimenetan oinarrituz landuko dituan pieza da, arrazoiari egin beharreko bidea marketako aukerarik emon barik. Hainbat hilebetez, zenbait urtez, alkarregaz bizi diran bi gorputz, ezinbestean arazo biologiko bati aurre egin behar deutsienak.

- I'm so excited, Roberto Martínez, jantzari eta koreografo errioxarraren, Sevillako MOPA jantza konpainia ezagunaren laguntzailearen eta Alberto Etxebarrietaren, Bilboko moda diseinatzailearen arteko ikerketa eta sorkuntza egitasmo baten barruan dago, jantzearen eta jantzien arteko loturan sakontzeko. Ikerketa honek, maila guztietan kitzikapena eta ahitzea sortzen dauen isla fisikoan sakondu nahi dau. Proposatzen dan sorkuntzea, jantzien presentzia handia eta artelanaren apainketea sortzeko orduan ehunen tratamendu zorrotza dauen bakarkako jantzea da.

- About Ana, Lisa Parra jantzari eta koreografo madrildarra buru dauen egitasmoa, banakotasunaren ideia eta arte eta genero jardunbideak lantzen dituan jantza lana da. Prozesua, artista bakotxak artearen inguruan dauen ikuspuntuaren zirriborroa egiten dauenean hasten da, bakotxak bere hizkuntzan, Internetek eskaintzen dauen espazio birtualaren bitartez.

- Laida Azkonaren eta Verónica Eguarasen MU-TO egitasmoa hibridoa da, eta hainbat diziplinez horniduten da. Gorputza eta arte eszenikoen ekintza iragankorra; arte plastikoen eta ikerketa teorikoaren ikuspegi estetikoa eta ikus-entzunezko azterketea. Jantzearen inguruko egitasmo lez gauzatzen da. Baina, era horizontalean, literaturako gidoi lez eratzen da, talde sorkuntzako autobiografia lez, sorkuntza prozesuaren bitakora koaderno, dokumental, ikus-poema eta mobiduten dan gorputzaren azterketa moduan. Egitasmo hori, jentaurreko zenbait erakusketaren bitartez gauzatzen da; beti be eraikuntza prozesuan dagoan performance nomada.

Epaimahaiaren aholkulariak honako honeek izan dira: Cristina Redondo Alonso, ARTIUM-eko jardueren arduraduna; Igor de Quadra, psikologian lizentziauta dagoan eta hezkuntzarako lan artistikoan dabilen gorputz-antzezlea; Filgi Claverie Luhusoko Kaleko Arte Eszenikoen Lantegiko zuzendaria eta Dantzaz euskal jantza konpainiaren zuzendari artistikoa eta Maral Kekejian, Artearen Historian lizentziatua eta Madrilgo La Casa Encendidako arte eszenikoen saileko arduraduna. Epaimahaiak, ekimen horreek aukeratzeko orduan, euren diziplina anitzeko izaerea, ikerketara egiten daben hurreraketa barritzailea eta eremu eszeniko barrien garapena izan ditu kontuan.

Laguntza horreen onuradunek, BilbaoEszenako eta Udalaren esku dagozan beste lokal batzuetako instalazinoak, azpiegiturak eta ekipamenduak erabili ahal izango ditue, bagiletik urrira, 35 egunez gehienez be (bakotxaren lanaren beharren arabera). Horrezaz gan, behar baldin badabe, laguntza teknikoa eta artistikoa be jasoko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu