Nafarroako IV. batBIRAlau kultur zirkuitua, Topagunearen eskutik
2011-05-19 11:54 jardunaldiakNafarroan kalidade handiko euskerazko kultur programazino koordinatua egiteko proposamena da batBIRAlau, aurten laugarrenez gauzatzen dana. Helburu nagusia Nafarroako herri eta eskualdeetako kultur dinamikea indartzea eta aberastea da, ikusleen bizi kalidadea hobetuz.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazinoak batBIRAlau, euskal kulturearen Nafarroako zirkuituaren laugarren edizinoa antolatu dau. Zirkuitua maiatzaren 21ean hasi eta bagilaren 12an amaituko da, eta formatu zein kalidade handiko lau ikuskizun eroango ditu Leitza, Etxarri Aranatz, Bera eta Agoitzera.
Federazioaren zein bere kide diran euskera alkarteen helburu nagusia euskerearen erabilerea sustatzea da. Horretarako, besteak beste, kulturgintzea lantzen dabe, kultur sormena eta haren kontsumo aktibo eta gozagarria bultzatuz. Zeregin horretan, gainera, zirkuitua edo batera jardutea hobesten dabe bakarkako eskaintzen aurrean. Izan be, euskera alkarteen izaerea zein kopurua kontuan hartuta (Nafarroan 16 alkarte dira Topagunearen bazkide), zirkuituek aukera parebakoa eskaintzen dabe ekimenen eremu geografikoa zabaldu eta jente gehiagorengana heltzeko. Horren adibide dira Topaguneak antolatzen dituan Film Laburren Zirkuitua, Irakurri, Gozatu eta Oparitu, Kultur Errota eta horri lotutako formatu txikiko eskualde zirkuituak.
Kontuak kontu, Nafarroan kalidade handiko euskerazko kultur programazino koordinatua egiteko proposamena da batBIRAlau, aurten laugarrenez gauzatzen dana. Helburu nagusia Nafarroako herri eta eskualdeetako kultur dinamikea indartzea eta aberastea da, ikusleen bizi kalidadea hobetuz. Horretarako, aurreko hiru edizinoen bideari jarraituz, kalidade goreneko lau kultur ikuskizunek osotutako ibilbide erakargarria eskainiko da Nafarroako hainbat zonaldetan, eskualde bakotxeko errealidade soziolinguistikoa kontuan hartuz.
Holako proiektu bat aurrera eroateko antolakuntza sendoa bermatzea behar-beharrezkotzat joten dabe antolatzaileek. Horretarako, ezinbestekoa ez eze, egitasmoaren helburu nagusienetakoa be bada, erakunde publiko zein pribatuakaz eta gizarte mobimentuakaz alkarlanean ibiltea. batBIRAlau izeneko egitasmo hau, horren adibide argia da: euskera alkarteen ekimenez abiatu zan kultur zirkuitu honek, Cederna Garalurrek emondako bultzadeari esker egin dau bidea eta Leitza, Etxarri Aranatz, Bera eta Agoizko udalek, eta Diario de Noticias zein Berria egunkariek eskainitako babesean topau dau aurrera jarraitzeko adorea.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazinoa 1997an sortu zan, eta Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 93 euskera alkartek osotzen dabe.
IV. batBIRAlau-ren egitaraua
- Maiatzaren 21ean, zapatua, 20:00etan, Leitzako Zineman, Baginaren bakarrizketak. Txalo produkzioak.
- Bagilaren 3an, barikua, 22:00etan, SORKUN, emonaldi akustikoa, Etxarri Aranatzeko Kultur Etxean.
- Bagilaren 4an, zapatua, GOSE, 22:00etan Berako Kultur Etxean.
- Bagilaren 12an, domekea, RUPER ORDORIKA, 19:00etan, Agoizko Kultur Etxean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!