'There is beauty in the city' proiektuak 137 argazki jaso ditu Bilboko leku ederrenen mapea egiteko
2011-05-16 14:37 kulturbizBilbo da Erresuma Batuan, Anna Francis Arte Ederretako irakasle, artista eta ikerlariaren eta PhotoArteKomit on-line arte galeriaren eskutik sortu zan There is beauty in the city proiektu globalean lagundu dauen urietako bat.
Bilbo da Erresuma Batuan, Anna Francis Arte Ederretako irakasle, artista eta ikerlariaren eta PhotoArteKomit on-line arte galeriaren eskutik sortu zan There is beauty in the city proiektu globalean lagundu dauen urietako bat. Irabazi asmorik bako ekimena da, eta lankidetzako artearen barruan sartzen da eta hainbat personaren ekarpenakaz artelanak sortzea da asmoa.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntzinoa dauen proiektuak 137 argazki jaso ditu. Argazki horreek, argazkilariei edertasuna erakutsi deutseen uriko lekuen isla dira. Argazki guztien artean, gure uriak bizi dauen eraldaketa prozesua ondoen adierazoten daben hirurak aukeratu dira: heriotzea, edo uriak atzean itxi dauena; uri barriaren jaiotza eta linboa, oraindino be eraldaketa prozesuan dagoan uria irudikatzen dauena.
Hiru argazki horreek eta irudi guztiak batuko dituan bideoa Rekalde Aretoan egongo dira ikusgai maiatzaren 17tik (19:30ean) 22ra. Horrezaz gan, jasotako material guztiak bere lekua izango dau sare sozialetan, bellezaenbilbao.blogspot.com blogean eta Bilboko Udaleko webgunean, eta Europako hainbat uritan aurten martxan jarriko dan proiektu globalaren barruan egongo da.
Hiru txoko
Erakusketarako aukeratu diran argazkiak, Elena Llanosek, Rodrigo Fuentealbak eta Erica Liquetek hartutako hiru argazki oso desbardin dira. Lehenengoak, heriotzea edo uriak atzean itxi dauena irudikatzen dau, eta Zorrotzaurreko erriberan hartuta dago. Uriaren txoko horrek oraindino be gordeten ditu Itsasadarrari lotutako eta industrian oinarritutako iraganaren zenbait aztarna. Egileak esaten dauenez, badirudi leku horretan ez dala denporea pasau.
Rodrigo Fuentealbaren argazkiak linboa sinbolizetan dau, eta irudiaren erdian RAG eraikina erakusten dau. Eraikin hori, eraldatzen dagoan urian oraindino be konpondu bako arazoen eta gaien adibide eta lekuko moduan agertzen jaku. Egileak bere atsekabea erakusten dau, izan be, Diego Basterrak gaur egun ezagutzen dogun uriaren irudia osotzen lagundu eban personetako batek eregi eban eta Bilboko Zabalguneko Arkitektura Arrazionalistako higiezin esanguratsua dana eraitsi egingo baita, hainbat erabilera aztertu eta gero.
Jaiotzaren barruan sartzen dan irudiak kontrastea erakusten dau, eta proiektu honen izaera edegia eta parte-hartzailea azpimarratzen dau. Izan be, Erica Liquetek barruko jaiotza islatzen dau, uri barria baino gehiago. Holan, argazkiak Bilboko AldieZaharreko txoko bat erakusten dau, bere etxebizitza barria dagoan lekua. Orain esan neike Bilbokoa nazela, eta leku kuttun asko daukadanez, honek nire bizitzako etapa barria sinbolizetan dau, azaldu dau.
Proiektuaren amaierako fase moduan, partaideek euren argazkiak hartzeko erabili dituen leku guztiak batu dira mapa batean, eta leku horreetan egongo dira argazkilari bakotxak itxi dituan There is beauty in the city esaerea daroezan imanak, uriagaz izandako alkarrekintzearen eta Bilboren Edertasunaren Mapeari egindako ekarpenaren lekuko moduan, herritarrek erakutsi nahi izan daben legez.
Helburuak
Bilboren edertasunaren kartografia bat lortzeaz gan, ekimen honen bitartez, antolatzaileek eta Kultura eta Hezkuntza Sailak uria hobeto ezagutzea bilatzen dabe. Uriko paisajeak izan dituan aldaketak dokumentau nahi izan doguz, biztanleen artean hartu-emon-esperientzia bat garatu, lankidetzan oinarritutako jarduketearen bitartez, batzuen eta besteen kultura eta ezagutzak trukatzea bultzatu eta argazkigintzea arte adierazpen moduan garatzea sustatu.
There is beauty in the city egitasmoa Stoke-on Trent uri britainiarrean sortu zan, Anna Francisen ekimenez. Kamara eta iman bategaz kalera urten eban uriak zituan gauza eta leku ederrak argazkietan irudikatzeko asmoz. Handik denpora gitxira, banakako egitasmo hori, proiektuagaz bat egin nahi eben guztiakaz alkarlana bilakatu zan. Ekimenak gero eta interes eta laguntzaile gehiago lortu izan ditu, eta, era naturalean, parte hartu nahi daben persona guztiei zabalik dagoan proiektu orokorra bilakatu da.
Anna Francis Arte Ederretako irakasle eta artistea da. Gaur egun epe luzeko ikerketa proiektu batean dabil. Bertan, kultur eta arte jarduerak gure urietan dauen eragina aztertzen dau, eta eragin hori neurtu ahal izateko metodologia egokienak zehazten ahalegintzen da. PhotoArteKomite argazkigintzan espezializautako on-line arte galeria da, eta Internetek dauen gaitasun ikaragarria erabilten dau bere artisten lan berezia erakusteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!