International PEN erakundeak urteko batzarra egin barri dau Gironan

Bizkaie! 2011-05-16 12:31   kulturbiz

International PEN erakundeko Itzulpen eta Hizkuntza-eskubideen Batzordeak urteko batzarra egin eban Gironan eguenean, maiatzaren 12an. Batzordeak gai nagusi bi izan zituan berbagai: alde batetik, ingurune eleanitzetan irakas-hizkuntza zein izan behar dan eztabaidatzea; eta bestetik, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren lanketea. Batzarrean, Euskal PEN taldeko eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok parte hartu eban.

International PEN erakundeko Itzulpen eta Hizkuntza-eskubideen Batzordeak urteko batzarra egin eban Gironan eguenean, maiatzaren 12an. Batzordeak gai nagusi bi izan zituan berbagai: alde batetik, ingurune eleanitzetan irakas-hizkuntza zein izan behar dan eztabaidatzea; eta bestetik, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren lanketea. Batzarrean, Euskal PEN taldeko eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok parte hartu eban.

Aitatutako lehenengo gaiari jagokonez, euskal ordezkari Paul Bilbaok komunikazinoa aurkeztu eta argi adierazo eban irakas-hizkuntzaren aukeraketeak helburu zehatzak dituan erabagi politikoa dala. Gure hizkuntzearen berreskurapen-prozesuan ikusi ahal izan dogu zenbat bider inposatu izan daben frantsesa eta gaztelania irakas-hizkuntzan, eta horrek ze eragin izan dauen. Horri lotuta, Bilbaok eleaniztasunaren aldeko mezua zabaldu eban, baina oso argi azaldu eutsien Gironan batutakoei, Euskal Herrian euskeratik, hizkuntza gitxiagotutik, egin behar dala eleaniztasunerako bidaia.

Beste alde batetik, Itzulpen eta Hizkuntza-eskubideen Batzordeak Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaz be jardun eban. Ituna 1996an onartu zan, eta PEN erakundeko batzordekideek bertan jasoten diran edukiak gizarteratzeko beharra agirian ipini gura izan dabe. 2011n balio handiagoa dauka Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsalak, mundu globalizatuan ez dago-eta onartzerik hizkuntza-komunidadeen arteko desorekarik, horrek oinarrizko eskubideen urraketa sistematikoak eragiten ditualako, adierazo eban Bilbaok.

Deklarazioaren lanketeari begira, Batzordeak Hizkuntza Eskubideen aldeko manifestua izeneko dokumentua onartu eban. Agiri horretan, itunaren espiritua jasoteaz gan, aurrera begira PEN talde guztien artean zein bestelako eragileen artean zabaldu beharreko dokumentua dala ebatsi eben kideek. Konturatu gara 1996an onartu zanetik, Deklarazioak ez dauela bere bidea behar dan moduan jorratu. Interesgarria begitantzen jaku Deklarazioaren elementu nagusienak dokumentu batera ekartea, eta berau erabiltea haren oinarrizko printzipioak gizarteratzeko, ganeratu eban Bilbaok. Eta hori ideia hori berretsi egin eban PEN International erakundeko presidente John Ralstonek: Manifestu honen bidez hizkuntza-aniztasunaren aldeko burrukan tresna barri bat daukagu gaurtik aurrera.

Holan, Gironan onartutako hizkuntza-eskubideen aldeko manifestuak hizkuntza-aniztasunaren aldeko deia egiteaz gan, hizkuntza-komunidade guztiek euren hizkuntzak lurralde osoan ofizialak izateko beharra be azaltzen dau. Euskerearen kasuan, tamalez, gure hizkuntza ez da ofiziala lurralde osoan, eta beraz, manifestuaren printzipioak gure egitea oso garrantzitsua da, azaldu eban Paul Bilbaok. Hemendik aurrera Uyghur, Quebec, Katalunia eta Euskal Pen taldeetako ordezkariek koordinauko dabe aitatu manifestuaren kudeaketea eta gizarteratzea.

Azkenik, Batzordeak gogor salatu eban Valentziako Generalitat erakundeak TV3 telebista-katearen emisinoa Valentzian emitiduteko debekua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu