Ikastolen Elkarteak eta Elkar etxeak Ikaselkar argitaletxea abiatu dabe

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-05-04 15:40   kulturbiz

Ikastolen Elkarteak eta Elkar etxeak Ikaselkar izeneko argitaletxe barria aurkeztu dabe Bilboko Alondigan. Ikaselkar-en asmoa eskaintza integrala egitea da, nahiz eta batez be hezkuntza alorrean jardungo dauen. Daborduko, Ikaselkar-ek 381 laneko katalogoa dauka.

Ikastolen Elkarteak eta Elkar etxeak Ikaselkar izeneko argitaletxe barria aurkeztu dabe Bilboko Alondigan. Ikaselkar-en asmoa eskaintza integrala egitea da, nahiz eta batez be hezkuntza alorrean jardungo dauen.

Ekitaldian Koldo Tellitu Ikaselkar-eko presidentea eta Ikastolek Elkarteko burua, Joxemari Sors argitaletxe sortu barriko presidenteordea eta Elkar taldeko zuzendari nagusia, J. Iñaki Etxezarreta Ikaselkar-eko sorkuntza-zuzendaria eta Mikel Arrizabalaga edizino-zuzendaria izan dira. Etxezarretak adierazo dauenez, Elkar eta Ikastolen arteko hogei urteko lankidetzearen emoitza naturala da Ikaselkar. 1989an hasi gendun alkarregaz argitaratzen. Produktu eta zerbitzu katalogo handia osotu dogu, eta hogei urteotan hezkuntza euskalduna indartu egin dogu, ganeratu dau. Europar Batasunak eskatutako aldaketak eragina daukie Euskal Herrian; beharrizan horretara egokitu gura dau proiektu barriak be. Belaunaldi barriak testuinguru globalizau batean dagoz, egoera horrek behar barriak sortzen ditu, azaldu dau Ikaselkar-eko sorkuntza-zuzendariak.

Ikaselkar enpresa barriaren abiapuntua Euskal Curriculuma da. Koldo Tellituk azpimarratu dauenez, euskal curriculumak garrantzi berezia dauka argitaletxearen sorreran: Ikaselkar-en hazia da. Halanda be, eskaintza osoa egiteko asmoa dauka, hau da, hezkuntza arloan ez ezik, kultura zabalekoan be jardungo dau.

Joxemari Sorsek, barriz, Ikaselkar-en enpresa-ikuspegia nabarmendu dau. Euskerearen munduan militantziak eta konpromosioak garrantzi sano handia daukala autortu dau, baina aldi berean merkatua be kontuan hartu behar dala onartu dau. Merkatuaren arabera be funtzionau behar dogu. Kultura propioa garatu nahi dauen herriak barruan produzidu beharko dau, kanpotik datorrenari ateak itxi barik, jakina, adierazo dau.

Daborduko, Ikaselkar-ek 381 laneko katalogoa dauka, haur-hezkuntzan hasi eta batxilergoan amaitu: horreetatik, 171 irakasle edo ikasleen materialak dira; eta beste, 210 material osogarriak dira. Enpresa barriareen hainbat produktu kalean dagoz, batez be orain arte harrera ona euki daben materialak; curriculumaren erispide barriei egokituak eta euskarri barrietan, teknologia barriekaz lotuta. Esaterako, Txanela (Lehen Hezkuntzarako) eta Ostadar bildumen liburu digitalak. Papela, audio eta liburu digitalak sortzeaz gan, -azaldu dau Etxezarretak - plataforma digitalak be eskainiko doguz.

Ikastolen ordezkariek prentsaurrekoan gogorarazo dabenez, Kristau Eskolak ere bat egin eben Euskal Curriculumagaz, baita sare publikoko hainbat zentrok be, esaterako, Sortzen-Ikasbatuazegaz lotutakoek.

Ikaselkarreko arduradunek nabarmendu dabe Euskal Herriko hezkuntza merkatu osoari zerbitzua emoten ahaleginduko dirala, baina beste herrialde batzuetan egon daitekezan aukerak aztertzeko prest dagozala. Eduki zein erispide pedagogikoetan eskaintza barritzaile eta abangoardiakoa eginez, erreferentzialtasuna lortzea dabe helburu.

Enpresa orain sortu badabe be, Elkar eta Ikastolen Elkartea aspaldi dabilz alkarregaz beharrean. Alkarren arteko akordio bati jarraituz, ikastolek urteak daroez eskola materiala sortzen eta Elkarrek argitaratzen. Joxemari Sorsek aspaldiko hartu-emonari enpresa jantzia ipini deutsiela azpimarratu dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu