Errotarik errota, Zeanuri arakatzen
2011-05-02 14:02Oinezko martxa honegaz antolatzaileek bilatzen dituen helburuak honako honeek dira: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; eta, bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea.
Gure geografiako ingurumariak ezagutzeko erarik egokiena oinez ibiltea eta bazterrak arakatzea da. Eta aukera hori eskaintzen dabe datorren domekarako, maiatzaren 8rako, Ipizki eta Joko Alai alkarteek Zeanuriko Erroten VI. Ibilaldiagaz.
Oinezko martxa honegaz antolatzaileek bilatzen dituen helburuak honako honeek dira: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; eta, bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea. Ez dira gitxi, izan be, herri honetan ezagutzen diran edota han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak: danetara hamazortzi —gehienak bertan behera itxita, baina beste batzuk zaharbarrituta—, danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar hamaikaren ondotik igaroko dira ibiltariak eta bitan —Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe.
Umeentzat ibilbide berezia
Aurtengo ibilbidea igazko berbera izango da, 18 kilometrokoa, baina umeentzat edo ondo preparauta ez dagozanentzat laburragoa, 12 kilometrokoa, egiteko aukerea be eskaintzen da, jan-edana banatuko dan tokitik helmugara zuzentzen dana. Urteerea herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan; plazatik, udaletxearen aurretik, abiatuz eta Altziber eta Errotabarri erroten ondotik pasau ostean, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileek. Urtegia atzean itxi eta berehala Barrengoerrota, Erdikoerrota eta Goikoerrota topauko ditue, hirurak Beretxikorta errekatxoaren ertzean eta 500 metroko tarte baten barruan. Agarre izeneko baserrien ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera bajatuko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko; hemen, ateak zabalik izango dira, eta gura dabenek kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutse —oraingoan beste aldetik—; presatik 100 metro atxina, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana banatuko dau Gastronomía Cantábrica-k. Aurrerantzean, lehenengo Otsemendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik igaro ostean, azken kilometroa beteten hasiko dira; helmugea baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa —Pujana familiak zaharbarritua—, eta bisitetako aukerea izango da, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik.
Ibilbidea amaitutakoan, 18 kilometro eroango ditue oinetan ibiltariek, baina seguru hitzodruari erantzuteak mereziduko deutsela, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gan, udabarrian natureak azaltzen dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe eta.
Ibilaldiari buruzko zehetasunak
- Eguna: maiatzaren 8a, domekea.
- Izena emotea: 08:30etik aurrera, herriko plazan. 2€
- Urteerea: 09:00etan.
- Ibilbidea: 18 kilometro inguru; umeentzako ibilbide laburra: 12 kilometro.
- Jan-edana: Alkiberren jan-edana banatuko dau Gastronomía Cantábrica-k.
- Errotak lanean: ibilaldiaren hasieran Ibargutxiko errotan eta amaieran Olabarrikoan sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe ibiltariek.
- Antolatzaileak: Ipizki Taldea eta Joko Alai Alkartea.
- Laguntzaileak: Gastronomía Cantábrica, Lankidego Lantalde, Zeanuriko Udala, Gorbeialde, Sagarna Txokoa, Zeanuriko Jubilatuen Tabernea eta Arratiako Gurutze Gorria.
Imformazino gehiago: www.ipizki.com webgunean edo telefono honeetan: 653016117 / 946739287
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!