Jose Antonio Arana Martija euskaltzainaren aldeko hiletak gaur, Gernikan
2011-04-27 12:15 kulturbizJose Antonio Arana Martija euskaltzaina apirilaren 26an hil zan, 80 urte zituala. Euskaltzaindiak euskaltzain oso izentau eban 1988an. 2006an euskaltzain emeritua izentau eben. Hileta eleizkizuna gaur izango da, hilak 28, 19:00etan, Gernikako Andra Mari parrokia nagusian.
Jose Antonio Arana Martija euskaltzaina apirilaren 26an hil zan, 80 urte zituala. Euskaltzaindiak euskaltzain oso izentau eban 1988an. 2006an euskaltzain emeritua izentau eben. Lan handia egin eban dokumentalista eta bibliografo moduan. Hileta eleizkizuna gaur, apirilaren 28an, izango da, 19:00etan, Gernikako Andra Mari parrokia nagusian.
Jose Antonio Arana Martija Gernika-Lumon jaio zan 1931n, martiaren 10ean. Gernikako ikastolan hasi zituan ikasketak eta gero Frantzian, erbestean. Garai horretan euskerea eta frantsesa baekiazan, baina ez gaztelerea: hau izan zan bere hirugarren hizkuntzea, honen beharra 9 urte bete arte ez ebalako izan, bere herrira itzultzean. 1942an Seminarioan sartu zan eta hor Humanidadeak ikasi zituan. 1947an Seminariotik urten eta Valladoliden batxilergoa amaitu eban 1949an. Andres Mañarikuaren ikaslea izan zan Seminarioan, eta horren aholkua jarraituz, Deustuko Unibertsitatean sartu zan Zuzenbide ikasketak egiteko; Valladoliden lizentziau zan 1954an. Hiru urte geroago Ekonomia ikasketak egitea erabagi eban, Bilboko Ekonomia Fakultatean.
1959an Formica Españolan hasi zan lanean, komertzial legez, eta horrek Euskal Herri osoa ezagutzeko aukerea emon eutson. Berak esaten ebanaren arabera, egoera hau garrantzi handikoa izan zan bere bizitzan. Gero, 1963an, Astra enpresak eskaini eutson lanpostua, Gernikan, eta berak onartu egin eban. Bertan egoala kartzelan sartu eben, arazo politikoakaitik, eta urten ebanean lanik barik geratu zan. Orduan, bere kontura, aholkularitza bulego bat zabaldu eban Gernikan, 1974ra arte, eta urte horretan Kataluniako inbersino enpresa bategaz hasi zan lanean, 1978ra arte.
1978an, Euskaltzaindiak Jose Antonio Arana Martija kontratau eban, Azkue Bibliotekako bibliotekari-orde eta arduraduna izateko. Urtebete geroago, 1979an, Akademiak euskaltzain urgazle izentau eban. Euskaltzain oso, barriz, 1988ko urriaren 28an aukeratu eben, Juan Gorostiagaren ordez. Sarrera hitzaldia Gernikan egin eban, 1989ko garagarrilaren 28an, Euskaltzaindiko aulkien historiaz hurbiltze bat gaia hartuta. Aita Villasantek erantzun eutson.
Euskaltzaindiaren barruan, Zuzendaritzako kide izan zan Arana Martija eta, bibliotekaria izateaz gan, Azkue biblioteka batzordeburua zan. Diruzaina be izan zan, 1988tik 2003ra arte (2003ko abenduan dimisinoa aurkeztu eban, osasun arazoakaitik). Bestetik, Argitalpen batzordeko kide zan.
2006ko garagarrilaren 20an, euskaltzain emeritu izentau eban Euskaltzaindiak.
1954an Santa Zezilia korala sortu eban Gernikan, lagun batzukaz batera, eta 1978an Gernikako Andra Mari korala be sortu eban. Horren zuzendaria izan zen hamar urtez. 1963an, Bogamazua zortzikotea zuzenduz, Bartzelonan grabau zituan lau disko, euskal kantuez osotuak. 1966an, Seber Altube ikastolearen sortzaileetariko bat izan zan.
Madrileko Biblioteka Nazionaleko Patronatoko, Euskalerriko Adiskideen Elkarteko, Eusko Ikaskuntzako -Musika Sailburua izan zan-, Euskal Estudioen Ameriketako Institutuko, Euskal Idazleen Elkarteko eta UZEIko kidea zan Jose Antonio Arana Martija.
Liburu eta artikulu asko eta asko idatzi zituan hainbat aldizkaritan, besteak beste, Jakin, LGEV, Txistulari, Aranzazu, BRSBAP, Euskera, Egan, BIAEV, CEEN, Dantzariak, Donostiako Hoja del Lunes, Aldaba, Anaitasuna, Argia, Iker-2, Ibidem. Auñamendi Entziklopediaren artikulu egilea izan zan. Gernikako Brisas Guerniquesas izeneko aldizkaria zuzendu eban. Bestetik, hitzaldi asko emon zituan, horreetako bat, Euskaltzaindiaren Plaza Barriko egoitzea 1991n inaugurau zanean. Orduan Bonaparte eta dialektologia izeneko hitzaldia emon eban, eta euskalari honen euskerazko lan guztiak argitaratu zituan.
Música Vasca lanak aitamen berezia behar dau. Euskal musikearen historiaren monografia da.
2007ko irailean, Jose Antonio Aranak bere biblioteka personalaren dohaintza egin eutson Euskaltzaindiari. 6.000 liburu eta aldizkariz osotua dago liburutegia.
Sariak. Omenaldiak:
- Euskal Idazleen Elkarteak 1998an omendu eban Arana Martija, beste lau adiskideakaz batera (Begoña Bilbao, Karmele Esnal, Andoni Lekuona eta Txomin Peillen euskaltzaina). Ohorezko bazkide izentau eben.
- 2002ko maiatzaren 17an Bilboko idazleak ezagutzeko zikloaren barruan, Bilboko Udalak, Bidebarrieta Kulturguneak eta Bizkaiko Foru Aldundiak omendu eben. Omenaldian parte hartu eben Henrike Knörr-ek (Jose Antonio Arana Martika eta euskara); Juan Antonio Zubikaraik (Jose Antonio Arana Martija y la música vasca); eta Joseba Agirreazkuenagak (Euskal kulturaren inguruan).
- 2004ko bagilaren 8an, Bilboko Liburu Azokeak Urrezko Luma emon eutson.
- 2008ko bagilaren 27an, Eusko Ikaskuntzaren Musika Sailak omendu eban Bilbon.
- 2010ean, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria emon eutsien.
- 2007ko zemendian, Gernikako Udal Liburutegiari Arana Martijaren izena emongo eutsiela jakinarazo eban bertako Udalak. 2010eko martiaren 13an, Gernika-Lumoko Udalak eta herriko hainbat kultura alkartek -Andra Mari Koralak, Kultura Etxeak, Gernika-Lumoko euskaltegiak, Segundo Olaeta Musika Eskoleak, Julia Foruria Musika Eskoleak, Gernikazarrak, Aldaba aldizkariak eta Marijesiek- omenaldia eskaini eutsien Jose Antonio Arana Martijari. Omenaldi horren bitartez, esker ona adierazo gura izan eutsien herriaren alde egindako lanagaitik eta, batez be, Jose Antoniok dauen balio intelektualagaitik.
Argitaratutako lan nagusiak
- Crisis y resurgimiento agrícola en el siglo XVIII. 1958
- Música vasca. 1976
- Opera vasca en Vizcaya. 1977
- Elai-Alai. 1977
- Planificación de la enseñanza de la música (J.I. Sarriagaz batera). 1979
- Bernardo Gabiola. 1980
- Canciones de Navidad. 1981
- Resurrección Maria Azkue.
- L.L. Bonaparte. Manuscritos, publicaciones. 1989
- Euskaltzaindiaren historia laburra. 1984
- Catálogo y Archivo de Juan Carlos Guerra. 1984
- Noizean behin. 1984
- Eresoinka. 1986
- Euskal musika. Música vasca. Basque music. 1985
- Santa María de Gernika. Gernikako Andra Maria. 1988
- Bibliografía bonapartiana. 1991
- Resurrección Maria Azkue. 1993 (Bidegileak bildumea).
- Julio Urkixo. 1993 (Bidegileak bildumea)
- Historia de la música vasca. 1996
- Jose Antonio Donostia. 2001. (Bidegileak bildumea).
Artikulu eta iker lanak be argitara emon zituan, bai euskereagazkoak, bai eta euskal musikaz eta euskal kulturearen ingurukoak be. Lehenengo taldean, Seber Altuberen bizitza, musika-lana eta bibliografia, 1974; Gabon kanta de Gernika de 1757, 1976; Gernikako euskera: Domingo Kanalaetxebarria, 1979; Antonio Tovar euskalarien oroipena, 1993; Louis-Lucien Bonaparte. Visión lingüística de Europa en el siglo XIX, 1996. Eta abar eta abar.
Euskal musikaz argitaratutakoen artean, ondoko honeek: Música Vasca; toIconografía musical en la Rioja, 1967; Aranzazu y la historia musical del País Vasco, 1968; El Padre Madina, músico vasco y universal, 1972; Eslaba, músico vasco, 1978; Escuelas de canto en el País Vasco, 1981; La dirección coral en el País Vasco, 1982; Basterretxearen Passioa kantatzeko erabili diren doinuak, 1988; La música del Barroco al Romanticismo, 1989; R.M. Azkue, Cancionero Vasco delakoaren 3. argitalpenaren prestaketa eta hitzaurrea, 1990. Eta abar eta abar.
Euskal kulturearen inguruan eginiko artikulu batzuk honako honeek dira: El franciscanismo de Carmelo Echegaray, 1966; Karmelo Etxegarai idazle Gernika, 1975; Apuntes para la historia de la imprenta en Gernika, 1983; Trueba y la lengua vasca, 1990; Luis Villasanteren bio-bibliografia, 1992; R.M Azkue: Herri Jakintzatik euskara modernora, 1999; Humboldt, euskalari alemanen ardatz eta eredu, 2000. Eta abar eta abar.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!