Rekalde-Ortzadar Komiki Lehiaketearen lehenengo edizinoa aurkeztu dabe
2011-04-19 15:23 kulturbizMarrazkilari eta komikilariak xaxatzeko asmoz abiatu da Rekalde-Ortzadar Komiki Lehiaketearen lehenengo edizinoa. Izan be, saria ez da dirutan bakarrik izango, Rekalde Aretoan ikusgai egongo dira-eta lanik onenak. Urriaren 7an emongo dabe saridunen barri.
Marrazkilari eta komikilariak xaxatzeko asmoz abiatu da Rekalde-Ortzadar Komiki Lehiaketearen lehenengo edizinoa. Izan be, saria ez da dirutan bakarrik izango, Rekalde Aretoan ikusgai egongo dira-eta lanik onenak. Urriaren 7an emongo dabe saridunen barri.
Sariketearen aurkezpenean Josune Ariztondo Kultura diputadua eta Deia egunkariak argitaratzen dauen Ortzadar gehigarri kulturaleko arduradun Iñaki Mendizabal Elordi izan dira. Sortzaileek euren lanak aurrera eroan ahal izateko, beharrezkoa da azpiegitura eta baliabide nahikoa egotea, ez deien hain gatx euki, azaldu dau Ariztondok. Rekalde-Ortzadar Komiki Lehiaketeak bete-betean erantzuten deutso Bizkaiko Diputazinoaren helburu horri.
Ortzadar-en sorrerea gogoratu dau Mendizabalek. Gehigarria 1997an sortu zan, eta beragaz batera Ortzadar Ipuin Lehiaketea. Igaz aro barri beti ekin geuntsan, bultzadea emon geuntsan: kolaboratzaile barriak sartu ziran, gai barriak... Gauza desbardina egin gura gendun, beste lehiaketa bat, eta holan heldu zan komikiarena, adierazo dau Deia-ko kazetariak. Azkenaldian nabarmen gora doan generoa dala kontuan hartuz, abiatu zan ekimena. Marrazkilari asko daukaguz, eta oso onak, ganera. Marrazkilariok xaxatu gura doguz, akuilua sartu, eta euskeraz egitera bultzatu, ganeratu dau.
Komiki lehiaketako gaia eta formatua libreak dira, baina istorioak eta personaiak originalak izan behar dira. Lanak lau orrialdekoak izango dira, kolorez zein zuribaltzean egindakoak. Komikiak euskera hutsez aurkeztu behar dira. Bakarka zein taldean parte hartu daiteke, eta posible da, Mendizabalek azpimarratu dauenez, batek irudiak egitea eta beste batek gidoia idaztea.
Sari bakarra egongo da, 1.500 eurokoa. Horrezaz gan, epaimahaiak beste obra batzuk aukeratu leikez. Aukeratutako lan guztiekaz erakusketa bat atonduko dabe Bilboko Rekalde aretoan zemendiaren amaieran. Erakusketearen harira, gidoigintza eta marrazkigintza tailerrak antolatuko ditue Rekalden bertan. Ganera, parte-hartzaile guztien beharrak liburu baten jasoko ditue, Mendizabalek nabarmendu dauenez: Hau ez da beste lehiaketa bat, sariaz aparte, erakusketea eta liburua etorriko dira. Liburua Getxoko Komiki Azokan eta Durangoko Azokan egongo da. Lan saritua eta aukeratuak Ortzadar gehigarrian argitaratuko dira.
Komikiak aurkezteko epea irailaren 5etik 9ra bitartean izango da. I. Rekalde-Ortzadar Komiki Lehiaketearen oinarriak eskuragai dagoz Deia egunkariaren eta Rekalde Aretoaren guneetan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!