Topaguneak 'Irakurri, Gozatu eta Oparitu' ekimena abiatuko dau zapatuan

Bizkaie! 2011-04-18 15:53   kulturbiz

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren bosgarren edizinoa aurkeztu dau Donostian. Irakurketea sustatzea dau helburu eta Hego Euskal Herriko 12 herritan egingo da. Liburuaren Nazinoarteko Egunean, apirilaren 23an, abiatuko da ekimena.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren bosgarren edizinoa aurkeztu dau Donostian. Irakurketea sustatzea dau helburu eta Hego Euskal Herriko 12 herritan egingo da, tokian tokiko euskera alkarteen, udal liburutegien eta liburu-denden alkarlanari esker. Liburuaren Nazinoarteko Egunean, apirilaren 23an, abiatuko da ekimena.

Kanpainan parte hartzeko, hiru pausu emon behar dira: irakurri, gozau eta oparitu. Lehenengo pausua irakurtea da, euskeraz irakurtea, hain zuzen be. Esaterako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskerazko edozein liburu maileguan hartu eta leidu. Bigarren pausua gozetea da: liburua irakurri ostean, liburutegira eroan, eta fitxa erraz-erraz bat bete, izenburua, gure eritxia eta beste kontu batzuk jasoz. Fitxea bete, eta liburuzainak erosketa-txekea emongo deusku, lehenagotik berbatuta dagozan liburu-dendetan erabilteko. Eta, hirugarren pausua da liburua oparitzea, gura dozunari; lagun bati, etxekoten bati...

Liburutegian jasotako txartelagaz liburuen % 25 ordaindu ahal izango da, edo % 50 euskera alkarteren bateko kide izan ezkero.

Topaguneko arduradunek aurkezpenean azaldu dabenez, egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, euskeraz irakurtearen alde atsegina azpimarratu nahi izan dogu: euskerearen erabilera gozagarria sustatu gura dau Topaguneak, irakurteak eta oparitzeak dakarren gozamenaren bidez. Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diran beste asmo batzuk be badira ekimen honen atzean: Euskera alkarteetako bazkideak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea, mueta askotako eragile publiko eta pribaduen alkarlana sustatzea, eta euskerazko liburugintzeari ekarpena egitea, liburuen salmentea bultzatuz.

Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa apirilaren 23an hasiko da, Liburuaren Nazinoarteko Egunean; amaierea, barriz, garagarrilaren 23an izango da. Izan be -azaldu dabe egitasmoaren antolatzaileek- jenteak udan izaten dau irakurteko denpora gehien; horregaitik, uda aurreko hilak sano egokiak begitantzen jakuz liburu trukea sustatzeko.

Ondoko herriotan egingo da ekimena, tokian tokiko euskera alkarteek bultzatuta:

- Araban: Aramaio (Txirritola).
- Bizkaian: Santurtzi (Bai Esan), Ermua (Euskal Birusa), Basauri (Euskarabila).
- Gipuzkoan: Deba (Zuhatza), Lazkao (Goierriko Euskal Eskola), Andoain, Asteasu, Amasa-Villabona (M. Larramendi), Urnieta (Inistorra – M. Larramendi).
- Nafarroan: Irurtzun (Aizpea), Lizarra (Garean).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu