Xabier Gereño idazle eta ohorezko euskaltzaina hil da

Bizkaie! 2011-04-08 16:47   kulturbiz

Xabier Gereñoren aldeko hileta eleizkizuna astelehenean, apirilaren 11n, izango da, Deustuko San Pedro eleizan, iluntzeko 19:00etan.

Xabier Gereño ohorezko euskaltzaina barikuan hil zan, Bilbon, 86 urte zituala. Euskaltzain ohorezkoa zan 1998tik.

Xabier Gereño Arrarte Bilbon sortu zan, 1924ko abuztuaren 12an. Amarengandik jaso eban euskerea, eta hobetzeko Josutxu meza-liburua erabili eban. Txikitan Bilbon bizi izan zan eta horko Merkataritza Eskolan Merkataritza Injinerutza ikasketak egin zituan.

Espainiako Gerra Zibila hasi zanean, aita lanetik bota eben eta familiak Kanarietako Las Palmas urira alde egin eban. Uri horretako goi mailako Merkataritza Eskolan ikasi eban eta Bilbora itzuli zanean Merkataritza Intendente ikasketak amaitu zituan. Horrezaz ganera, solfeo eta piano ikasketak be egin zituan.

33 urteetan zehar, kontularitza ardurea izan eban La Aeronáutica S.A. lantegian. Bere enpresan lankide eban Manuel Landaluze txistulariagaz txistua ikasi eban eta jantza taldeen ekintzak eta bidaiak antolatzeari ekin eutson. 1955ean Txistularien Elkarteak barriro indarra hartu ebanean, buru-belarri ekin eutson beharrari. 1957an Txistulari Udal Akademiaren sorrerea bultzatu eban, Bilbon.

1980tik 1988 arte Euskaltzaindian lan egin eban, erakunde honetako kontabilitatea antolatuz, eta euskerazko ereduak sortu zituan. Eredu hau beste enpresa askorentzat balio handikoa izan zan.

Euskal Irrati Telebistako lehen Administrazino-Kontseiluko kide izan zan.

1965. urtean euskal abesti barrien txapelketea eratu eban Bilbon, baina agintariek debekatu egin eben. Txapelketa horretan Benito Lertxundik eta Lourdes Iriondok hartu eben parte, besteak beste. 1950eko hamarkadan Biarritzeko eta Baionako udalakaz batera, hainbat jaialdi antolatu zituan Ipar Euskal Herrian be.

Txistulari, Karmel, Zeruko Argia, Dantzari (berak sortu eban), Anaitasuna, Aizu!, Bilbao eta El Mundo agerkarietan, besteak beste, emon zituan argitara bere idazlanak.

Cinsa liburu eta disko argitaletxearen zuzendaria be izan zan. Argitaletxe horren helburua honako hauxe zan: euskal kulturearen aldeko ekintzak zabaltzea, musikea gehienbat, merkatal enpresen egiturea erabiliz. Cinsak 42 disko argitaratu zituan, bai eta liburu batzuk be. 1968an, kartzeleratu egin eben; arrazoia hauxe izan zan: Julen Lekuonaren Ez, ez dut nahi kantak behar eban baimenik ez eban eskuratu, eta Gereñok 15 egun emon zituan kartzelan. Hau izan zan bere bizitzan atxilotu eben bigarren aldia, lehenengoa hogei urte lehenago jazo baitzan, 1948an, orduan euskerea irakasteko akademia sortu nahi izan ebalako.

Eleberri ugari idatzi zituan, batez be genero baltza landu ebalarik.

Euskal Herriko Txistularien Elkarteko sortzaile izan zan. San Anton orfeoia sortu eban taldeko partaidea be izan zan.

Euskaltzaindiak 1965eko irailaren 24an izentau eban euskaltzain urgazle. Euskaltzain ohorezko, barriz, 1998ko apirilaren 24an izentau eban.

1991n, Bilboko Reina de la Paz egoitzara joan zan bizitera. Egoitza horretan kultura eta animazino batzordeko arduraduna izan zan, hasiera-hasieratik.


Sariak:

- Euskal Herriko Txistularien Elkarteko ohorezko kidea.
- Euskal Idazleen Elkarteko ohorezko kidea.
- Bilboko Udalaren Don Diego saria.
- Bidebarrieta Kulturguneak omendu eban 1996an.


Argitaratutako lan batzuk:

- Zein da errudun?
- Arantza artean.
- Argi bat iluntasunean.
- Nora naramazue?
- Andereño.
- Hiltzaile baten bila.
- S New Method for Learning Basque.
- Learning Basque.
- Iruineako asasinatzea.
- Nouvelle Méthode. 1980
- Diccionario general castellano-euskara y euskara-castellano.
- Método de euskara.
- Konspiratzaileak.
- Kuwait-en harrapatuak.
- Residencia Rochester.
- Carta fatal.
- Huyendo del pasado.

Gran diccionario general
Diccionario general
A new method for learning basque
Método fácil, n. 5
Método fácil, n. 4
Método fácil, n. 3
Método fácil, n.2
Método fácil, n. 1
Método de euskera
Bederatzi nobela labur
Hamar nobela labur
Hamabi nobela labur
Zortzi teatro lan
Zazpi teatro lan
Método de euskera con cassettes o CD
Nouvelle methode de basque
Antonello euskalll herrian
Umorezko teatroa
Umorezko teatroa II
Kikili eta Kokolo chile-n
Kikili eta Kokolo espioitzan
Kuwait-en harrapatuak
Gerra ezkutua
Drogen munduan
Jomeini-ren paradisuan
Africa beltzean
Zumalakarregui, euskal buruzagi
Euskal espioak nazien aurka
Jurgi kapitaina Hong-Kong-en
Andre Catalina eta Arabia-ko emir-a
Gadafi hiltzeko agindua

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu