EHUk eta Azerbaijanek kultur eta zientzia arloko loturak estutu ditue
2011-04-07 12:53 kulturbizEuskal Herriko Unibertsitateak (EHU) lankidetza hitzarmena sinatu dau Azerbaijango Zientzien Akademia Nazionalagaz (ANAS), ikasketa-programa bateratuen garapena, irakaslegoaren arloan trukea eta lankidetzea, ikasleen prestakuntzea eta ikerketea bultzatzeko asmoz.
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) lankidetza hitzarmena sinatu dau Azerbaijango Zientzien Akademia Nazionalagaz (ANAS), ikasketa-programa bateratuen garapena, irakaslegoaren arloan trukea eta lankidetzea, ikasleen prestakuntzea eta ikerketea bultzatzeko asmoz. Akordio marko bat da sinatu dabena, orotariko izaereagaz, beste akordio zehatzago batzuk garatzea ahalbidetuko dauena, edozein sailetan (injinerutzea, zientzia esperimentalak, ekonomia eta abar) eta edozein mailatan (ikerketea, irakaskuntzea, kudeaketea eta abar), EHUko iturriek jakinarazo dabenez.
Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan sinatu dabe lankidetza hitzarmena Miriam Peñalba EHU Nazinoarteko Hedakuntzako erretoreordeak eta Arif Hashimov Azerbaijango Zientzien Akademia Nazionaleko (ANAS) lehen presidenteordeak.
EHU eta ANAS zientziaren garapenean eta gizartearen mesedetan honen aplikazinoak garatzeko orduan ezinbesteko eginkizuna daben erakunde bi dira. Beraz, zientzia arloko esperientziaren eta ezagutzaren truke hau oso garrantzitsua da erakunde bientzat. Izan be, biek ditue interes eremu komunak, zientzia eta kultur arloetakoak, eta herri bien artean kulturearen eta zientziaren lotura akademikoak estutzeko interesa be badaukie.
Lankidetza hitzarmen honen ondorioz, EHUk eta ANASek aldizkako alkarrizketak izango ditue hainbat ikerketa proiektu martxan jarri eta garatzeko, bai aldebikoak zein partzuergo zabalago baten barruan burutuko diranak.
Era berean, erakunde biek euren liburutegietako informazinoa eta argitalpenak trukatuko ditue, eta irakasle eta ikerlarien mobikortasuna erraztuko dabe biek antolatuko dituen ikastaroetan parte hartzeko aukereagaz.
Bai graduautako zein graduko ikasleen trukea bultzatzea be aurreikusten dau sinatutako hitzarmenak, Europako Batasunaren markoaren eta nazinoarteko beste egitasmo batzuen barruan. Mintegiak, sinposioak, ikerkuntzea, egitasmo eta ikasketa planak alkarregaz antolatzeak, eta ekipamendu eta material espezifikoak eskura izateak osotzen dabe sinatutako lankidetza-hitzarmenaren edukia.
EHUk eta ANASek sinatutako lankidetza-hitzarmen hau herrialde bien artean ezarrita dagoan kulturearen eta zientziaren lankidetzarako markoan burutuko da eta lau urteko iraupena izango dau; edozelan be, alde bien adostasunagaz, iraupen bereko aldietan luzatu ahal izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!