Donostiako San Telmo museoak ateak edegi ditu, bost urteko etenaren ostean
2011-03-28 17:17 kulturbizGaur, hilak 28, edegi ditu barriro ateak Donostiako San Telmo Museoak, azkenengo bost urteotan barriztetako hainbat lan egin ostean. Aurrerantzean hainbat ekitaldi antolatuko dira bertan, besteak beste arte-diziplina desbardinetako erakusketak.
Gaur, hilak 28, edegi ditu barriro ateak Donostiako San Telmo Museoak, azkenengo bost urteotan barriztetako hainbat lan egin ostean. Aurrerantzean hainbat ekitaldi antolatuko dira bertan, besteak beste arte-diziplina desbardinetako erakusketak.
Nieto Sobejano arkitektoak arduratu dira eraikin historikoaren lanez. Danetara, 28,5 miloe euro erabili ditue zaharbarritze lanetarako.
Eguerdian, 12:00etan, museoaren barrikuntza museologikoa eta arkitektonikoaren prozesuari buruzko prentsaurrekoa eskaini dabe. Odon Elorza Donostiako alkatea, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Markel Olano Gipuzkoako diputadu nagusia eta Mikel Cabieces Espainiko Gobernu ordezkaria EAEn, besteak beste, egon dira ekitaldian. Angeles Albert Espainiako Kultur Ministerioko Arte Ederretako zuzendaria, Fuensanta Nieto proiektuaren egilea dan Estudio Nieto Sobejanoko arkitektoa eta Susana Soto San Telmo Museoko zuzendaria be bertan izan dira. Arratsaldez, 19:00etan, ordezkari politikoen museoaren inaugurazino ekitaldia egingo dabe eta espazio barrien bisita egingo da.
1902. urtean inaugurau eben lehenengo aldiz San Telmo Museoa, EAEko museorik zaharrena. Eraikina XVI. mendeko komentu domingotarra da. Barriztatze lanei esker, Urgull mendi azpiko eraikin originala gune garaikide barri bihurtu dabe, arduradunek azaldu dabenez.
Zaharbarritze prozesuan aurkikuntza arkeologiko batzuk egin ditue, esaterako, XVI. mende amaierako margolanak. Pedro Echeverria Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Modernoaren departamenduko irakasleak egindako ikerketearen arabera, pintura manieristak dira, eta Espainiako El Escorial monasterioko arteagaz loturea daukie.
San Telmo Museoko bildumeak 26.000 pieza baino gehiago ditu. Honeek lan guztiak sailkatu ostean, Arrastoa oroimenean, Modernitatearen esnatzea eta Artearen bilduma historikoa izenburuko erakusketetan ipiniko ditue ikusgai. Horrezaz gan, San Telmoren bilakaerea ezagutzeko aukerea eskainiko dau Komentutik museora izeneko erakusketeak.
Komentuaren Dorreak, barriz, Gipuzkoako museoen informazinoa batuko dauen Gipuzkoako museoen museoa erakustaldia hartuko dau.
Kontuak kontu, Museoak ate edegien eguna egingo dau apirileko lehenengo astegoienean. Abuztuaren amaierara arte, Yann Arthus-Bertrand artistearen 6 billion others ikus-entzunezko lana egongo da bertan. Erakusketeak gaur egungo gizateriaren erretratuak erakusten ditu. Horretarako, 75 herrialdetan filmautako 5000 alkarrizketa baino gehiago egin ditu egileak; herrialde bakotxean 50-300 alkarrizketa, berrogei itaunekoak. Hainbat gairen ganeko galderak egin dira: adina, lanbidea, etnia, erlijinoa eta abar. Kontinente guztiak dagoz ordezkatuta, gune gatazkatsuenak bere bai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!