Hong Kong-eko Sze Ling Lee, B Awards Bilbao Bizkaia Concept Design jaialdiko irabazle

Bizkaie! 2011-03-24 14:48   kulturbiz

Hong Kong Polytechnic University-ko Sze Ling Lee diseinatzaileak irabazi dau B Awards Bilbao Bizkaia Concept Design Festival jaialdiko nazinoarteko saria. Bertoko saria Leioako Arte Eder fakultadeko eskultore, argazkilari eta deiseinatzaile grafiko talde batek irabazi dau.

Hong Kong Polytechnic University-ko Sze Ling Lee diseinatzaileak irabazi dau B Awards Bilbao Bizkaia Concept Design Festival jaialdiko nazionoarteko saria. Bertoko saria Leioako Arte Eder fakultadeko eskultore, argazkilari eta deiseinatzaile grafiko talde batek irabazi dau. Beste lau kategoria izan dira: Habitat, Garraioa eta Mobikortasuna, Produktua eta Ikusizko Komunikazinoa. Ekitaldia martiaren 23an egin zan, Bilboko Alondigan, eta bertan izan ziran Bizkaiko diputadu nagusi Jose Luis Bilbao, Bilboko alkate Iñaki Azkuna eta Philippe Starck diseinatzailea, besteak beste.

Persona itsuentzako makilea, scooter elektriko bat, Hong Kong-eko tranbia linea arte espazio publiko bihurtzeko proiektua, enpresa opari berezi bat, gazte nerabeei zuzendutako kanpainea eta Rio de Janeiroko faveletan asmo onez egindako esku-hartze bat izan dira, besteak beste, Philippe Starck diseinatzaileak, Wallpaper aldizkariko editore buru Tony Chambersek, Toshiko Mori arkitektoak, New Yorkeko Guggenheim Museoko arkitektura eta diseinu curator David Van Der Leerek, Alvin Yip Ambassadors of Design-eko kideak eta Euskal Herrian diseinu eta arkitektura eremuko aditu batzorde batek osotutako epaimahaiak aukeratutako proiektuak.

Epaimahaiak jaialdian parte hartu daben sei unibersidadeek aurkeztutako lanak balorau behar izan ditue, eta horreetatik proiekturik onenak aukeratu. Ondoko honeek dira unibersidadeak: AHO Oslo School of Architecture and Design (Norvegia), Kolding Designskole (Danimarka), NUS National University of Singapore, Harvard University Graduate School Of Design (AEB), Hong Kong Polytechnic University eta Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU. Danetara, 30 lan egon dira lehian.

Nazinoarteko saria Hong Kong-eko Sze Ling Leeren proiektuak jaso dau. Uriko tranbia garraiobide izateaz gan, publizidade euskarri edo arte espazio izatea proponiduten dau. Bertoko saria Leioako Arte Eder fakultadeko talde batek irabazi dau, Negrala izeneko enpresa-opari bereziari esker.

Habitat kategorian Harvardeko Suemin Jeon izan da irabazlea. 2016ko Joko Olinpikoen barruan, favelen auzoetan hamaika kilometro inguruko hormea jasoteko asmoa dauka Brasileko gobernuak eta Sueminek horren ganeko proposamen interesgarria egin dau.

Produktu kategorian, barriz, Andreas Fisher eta Christian Hansen irakasle daniarrek itsuentzako Gren makileak jaso dau saria. Garraio eta Mobikortasunean, Michael Dalsgard Knap eta Christian Troels ikasleen Cargo Pal proiektua izan da onena, uri handietako garraio eta kutsadura arazoak konponduko dituan scooter elektrikoa. Ikusizko Komunikazinoa kategoriari jagokonez, Flip, Flop, Future Club da irabazlea, bullingari aurre egiteko proposamena.

Nazinoarteko proiekturik onenak 10.000 euro eta Kaiku B AWARDS garaikurra jaso dau eta Bertoko proiekturik onenak 5.000 euro eta Kaiku B AWARDS garaikurra bere bai. Kategoria bakotxeko irabazleek diplomea eta 6.000 euroko bekea hartu dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu