Gasteizko Ubarrundiako Toponimiaren ganeko liburua aurkeztu dau euskaltzaindiak

Bizkaie! 2011-03-10 14:47   kulturbiz
Danetara, 400.000 leku-izen inguru batu dira

Arabako uriburuko 64 herrixketako toponimo guztiak -bai historikoak, bai eta bizirik dirautenak be- batzea, eta era sistematikoan batzea, izan da helburua. Izen guztiakaz batera, artxiboetan topautako dokumentazino guztia be batu da. Izan be, lan honen azken helburua gaur egun erabilten ez diran toponimoak berreskuratzea da, eta jagokezan forma idatziak arautzea eta finkatzea.

Gaur, martiaren 10ean, Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria liburua aurkeztu dau Euskaltzaindiak, Gasteizen, Kordoi Etxean egin dan ekitaldian. Aurkezpena honako honeek egin dabe: Jose Luis Lizundia egitasmoaren zuzendariak eta Elena Martinez de Madina teknikariak. Eurekaz batera Patxi Lazkoz Gasteizko alkatea eta Andres Urrutia euskaltzainburua izan dira. Gasteizko Toponimia egitasmoaren babeslea, hasieratik, Udala izan da.

Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria liburua Euskaltzaindiak argitaratzen dauen Onomasticon Vasconiae bildumako 29. liburukia da. Ubarrundiako toponimo historikoak eta gaur egun bizirik dirautenak batzen dituan lan horren egilea Elena Martinez de Madina da. Jose Luis Lizundiaren zuzendaritzapean egin dau lan; Roberto Gonzalez de Viñaspre aholkulari izan da.

Liburu hau Gasteizko Toponimia egitasmoaren barruan argitaratzen dan hirugarrena da. Lehenengo biak 2009ko apirilean kaleratu zituan Akademiak: Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria) eta Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza).


Sei herri

Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria liburuak Gasteizko Ubarrundiako toponimoak era sailkatu eta arautuan batzen ditu. Haoneek dira Gasteizko Ubarrundia osotzen daben sei herriak: Amarita, Erretana, Miñao, Miñaogutxia, Gamarra eta Gamarragutxia. Beraz, sei herri horreen toponimia ikerketa eta normalizazinoaren uzta da hirugarren liburuki honetan batzen dana.

Ikerketa-lana egiteko, sei herri horreei jagokezan XIV. eta XX. mendeen arteko 35.000 leku-izen inguru batu eta aztertu dira. Ondorioz, 898 toponimo aurkezten dira, horreetako 276 Gamarra eta Gamarragutxia herrietakoak; 301 Miñao eta Miñaogutxia herrietakoak dira; 157 Erretanakoak dira; eta 164 Amaritakoak. Guztietatik, 219 toponimok bizirik diraute, beraz, 679 toponimo historiko berreskuratu dira.

Toponimia-sarrera bakotxak toponimoen dokumentu-lagin bat emoten dau, lekukotasun zaharrenean hasita eta 2010eko ahozko inkestearen emoitzak be jasota. Gainera, izenaren etimologiaren gaineko oharrak, bere eboluzinoa, datu historikoak eta mapan dauen kokapena zehazten dira. Danetara, 12.000 datu dokumental batzen dira, eta toponimoa agertzen dan urtea, artxiboa, dokumentuaren signaturea eta orria be adierazota dagoz.

Elena Martínez de Madinak azpimarratu dauenaren arabera, toponimoen % 80 euskeraz dagoz, holan jaso dituelako eskribauek eta notarioek gure arbasoen ahotik. Jose Luis Lizundiak be egin dau berba honetaz: Gasteizko Ubarrundiaren toponimia aztertukeran jaubetu gara zer toponimia aberatsa dauen, goitik behera euskalduna XIX. mendearen erdialdera arte. Zergaitik jarten dot data hau? Bi arrazoiengaitik: bata, nire ustez, sei herriotako galerea garai horretan hasten dalako eta, bestea, tokiko eskribauak desagertzen diralako, Estadu zentralisteak Jabego Erregistroak sortuz, erregistradore erdaldunak erreinu osoan destinatuz eta horreentzat gaztelania zan ofizialki existiduten zan hizkuntza bakarra, toponimia galegoa, katalana eta euskalduna desitxuratuz, hibridotuz edo ezabatuz.

Osogarri moduan, liburuki honek bi aurkibide dakarz, alfabetikoki sailkatuak: bata toponimoena eta bestea berbena. Azkenik, sei herrien orto-argazkiak emoten dira, toponimoak bertan kokatuz. Gainera, 2010ean egindako aireko argazkiak dagoz, 1932ko hegaldian egin ziranen ondoan. Arabako Foru Aldundiak emon dau azken horreek erabilteko baimena.


Egitasmoa, 1996tik

Gasteizko toponimia ikertzeko egitasmoa 1996ko irailean abiatu zan. Jose Angel Cuerda orduko alkateak, Gasteizko Udalaren izenean, eta Jean Haritschelhar euskaltzainburuak, Euskaltzaindiarenean, lankidetzarako hitzarmena sinatu eben. Hitzarmen horren arabera, Akademiak hizkuntzeari buruzko ikerketak egin eta argitalpenak preparauko zituan, Udalaren dirulaguntzinoagazn. Orduan sinatu zan dokumentuan, Gasteizko toponimia ikertzeko egitasmoa beren-beregi aitatu zan. Lanak aurrera jarraitu dau Cuerdaren ostean izan diran bi alkateekaz be: Alfonso Alonso eta Patxi Lazkoz.

Hitzarmena sinatu ondoren, Euskaltzaindiak berehala osotu eban lantaldea. Henrike Knörr zana burua zala, talde horren ardurea izan zan egitasmoaren lehen fasea osotzea: artxiboak arakatzea, informazinoa sailkatzea, toponimo guztien batze sistematikoa egitea.

2006ko garagarrilean lan hori amaitutzat emon zan. Ordutik aurrera, Henrike Knörr-ek eta Elena Martinez de Madinak, batutako informazino guztia gainbegiratzeaz gan, datu eta testuak hautatzeari ekin eutsien. 2008ko apirilaren 30ean, baina, Henrike Knörr hil zan eta Euskaltzaindiak Jose Luis Lizundia izentau eban euskaltzain zenduaren ordezko. Beraz, Martinez de Salazar eta Lizundia izan dira egitasmoaren bigarren fasea amaitu dabenak, bai eta argitaratzen diran liburuak atondu dituenak be.

Arabako uriburuko 64 herrixketako toponimo guztiak -bai historikoak, bai eta bizirik dirautenak be- batzea, eta era sistematikoan batzea, izan da Gasteizko Toponimia egitasmoaren helburua. Izen guztiakaz batera, artxiboetan topautako dokumentazino guztia be batu da. Izan be, lan honen azken helburua gaur egun erabilten ez diran toponimoak berreskuratzea da, eta jagokezan forma idatziak arautzea eta finkatzea.

Materiala batzeko, idatzizko informazino iturriak erabili ditue ikertzaileek, batez be artxiboetako informazinoa: Arabako Artxibo Historiko Probintziala, Arabako Lurralde Historikoaren Artxiboa, Eleizbarrutiko Artxibo Historikoa, Eleizearen Unibertsitateetako Artxiboa, Gasteizko Udal Artxiboa, Otazuko Artxiboa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu