Arriaga Antzokiak Ate Edegien Eguna ospatuko dau martiaren 6an
2011-03-01 17:41 kulturbizOrain 25 urte, antzokiak bere ateak edegi zituan barriro birmoldaketa baten ostean, 1983ko uholdeak jazo ondoren. Antzoki bilbotarrak publikoagaz ospatu nahi dau berredegite hori, eta 12:00etatik 19:00ak arte antzokiaren instalazinoak bisitau ahal izango dira.
Bilboko Arriaga Antzokiak Ate Edegien Eguna ospatuko dau datorren domekan, martiaren 6an. Kontua da ze orain 25 urte, antzokiak bere ateak edegi zituala barriro birmoldaketa baten ostean, 1983ko uholdeak jazo ondoren. Antzoki bilbotarrak publikoagaz ospatu nahi dau berredegite hori, eta 12:00etatik 19:00ak arte antzokiaren instalazinoak bisitau ahal izango dira.
Antzokira hurreratzen diran personak antzokiko halletik, lehenengo pisuko foyerretik, besaulki-patiotik eta hor zehar ibili ahal izango dira. Era berean, eszenaratu aurretik artistek euren preparazinorako erabilten dituen kamerinoak be ikusi ahal izango ditue, eta baita Orient Express izenez ezagutzen dan aretoa be.
Orient Express -normalean zarratuta egoten da- areto txiki bat da, bere dekorazinoagaitik antxinako tren baten bagoi dotoreak gogoratzen dituana. Bisitea alaitzeko, garaiko jantziz apaindutako figuranteak ibiliko dira gidari, antzokitik gitxien ezagutzen diran lekuak erakutsiz publikoari.
Antzokiko arduradunek adierazo dabenez, Ate Edegien Egunak Arriaga Antzokiaren filosofia indartzen dau: udal antzoki bat, publikoari zuzenduta, herritar guztiek eta guztientzat pentsautako programazinoagaz.
2010. urtean, Arriaga Antzokiak opera, zarzuela, antzerki, jantza eta musikako 269 emonaldi eskaini zituan danetara, eta, holan, beste urte batez handitu egin dau ikuskizunen eta publiko mota guztientzat pentsautako produkzino propioen eskaintzea. 2010-2011 sasoiko programazinoari Ate Edegien Egun hau gehitzen jake orain, bizitzaren azken 25 urte honeek ospatzeko antzokira hurreratzen diran persona guztiakaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!