Katsumi Komagata idazleak berbaldi bat eta tailer bat eskainiko ditu Bilboko Alondegiko Mediatekan
2011-02-15 11:11 jardunaldiakKomagataren asmoa da bere lanen bitartez neska-mutikoek deskubridutea, begiratzea, ikutzea eta sentidutea, eta horretarako, aparteko garrantzia emoten deutse erabilten dituan formei, koloreei eta papelaren ehundureari, haren sormen-lanak ikumen-esperientzia bihurtuz, ikus-esperientzia be izanik.
Katsumi Komagata umeentzako liburuen idazle ospetsuak berbaldi bat eta tailer bat eskainiko ditu zezeilaren 24an Bilboko Alondegiko Mediatekan, arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Japan Foundation da ekimenaren laguntzailea, zentroko arduradunek jakinarazo dabenez.
Komagataren asmoa da bere lanen bitartez neska-mutikoek deskubridutea, begiratzea, ikutzea eta sentidutea, eta horretarako, aparteko garrantzia emoten deutse erabilten dituan formei, koloreei eta papelaren ehundureari, haren sormen-lanak ikumen-esperientzia bihurtuz, ikus-esperientzia be izanik.
Zezeilaren 24an, 17:30etatik aurrera, ilustratzaile japoniarrak familia guztiari (aitak, amak, semeak eta alabak) zuzendutako tailerra emongo dau; bertan, collage teknikea eta ezustekoaren elementua (baliabide legez) landu, eta irudi harrigarriak eregiko ditue, papelezko laukizuzen baten bitartez.
Ondoren, Komagatak berbaldi bat emongo dau ilustrazinoaren nahiz arte plastikoen profesionalei, hezitzaileei, gurasoei eta bestelakoei zuzenduta, eta bertan, artea umeei hurrerazoteko dauen era bereziari buruzko hausnarketea egingo dau.
Diseinu grafikoaren munduan 25 urtetik gora daroaz eta Katsumi Komagata bere herrialdeko sortzailerik garrantzitsuenetakoa da. 1990tik, Komagatak umeentzako garatutako ikus-estimulazinorako zenbait liburu argitaratu ditu; liburuok berbak baino harago dagozan istorioak kontetan ditue, koloreen, argien, itzalen, zabaltzen diran formen edo ehunduren bitartez.
Era berean, ikumen-liburuak sortu ditu itsuentzat, Les Trois Ourses, Les doigts qui rêvent eta Parisko Pompidou Zentroagaz lankidetzan. Lan horregaitik, Komagatak zenbait sari jaso ditu, besteak beste, Boloniako Haur Liburuen Nazinoarteko Azokearena 2000. urtean eta Tokyo Design Award saria 2006an, Tokioko Kyushu umeen ospitaleko umeakaz egindako lanagaitik.
Umetxuentzako liburuen Little eyes saila bi helburugaz diseinau zan: batetik, ume txikien jakinmina estimuletako, eta, bestetik, gurasoen eta seme-alaben arteko alkarreragina bultzatzeko. Komagatak egindako lan guztiek sorpresea eragin nahi dabe deskubrimenduaren aurrean, eta, ondorioz, lanetako bakotxa artelan bat balitz legez hartzen dau.
1997tik, erakusketak, berbaldiak eta tailerrak egiten ditu herrialde ugaritan, eta interes berezia dauka umeakan sormena bultzatzeko eta gurasoen eta seme-alaben arteko komunikazinoa indartzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!