Kulturearen Euskal Kontseiluak ontzat emon dau 2011rako lan-plana

Bizkaie! 2011-02-14 16:55   kulturbiz

Jasotako 700 ekarpenak aztertu dira Bilbon; horreetatik % 75 ekintza-plan eragileei buruzkoak, eta beste % 25 dokumentu teorikoari buruzkoak.

Bilboko Euskalduna jauregian gaur goizean batzarra egin ostean, Kulturearen Euskal Kontseiluak ontzat emon dau Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak talde eragileak martxan ipinteko egin dauen proposamena. Jasotako 700 ekarpenak aztertu dira gaur Bilbon; horreetatik % 75 ekintza-plan eragileei buruzkoak ziran, eta beste % 25 dokumentu teorikoari buruzkoak.

Batzarrean modu positiboan balorau dira bai egindako ekarpenen maila bai euren tonua eta edukien aberastasuna be. Talde sektorialez gan, zeharkako talde ugari sortuko dira –sormena, barrikuntzea, euskerea, genero-politikak, kulturartekotasuna eta gazteak eta kulturea–, urtean 45 lan-bileratik gora egingo dituenak. Batzarrotan garrantzitsutzat joten diran edo agenteek eta herritarrek proposatzen dituen ekintzen lehentasunak finkatuko dira, baita horren jarraipena zelan egin be.

Planak zuzenean inplikauko ditu Eusko Jaurlaritzako hainbat sail eta zerbitzu batzuk be; esate baterako, Hezkuntza eta Industria, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzea, Gazteria eta Immigrazinoa eta Emakunde. Kontseilukideek be parte hartuko dabe taldeotan; holan modu zuzenagoan izango dabe lanen barri eta harreman estuagoa eukiko dabe agenteekaz.

Aurten gitxienez Erakundearteko Batzordearen batzar bi eta Kontseiluaren bakar bat egin nahi ditue, egindako lana ebaluetako eta 2012rako plana ontzat emoteko. Kontseiluak wikia lanerako erabilten jarraituko dau, eta bertan batuko da taldeen ebaluazinoari buruzko informazino guztia, dokumentazino lagungarria eta kideek egiten dituen ekarpenak.

Instituzinoek lau kidek osotutako lantalde paritarioa sortuko dabe, eta haren konpromisoa izango da, ahal dan neurrian, martia amaitu baino lehen esparru teorikoaren ganean egindako ekarpenak aintzakotzat hartzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu