Merioaren ibilbidea ezagutu dabe Durangaldeko 400 ikaslek

Bizkaie! 2011-01-26 13:14   kulturbiz

Asteon hasi ditue Durangaldeko ikastetxeek Merioaren ibilbidera bisitak. Danetara, 10-12 urte arteko 400 neska-mutikok bisitauko dabe ibilbidea eta Durangaldeak historian izan dauen antolaketa sozio-politikoa ezagutuko dabe. Modu horretan, aurrez irakurri daben Merioaren ipuineko pasarte asko hurretik bizi ahal izango ditue.

Asteon hasi ditue Durangaldeko ikastetxeek Merioaren ibilbidera bisitak. Danetara, 10-12 urte arteko 400 neska-mutikok bisitauko dabe ibilbidea eta Durangaldeak historian izan dauen antolaketa sozio-politikoa ezagutuko dabe. Modu horretan, aurrez irakurri daben Merioaren ipuineko pasarte asko hurretik bizi ahal izango ditue.

2010ean hasitako proiektuaren jarraipena da Merioaren ibilbidea. Merioak Durangaldeko historio politiko-administratiboan eban pisua kontuan hartuta, pertsonaia hori erabili dau Gerediaga Elkarteak Durangaldeak historian izan dauen antolaketa sozio-politiko zabaltzeko.


Merinaldea

Durangoko merinaldea (Durangaldea eskualdea holan zan ezaguna) eskualdeko udalerrien antolaketarako egitura politikoa izan da aspalditik. Egitura horretako erabagi bileratan lurraldeko 12 eleizateek parte hartzen eben. Lau uriek, berbarako, ez eben botorik. Durangoko Foruaren arabera gobernetan ziran lehenengo, eta Bizkaiko foruaren arabera gero. Merinaldeko bilerak Gerediaga ermita aurreko zelaian egiten zituen. Azken bilerea 1875. urteko abenduaren 27an egin eben. Bilerak, jasota dagozan dokumentuen arabera, Erdi Arotik egiten ziran. Urien kasuan, bakotxak bere forua izaten eban, jaun sortzaileek emonikoa.

Durango merinaldea honako 12 eleizate ziran: Abadiño, Izurtza, Mañaria, Iurreta, Garai, Berriz, Mallabia, Zaldibar, Sanagustinetxebarria, Arrazola, Axpe eta Apatamonasterio. Eta eskualdeko uriak lau: Durango, Ermua, Otxandio eta Elorrio.


Ipuina

Merioaren ibilbidea: hegaldi bat lehenaldian ipuina 2010eko apirilean argitaratu dau Gerediga Elkarteak. 60 orrialdeko liburuxkea da eta 10-12 urte arteko gaztetxuei zuzenduta dago. Ipuinaren egilea Patxi Zubizarreta izan da, 2010eko Euskadi Literatura sariduna. Ipuineko ilustrazinoak, barriz, Patirke Belaza ilustratzaile bilbotarrak egin ditu.


Bisitea

Merioaren ipuina oinarri hartuta, ikastetxeei zuzendutako bisita programea eratu dau Gerediaga Elkarteak. Egun osoko bisitea da eta eskualdearen antolaketa sozio-politikoan esanguratsuak izan diran lekuak ikusten ditue.

Goiuria (Iurreta): Merinaldearen ikuspegi fisiko orokorra izateko bisitauko daben lehen lekua da.

San Juan de Momoitio (Garai): Erdi Aroko baseleizea. Erlijino-funtzinoaz gan, biztanleak kofradietan antolatuta batzen ziran hemen. Kofradiak ziran gizarte-antolamendurako lehenengo erakundea.

Garaiko eleizatea: Kofradiak, nahikoa ez, eta arerioen aurrean eleizatea zan erakunde indartsuagoa. Eleizateenak berenberegi ziran ezaugarriak gordeten dira Garain.

Gerediaga (Abadiño): Durangaldeko 12 eleizateetako alkateen bilgunea. Eleizate arteko koordinazino-lanak eta gobernu-erabagiak hartzen ziran bertan.

Astolako Auzitegi Etxea (Abadiño): Merinaldeko erdigune administratiboa: Merioaren egoitza, auzitegia eta kartzelea.

Muntsaratz dorretxea (Abadiño): Durangaldeak Nafarroagaz loturea izan eban 1200era arte. Urraka andrea, Nafarroako erregearen alabea, Muntsaratzeko Jaunagaz (Pedro Ruiz de Muntsaratz) ezkondu zan.

Sanagustinetxebarria (Elorrio): Eleizpean dagoan kaperan Munio Sanchez eta Leguncia Durangaldeko kondeen momiak dagoz, historikoki ezagun diran Merinaldeko lehen agintariak.

Elorrioko uria: Bizkaiko Jaunek sortu, garatu eta harresitu zituen uriak. Durango Merinaldeko erakundeetan ez eben parte hartzen, bai '14 herrien batzordean'.


Proiektua

Gerediagak Merioaren ibilbidea proiektua garatzen jarraitzen dau. Gaztetxuenei zuzendutako ipuina argitaratu eban igaz; orain ikastetxeei zuzendutako bisita-gidatuei ekin deutse. Durangaldeko ikastetxeak izango dira lehenengoak. Baina Merioaren ibilbidea egin eta garai bateko egitura sozio-politikoa ezagutzeko aukerea eskualdez kanpoko ikastetxeei be eskainiko jake.

Horrezaz ganera, barruko eta kanpoko turismora begira Merioaren ibilbideari buruzko eskuorriak prest dagoz eta hurrengo zeregina ibilbidea seinalez hornidutea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu