Jesus Guridiren 'El Caserio' zarzuelea Bilboko Arriaga Antzokian izango da urtarrilaren 21etik 29ra
2011-01-18 10:25 kulturbizEl Caserío Bilboren sentimentuagaz eta Arriaga Antzokiaren historiagaz lotuta dago. Hori dala eta, Arriagak zarzuela honen muntaia barria produzidutea erabagi dau, Pablo Viar bilbotar aktore eta zuzendari gaztearen eszena zuzendaritzapean, Daniel Biancoren eszenografiagaz, eta Jesus Ruizen jantziakaz.
Jesus Guridiren El Caserío zarzuela ospetsua Bilboko Arriaga Antzokian izango da ikusgai urtarrilaren 21etik 29ra bitartean. Antzoki bilbotarraren produkzinoa da, Oviedoko Campoamor Antzokiagaz batera egindakoa, Arriaga Antzokiko iturriek jakinarazo dabenez.
Guridik 1926an estreinau eban El Caserío Madrilgo Zarzuela Antzokian. Musikaria Gasteizen jaio zan arren, Bilbo uriagaz lotura handia izan eban. Gaztea zala, El cuartito ospetsuan parte hartu eban, Bilbon bizi, lan egin eta ezkondu zan, eta Bilbon konposatu eta estreinau zituan, besteak beste, Mirentxu eta Amaya obrak. Hori dala eta, Guridiren El caserío bilbotar askoren sentimenduan dago.
Zarzuelearen libretoa Federico Romero oviedoarrak eta Guillermo Fernandez-Shaw madrildarrak idatzi baeben be, El Caserío Bilboren sentimentuagaz eta Arriaga Antzokiaren historiagaz lotuta dago. Hori dala eta, Arriagak zarzuela honen muntaia barria produzidutea erabagi dau, Pablo Viar bilbotar aktore eta zuzendari gaztearen eszena zuzendaritzapean, Daniel Biancoren eszenografiagaz, eta Jesus Ruizen jantziakaz. Rossini Abesbatzak, Bilbao Philarmonia orkestrak, Miquel Ortegaren zuzendaritzeak eta aktore zerrenda parebakoak produkzino honen arrakastea bermatzen dabe. Berbarako, Angel Ódena, Marta Ubieta, Mikeldi Atxalandabaso, Alberto Núñez, Itxaro Mentxaka eta Izaskun Kintana abeslariek osotzen dabe zarzuela honetako abeslari-zerrendea; bertan, Jon Ariño eta Antonio Rupérez aktoreak be badabilz. Interprete horreek aurretik Arriaga Antzokiaren produkzino lirikoetan ibilitakoak dira. Antzezle-zerrendea Aukeran konpainiako bederatzi jantzarik be osotzen dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!