Guggenheim Bilbao Museoak 956.417 bisitari izan zituan 2010. urtean

Bizkaie! 2011-01-03 16:17   kulturbiz

Guggenheim Bilbao Museoa buru da Europan kultura-erakundeen artean autofinantzaketa mailari jagokonez: 2010ean % 67koa izan zan, hau da, gastau ziran 3 eurotik 2 Museoak berak sortu zituan.

Guggenheim Bilbao Museoak 956.417 bisitari erakarri zituan 2010ean, 2009an baino ia % 6 gehiago; gainditu egin da, beraz, aurrez ikusitako bisitarien kopurua mundu osoko egoera ekonomiko larri honetan, eta, kontuak kontu, emoitzak sano onak dira.

Bisitarien jatorriari jagokonez, azpimarratzekoa da 2010ean, 2 puntutan gora egin ebala atzerritarren kopuruak: guztien % 62 izan ziran, besteak beste, Frantziatik, Erresuma Batutik eta AEBtik hurreratu ziranak. Estadu espainiarreko bisitariak % 25 eta EAEkoak % 13 izan ziran, aurreko urteetako antzeko portzentajeak. Nabarmentzekoa da, Holandako eta Flandeseko Urrezko Aroko pintureari eskainitako erakusketea dala eta, tokiko bisitari gehiago izan zirala urtearen azken hiruhilekoan, hain zuzen, aurreko ekitaldian baino % 11,4 gehiago, hau da, guztien % 26,7.

Bestalde, www.guggenheim-bilbao.es webgunean 1.091.253 bisita izan ziran 2010ean, eta 4.809.620 orrialde begiratu ziran; 2009an baino % 14 eta % 1,3 gehiago, hurranez hurran.

Hezkuntza-egitarauei jagokenez —Guggenheim Bilbao Museoak askotariko parte-hartzaileentzat antolatzen ditu, besteak ebste, irakasleentzat, umeentzat, familientzat, gazteentzat, Lagunentzat, baztertzeko arriskuan dagozanentzat…—, 724.506 lagunek esku hartu eben 2010eko jardueraren batean, hau da, 2009an baino % 26,7 gehiago.

Kide Korporatiboen Programeari jagokonez, egun 126 enpresa eta erakunde dagoz horretan; beraz, gaur egungo egoera ekonomiko okerrak gehien kaltetu dauen taldeetako bat da, eta, batez be, beheko kategoriei eragin deutse. Edozelan be, Banakako Kideen programan izen-emoteek gora egin eben nabarmen: 2010ean 16.600 Lagun ziran, 2009an baino 500 bat gehiago; izan be, etenbarik gora egin dau kopuruak Museoa zabaldu zanetik eta horrek aditzera emoten deusku
hurrekoek Museoa babesten dabela.

Guggenheim Bilbao Museoaren jarduerek 2010. urtean EAEko ekonomian zer eragin izan eben aztertu da eta hona hemen nabarmentzeko alderdiak:

• 212.925.617 euroko guztizko gastu zuzena, hau da, bisitari bakotxak 223,97 euroko batez besteko gastua egin eban Euskadin 2010ean Museoaren jardunaren ondorioz.

• 193.228.895 euroan aberastu zan BPG 2010ean Museoaren jardunaren ondorioz.

• 26.315.843 euroko sarrera gehigarriak izan zituen Euskal Ogasun Publikoek jarduera ekonomiko horren eraginez.

Azkenik, Guggenheim Bilbao Museoa buru da Europan kultura-erakundeen artean autofinantzaketa mailari jagokonez: 2010ean % 67koa izan zan, hau da, gastau ziran 3 eurotik 2 Museoak berak sortu zituan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu