Bilboko Kafe Antzokiak 15 urte 15ean

Bizkaie! 2010-12-15 12:02   kulturbiz

Gaur, abenduak 15, 15 urte beteko ditu Bilboko Kafe Antzokiak, eta egun hori holako urtemuga batek merezidu dauen legez ospatzeko aukerea dago gaur areto bilbotarrean 'hasiera haretan amesa zana era batera edo bestera gauzatzen lagundu deuskuen adiskide guztiakaz'.

Gaur, abenduak 15, 15 urte beteko ditu Bilboko Kafe Antzokiak, eta egun hori holako urtemuga batek merezidu dauen legez ospatzeko aukerea dago gaur areto bilbotarrean 'hasiera haretan amesa zana era batera edo bestera gauzatzen lagundu deuskuen adiskide guztiakaz'.

Orain dala 15 urte, helduen euskalduntze lanetan ebilzan lagun batzuek irakaskuntza soiletik haragoko pausu sendoa emotea erabagi eben, gure urian Euskerearen Herria osotzen eben eta ha osotu guran ebilzan lagunei arnasbide barriak emoteko asmoz.

Gabriel Aresti euskaltegiko irakasle hareek Kafe Antzokia egitasmoa jarri eben abian orain hamabost urte. Horretarako, San Vicente zinema areto zaharra erabarritu eta erabilera anitzeko aretoaren etxurea emon eutsen, garai haretan erabat barria eta barrizalea zan etxurea emon be.

Zazpi pisuko eraikin batean, Kafe Antzokia bera sortzeaz gan, Gabriel Aresti euskaltegiaren atal bat, Bilbo Hiria Irratia, Kurkuluxetan umegunea, Gara argitaletxea eta beste zenbait zerbitzu antolatu zituan garai haretan Zenbat Gara alkarteak, euskaldunok apur bat hurrago euki ahal izateko Bilbon bertan Euskerearen Herri hori.

Esan barik doa egitasmoak erantzun ezin hobea jaso ebala berehala bilbotarrakandik zein Bilbotik kanpoko lagunakandik. Eta erantzun harek berme sendoa emon eutson proiektuari, eta sortzaileei aurrera egiteko indarra eta kemena.

Kafe Antzokiarena gure erroetan sakon finkatuta dagoan proiektua da, duda barik, baina, aldi berean, ederto jakin dau, ghetizazino joera guztiei iges eginez, munduari zabalik egoten eta bardintasunezko hartu-emonen bitartez gurea inorenagaz parekatzen eta inorena etxe barrura ekarten.

Eta 15 urteko epe luze bezain labur honetan gauza asko egin eta finkatu ditu Kafe Antzokiak. Euskaldunak ez eze, erdaldunak be euskerara eta euskal musikara hurrerazoteko lana egin dau. Erdaldun askok euskereagaz eta euskal doinuakaz lehenengo kontaktua berton izan dabe. Eta kanpoko jente askorentzat be Bilboren kultura eta aisialdi erreferentzia nagusietako bat dogu Kafe Antzokia.

Musika kontzertuak, antzerki emonaldiak, prentsaurrekoak, liburu eta diskoen aurkezpenak, alkartasun jaiak eta beste hainbat kultura emonaldi egin ohi dira bertan. Batez beste, 250 bat kultura emonaldi urtean. Baina baita asteburuetako parrandak, goizetako gosariak, eguerdietako bazkariak eta arratsaldeko kafeak be. Jente eta giro anitz izaten da leku berean, egunaren eta orduaren arabera.

Eta ereduaren arrakasteak bultzatuta, Ondarroan be zabaldu eban Zenbat Gara kultura alkarteak beste kafe antzoki bat. Ordutik beste zenbait kafe antzoki sortu dira han-hemenka. Eta ez dira gitxi atzerritik planteamendu eta kudeaketa modu hau aztertzera hurreratu diran lagunak. Hau da, Kafe Antzokia letra larriz idaztetik letra xehez idaztera igaro gara, jenteak han-hemen berea egin dauelako behinola sortutako proiektua.

Eta denpora honetan, Kafe Antzokiak bere programazinoaren bidez edade, jokera eta pentsaera guztietako herritarren nahiak eta beharrak asetzeko ahalegin handiak egin ditu, beti be eskaintzaren orekea bilatuz. Programazino horren barruan, hileroko zenbait atal finko oso garrantzitsuak dira: hileroko Dantza Ganbara kasu, J.A. Urbeltzen eskutik edo Anje Duhaldek gidatzen dauen Lagun Artean Kantari, kantagintza saioa. Umeentzako eskaintza be askotarikoa da: domeka arratsaldeetako Olgetan, antzerki topaketak, eskola arteko kantu topaketak, arte eszenikoen eskola... Eraikin berean Gabriel Aresti euskaltegia eta Bilbo Hiria Irratia dagozala ahaztu barik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu