Kulturako Euskal Kontseiluak edegia izateko bokazinoa dauela adierazo dau Urgellek
2010-12-14 09:48 kulturbizBileran planteau dan helburua izan da hilebete baino lehen prest izatea behar beste eztabaidatutako eta adostutako dokumentu bat, Talde Eragileak berehala eratu ahal izateko, hau da, 'errealidadeagaz hartu-emonetan jarriko gaituenak, gure kulturearen sektore edo arlo bakotxaren egiazko ikuspegia, beharrizanak eta mobimentuak ezagutarazoko deuskuezanak'.
Urte eta erdiko etenaren ostean, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Kulturako Euskal Kontseilukide barriak (Patxi Salaberri euskaltzain osoa da aurreko kontseiluko bakarra) atzo batu ziran Guggenheim Bilbao Museoan eta kontseilukide guztien ahotsak etorkizuneko euskal kulturearen ildoak finkatzen lagundu behar dabela azpimarratu eban. Urgellek eskerrak emon deutsiez, bere izenean eta Eusko Jaurlaritzarenean, Kulturearen Euskal Kontseiluaren osoko bilkuran parte hartu daben erakunde eta norbanako guztiei, datozen urteetako euskal kulturearen egoerea hobetzeko modu aktiboan esku hartzeko agertu daben interesagaitik.
Urgell and.aren esanetan, 'planifikazino estrategiko barritzaile hau behin betiko abiarazoteko momentua da. Baina pausu bat besterik ez da. Hemen proposatzen deutsuegun hasierako dokumentu honen balioa eta egokitasuna ziurtatuta egongo dira talde eragileeen lan handi eta konprometituaren bermea badabe, eurek moldatuko dituelako, eta taiutu, euren eretxiak, errealidadeagaz kontrastatuz eta kulturearen sektore guztietako ordezkariakaz alkarlan estuan'.
Blanca Urgellek azaldu dau Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua 'dokumentu edegi eta bizia' dala, lantzen jarraitu behar dana, arlo honetako jardunaren esparrua finkatze aldera. 'Kontseilu hau osotzen dogun guzti-guztion ahotsak, gobernantza egoki bati jagokon legez, datozen urteetako euskal kulturearen estrategia markauko daben ildoak sendotzeko balio behar dau'.
Bileran planteau dan helburua izan da hilebete baino lehen prest izatea behar beste eztabaidatutako eta adostutako dokumentu bat, Talde Eragileak berehala eratu ahal izateko, hau da, 'errealidadeagaz hartu-emonetan jarriko gaituenak, gure kulturearen sektore edo arlo bakotxaren egiazko ikuspegia, beharrizanak eta mobimentuak ezagutarazoko deuskuezanak'.
Horrezaz gan, Kulturako sailburuak leialtasuna eta exijentzia eskatu deutsoz Kulturearen Euskal Kontseiluari, 'lankidetzarako partaidetza-erakunde bat baita. Baliogarria izango da, batzeko baliagarria dan neurrian; bestela, hemen batzen garen gobernu-erakundeak kritiketako, badira bestelako entidade batzuk gure egitura instituzionalean. Gogoeteak kritikea daroa beragaz baina hemen eskatzen dogun kritikak beste errealidade desbardin eta hobe bat izan behar dau helburu', berretsi dau.
Aurreko gobernuko Kultura sailburu Miren Azkaratek kritika gogorrak egin deutsoz Kulturearen Euskal Kontseiluaren osoketa barriari eta Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuari. Kulturearen Euskal Planak euskerearen zazpi lurraldeak hartzen zituan aintzat Azkaratek azaldu dauenez, eta horregaitik sartu ziran Kulturearen Euskal Kontseiluan Ipar Euskal Herriko nahiz Nafarroako hainbat alkartetako ordezkariak. Orain, barriz, ez dago holakorik. Gainera, kontseiluaren funtzionamendua arautzen dauen dekretuak hola egitea eskatu arren, kideen hautaketea sektoreakaz berbatu barik egin dala salatu dau Azkaratek.
Euskal Kultur Erakundea, Euskal Kultura Elkargoa, Bertsozale Elkartea eta Euskal Herriko Antzerkizaleen Alkartea dira Kulturearen Euskal Kontseiluan ordezkaririk ez daben alkarteetako batzuk.
Era berean, aldaketak zilegi dirala onartu arren, aldaketok egiterakoan zintzoago eta zentzunez jokatzeko eskatu deutse Azkaratek Kultura Saileko arduradunei, eta autortu daiela euskal nazinoa minimizau nahi dabela Madril aldera begiratzeko.
Urgellen erantzuna izan da Euskadi ezin dala uharte kulturala izan. 'Guk munduari begiratzen deutsagu. Gure ideia da Euskadik kanpora begiratu behar dauela eta ezin dala izan euskal kulturearen parke tematikoa. Euskal herritar garen neurri berean izan behar dogu munduko, eta hori pentsamendua zabalduta lortzen da, eta ez pentsamendua zarratuta'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!