2010ean baino erakusketa bat gitxiago izango da Guggenheim Bilbao Museoan datorren urtean

Bizkaie! 2010-12-02 14:49   kulturbiz

2011. urterako programazino artistikoa onetsi dabe bileran eta gastuen murrizketea dala eta, 2010ean baino erakusketa bat gitxiago izango dala aurreikusi da. Halan da be, egoera hori orekatzeko, Guggenheim Bildumen funtsen aurkezpen gehiago izango da.

Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuak 2010. urteko bigarren saioa izan dau bart; Lehendakaria, Patxi López jauna, izan da mahaiburua eta ondorengoek parte hartu dabe: José Luis Bilbao jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazinoaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Blanca Urgell andrea, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailburua; Josune Ariztondo andrea, Kultura Diputadua; Iñaki Azkuna jauna, Bilboko Alkatea; Richard Armstrong, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en eta Foundation-en Zuzendaria; Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusia, eta Fundazioaren gobernu-organo gorena osotzen daben enpresen eta erakundeen ordezkariak.

Bilera honetan 2011. urterako aurrekontua ontzat hartu da. Egungo egoera ekonomiko gogorraren ondorioz diru-sarrerek behera egitea aurreikusten da; hori dala eta, 2010ekoagaz konparauta % 0,7 gitxitu da datorren urterako aurrekontua, eta 2009koari erreparau ezkero % 9. Azken bi urteotan, aurrekontuak behera egin dau ia 2,5 miloe eurotan. Gastuei jagokenez, programazino artistikorako eta bestelako funtzionamendurako diru-kopurua murriztu egin da, aurreko ekitaldietan hasi zan euste politikeari jarraituz.

Era berean, 2011. urterako programazino artistikoa onetsi da. Gastuen murrizketea dala eta, 2010ean baino erakusketa bat gitxiago izango dala aurreikusi da. Halan da be, egoera hori orekatzeko, Guggenheim Bildumen funtsen aurkezpen gehiago izango da.

Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918—1936 zezeilean aurkeztuko dan erakusketea da. Ezagutzera emongo ditu bi mundu gerren arteko garaian gailendu ziran arte adierazpideak –pinturea, eskulturea, argazkigintzea, arkitekturea, zinema, moda eta dekorazino arteak– eta Fernand Léger, Pablo Picasso, Giorgio de Chirico, Mario Sironi, Oskar Schlemmer eta Otto Dix moduko artisten lanek agirian jarriko dabe sasoi haretako artistek aurreko urteetako edozelako barriztapena baztertu ebela eta ordena eta klasizismoa berreskuratu zituela.

Apirilean, Bitarte argitsua erakusketea zabalduko da, D. Daskalopoulos Collection bildumearen artelanek osotutako lehen aurkezpen publikoa. Izan be, munduko arte garaikideko bilduma handienetakoa da hori eta askotariko baliabidez egindako lanak barrru hartzen dituan arren, eskulturak eta instalazinoak nabarmentzen dira. Erakusketa horretan ikusgai izango dira azken hiru hamarkadetan 30 artistek egin dituen neurri handiko hirurogei bat lan garrantzitsu. Egileen artean dagoz Matthew Barney, Louise Bourgeois, Martin Kippenberger, Robert Gober, Mike Kelley eta Annette Messager, besteak beste, baita Paul Chan, Guyton/Walker, Nate Lowman eta Wangechi Mutu talentu gazteagoak be.

AEBko eta Europako abstrakzinoa 1950eko eta 1960ko hamarkadetan izango da bagiletik aurrera, 2011ko Guggenheim Bildumen lehen aurkezpena. Erakusketa horrek AEBn eta Europan artegintza tradizionala alde batera itxi eta keinu-pinturearen alde egin eben mobimentu garrantzitsuenak aztertuko ditu: Espresionismo abstraktua, Kolore-eremu pintura eta Pop artea izan ziran joera nagusiak AEBn, eta CoBrA taldea, Tatxismoa eta Informalismoa Europan. Ikusgai izango diran artisten artean dagoz, besteak beste, Jackson Pollock, Willem de Kooning, Ellsworth Kelly, Robert Rauschenberg, Karel Appel, Alberto Burri, Antoni Tàpies, Yves Klein, Jean Tinguely eta Piero Manzoni.

Guggenheim Bilbao Bildumearen aukeraketak II Museoaren funtsak ezagutzera emoteko antolatuko dan bigarren aurkezpena izango da. Erakusketa horrek 1980ko eta 1990eko hamarkadetako artean sakonduko dau. Garai haretan adierazpen artistikoaren esparru personalagoa berreskuratu eben artistek: pintzelkada bortitzagoa erabiliz, Por artetik eta Minimalismotik aldendu ziran. Jean Michel Basquiat, Anselm Kiefer, Miquel Barceló, Julian Schnabel, Juan Muñoz, Cristina Iglesias, Miquel Navarro, Juan Luis Moraza eta Francesc Torres moduko artisten lanak izango dira ikusgai.

Amaitzeko Brancusi-Serra erakusketea, XX. mendeko eskulturearen bi irudi gailenetakoei eskainiko jakena, izango dogu urrian. Artista bakotxaren hogeita hamar bat lanek agirian itxiko dabe mende oso baten zehar biek erabilitako materialak: Brancusik marmola, zura, zementuaz, igeltsua eta brontzea erabili zituan, eta Serrak altzairuaz, kautxua, beruna eta neonezko tutuak. Oro har, euren artelanak buztartzeak eskulturearen indar unibersal eta iradokitzailea ulertzen lagunduko dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu