Sabino Arana Fundazinoak lau lan barri aurkeztuko ditu Durangoko Azokan

Bizkaie! 2010-12-02 14:24   kulturbiz

Gontzal Mendibil musikariak eta Iñaki Goiogana historialariak Sabino Arana Fundazinoak paratutako azken argitalpena aurkeztuko dabe, hau da, Agirre lehendakariaren zin egitearen eta lehenengo Eusko Jaurlaritzearen eraketearen antzezpena jasoten duten liburua eta DVDa.

Sabino Arana Fundazinoak lau lan barri eroango ditu abenduaren 4tik 8ra bitartean ospatuko dan 45. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokara. Holan, Gontzal Mendibil musikariak eta Iñaki Goiogana historialariak Sabino Arana Fundazinoak paratutako azken argitalpena aurkeztuko dabe, hau da, Agirre lehendakariaren zin egitearen eta lehenengo Eusko Jaurlaritzearen eraketearen antzezpena jasoten duten liburua eta DVDa. Aurkezpen-ekitaldia abenduaren 6an egingo da, 16:00retan. Aitatu ekitaldien antzezpena Gernikan grabau zan joan dan urriaren 7an; eszenifikazinoa, bestalde, Agirre lehendakariaren heriotzearen 50. urteurrena ospatzea helburu, AL50 Batzordea 2010 honetan garatzen dagoan ekitaldietako bat izan zan.

Gainera, Sabino Arana Fundazinoak beste hiru argitalpen barri be eroango ditu Durangora. Horreetako bat Jose Antonio Agirreren egunkariaren edizino faksimilea da. Egunkari horretan, naziek hartuta euken Europatik iges egiteari ekin eutson egun berean, 1941eko urtarrilaren 7an, Agirre idazten hasi zan oharrak eta bizipen personalak jasoten dira, 1942ko maiatzaren 28ra, idazteari itxi eutson egunera artekoak, hain zuzen. Erregistro personal hori egunez egun bete eban, urte eta erdian.

Era berean, irakurleek Jean-Claude Larronde historialariaren Luis Arana Goiri (1862-1951). Historia del Nacionalismo Vasco liburua be topauko dabe. Azterlan zehatz horretan egileak, EAJ-PNVren sortzailekidea (bere anaia Sabino Aranagaz batera) izan zanaren bizitzan eta ibilbide historikoan zehar eroango dau irakurlea.

Sabino Arana Fundazinoak aurkeztuko dauen hirugarren argitalpena, Felipe Egiguren. Benetako abertzalea. Un abertzale íntegro liburua da. Lana Hamaika oroimen askatasunarentzat bildumako hirugarren argitalpena da. Bilduma horren helburua Euskadik bizirik irauteko eta euren askatasunaren alde dana emonda, gaur egun euskal gizartearentzat ezezagunak diran euskaldun hareetako askoren bizipenak eta esperientziak ahanzturatik berreskuratzea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu