Euskerea eta alaitasuna zabaldu gura ditue Irrien Lagunak klubaren bidez
2010-11-18 14:41 kulturbizPorrotx pailazoak azaldu dauenez, 'euskerea eta alaitasuna zabaltzeko asmoz hasi ginan lanean, baina denporeagaz konturatu gara, horri baloreak gehitu behar jakozala'. Holan, Irrien Lagunak klubaren bidez, euskerea ez eze, gizartetik hartutako balore asko be sustatu gura ditue umeen artean.
Bilbon aurkeztu dabe proiektu barria, 'apustu anitz eta sendoa', sustatzaileen esanetan. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen eta euren lagunen Katxiporreta taldea dago egitasmo barriaren atzean, Berria egunkariagaz eta Elkar argitaletxeagaz batera. Oraingoz, webgunea eta hileroko aldizkaria izango dira Irrien Lagunak klubaren ardatzak.
Orain dala urte bi hasi ziran proiektua mamitzen eta hausnarketa luzearen ostean, Irrien Lagunak kluba izan da emoitzea. Porrotx pailazoak azaldu dauenez, 'euskerea eta alaitasuna zabaltzeko asmoz hasi ginan lanean, baina denporeagaz konturatu gara, horri baloreak gehitu behar jakozala'. Holan, Irrien Lagunak klubaren bidez, euskerea ez eze, gizartetik hartutako balore asko be sustatu gura ditue umeen artean, 'euskeratik euskerara joan behar dogu eta bizikidetzearen, ekologismoaren eta antzekoen alde be egin behar dogu', aitatu dau Joxi Oiarbide webguneko koordinatzaileak.
Katxiporreta taldea, Berria egunkaria eta Elkar argitaletxea alkarlanean jardungo dira egitasmo barrian eta ganerako eragileei be ez deutsie aterik zarratu nahi, 'euskerazko produktuen merkadua sendotu eta finkatu behar dogu eta horretarako, indarrak batzea ezinbestekoa da', azpimarratu dau Joan Mari Larrartek, Berriaren izenean. Jose Mari Sorsek, Elkarren izenean, ideia bera nabarmendu dau eta ganeratu dauenez, 'euskal kulturan inbertidu behar dogu, hortik etekina atara eta atzera euskal kulturan berrinbertiduteko'.
Irrien Lagunak klubeko kide izatea dobakoa da eta edonori zuzenduta dago, batez be ume euskaldunei.
Klubak webgunea be badauka, www.irrienlagunak.com, ondo hornidutako webgunea duda barik: Pirritx, Porrotx eta Marimotots zein euren lagunen ganeko datuak, zientzia alorreko bitxikeriak, klubeko kideei zorionak emoteko gunea, bideoak eta beste informazino asko dakarz. Ganera, sustatu gura dituen balore guztiak lantzeko jarduerak be egongo dira eskuragai.
Beste alde batetik, Irrien Lagunak klubaren aldizkaria, Irria izenekoa, argitaratuko dabe, hilero-hilero, urtean hamar zenbaki guztira. Aldizkaria jasoteko ordaindu egin beharko da, urteroko harpidetzea 45 eurokoa da baina harpidedun izateak abantaila ugari be emongo ditu. Kolore bizidun aldizkaria izango da, izen handiko idazle eta marrazkilarien laguntzeagaz eginikoa. Gari Berasaluze Irria aldizkariko arduradunak azaldu dauenez, batez be, bi eta zortzi urte bitarteko umeentzat aproposa izango da, izan be, 'adin tarte horretarako hutsunea dagoala konturatu gara'.
Pirritx pailazoak ume bi euki barri ditu, Pupu eta Lore, eta horreek aurkezten be badabilz Katxiporreta taldeko lagunak. Irrien Lagunak klubeko, webguneko zein aldizkariko protagonista nagusiak izango dira umetxo biak, Euskal Herriko ganerako ume eta gaztetxuakaz batera. Porrotx pailazoak azpimarratu dauenez, 'munduari euskerearen kolorea emon gura deutsagu'.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!