'Haragizkoa' lanean, Omar Nabarroren poemak musikatu ditu Rafa Ruedak
2010-11-17 14:47 kulturbizHaragizko amoreak liburuan Edorta Jimenezek Omar Nabarro ezizenagaz idatzitako olerkiak dira lan barriaren oinarria. Bederatzi poema hautatu eta, Rafa Ruedak musikatuta, diskoa eta ikuskizuna atondu ditue.
Haragizko amoreak liburuan Edorta Jimenezek Omar Nabarro ezizenagaz idatzitako olerkiak dira lan barriaren oinarria. Bederatzi poema hautatu eta, Rafa Ruedak musikatuta, diskoa eta ikuskizuna atondu ditue. 'Norberaren sentimenduak ahotsez adierazotea da gatxena, paperetik ahotsera iragateko prozesua', autortu dau Edorta Jimenezek. Poema batzuk berak errezitau ditu eta beste batzuk, Rafa Ruedaren ahotsean entzun leitekez Haragizkoa diskoan eta ikuskizunean.
Olerki gehienak erotismoaren eta maitasunaren ingurukoak dira, baina badago Bilbori eskainitako beste bat, Titanioa izenburuduna, eta Omar Nabarroren gogoetak batzen dituan azkeneko poemea. 'Zintzotasunaren bila nabil orain', aitatu dau Edorta Jimenezek, 'lan honetan neure barruko sentimenduak azaleratu dodaz, tabu barik'.
Rafa Ruedak azaldu dauenez, olerkiei musikea jarteko orduan, esperimentetako tartea hartu dau, 'orain arte egin dodazan lanetatik urrundu gura izan dot estiloaren aldetik'. Horregaitik, New Yorkeko Zeljiko MacMullenen estudioan moldatu ditue abestiak, ohikoak ez diran soinuak eta baliabideak gehitu deutsiez han. Bestetik, Jaime Nieto baxujolearen laguntzinoa be badaukie.
Diskoa zein ikuskizuna, Joseba Barrenetxearen argazkiez jantzi dabe, 'irudiakaz, Omar Nabarroren istorioari laguntzen ahalegindu naz, ez dot ezer barririk sortu', azaldu dau irudigileak berak. 'Argazkiok, nork bere erara begiratu eta ulertu behar ditu, ez daukie interpretazino bat eta bakarra, baina argi dago nik Omar Nabarroren mundua islatu gura izan dodala', ganeratu dau Barrenetxeak.
Durangoko Azokan salgai egongo da diskoa eta baita www.haragizkoa.com helbidean be; dendetan ostera, oraingoz ez dabe ipiniko. Omar Nabarroren poesia musikatuaz gozau nahi dabenak, baina, Haragizkoa ikuskizuna be badauka eskura. Dagoeneko hasita dagoz Edorta Jimenez, Rafa Rueda, Joseba Barrenetxea eta Jaime Nieto Euskal Herri osoan emonaldiak egiten. Hurrengoa, Bergaran izango da, zemendiaren 27an. 'Musikea zuzenean joten dogu, eta antzezpenetik be badauka zeozer' uste dau Edorta Jimenezek. 55 minutu inguruko ikuskizuna da eta, kasu honetan be, Omar Nabarroren mundua da ardatza. 'Olerki eta kantuen txandaketa hutsetik harago doan emonaldia egin gura izan dogu, musikearen eta poesiaren munduek bat egiten dabe', ganeratu dau Rafa Ruedak. Taula ganeko elementu bakarra arkibea da, euskal arrantzaleek txibiak bizirik gordeteko erabiltzen eben kutxa berezia.
Haragizkoa laneko argazkiak, irudiak, musikea eta letren itzulpenak dagoz, besteak beste, www.haragizkoa.com helbidean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!