Badator Erlea aldizkariaren hirugarren zenbakia
2010-11-05 09:35 kulturbizHirugarren zenbaki honen atmosfera nagusiak Afrikara eroaten gaitu, Aljeria eta Magreb protagonista diralarik. Bestalde, Ipar Euskal Herriari be ahotsa emoten deutso Erleak, eta aldizkarian agertzen diran hainbat idazlek -Piarres Aintziartek, Jean-Louis Davantek, Txomin Peillenek- bi errealidade horreek, Iparralde eta Aljeria, lotzen ditue.
Gaur, zemendiak 5, Erlea kultura aldizkariaren hirugarren zenbakia aurkeztu dabe Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunean.
Erlea aldizkaria Euskaltzaindiak argitaratzen dau eta Jose Irazu Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzain osoa da zuzendaria. Pamiela argitaletxea arduratzen da edizinoaz eta diseinuaz.
Bernardo Atxagak berak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak egin dabe gaurko aurkezpena. Hirugarren zenbakia eskuan, aurreko bien kalidadeari eutsi jakola ziur dago Erlea-ko zuzendaria. Halan da be, zehaztu dau, 'askotan ez da kalidade kontu hutsa, nahiz eta kalidadea oso inportantea izan -eta hemen kalidade handiko testuak dira-. Egiteko modu bat be bada, jentea inpliketako modu bat, eta hori hemen egiten da. Beraz, nire ustez, erakunde honen indarra hor be ikusten da'.
Hirugarren zenbaki honen atmosfera nagusiak Afrikara eroaten gaitu, Aljeria eta Magreb protagonista diralarik. Bestalde, Ipar Euskal Herriari be ahotsa emoten deutso Erleak, eta aldizkarian agertzen diran hainbat idazlek -Piarres Aintziartek, Jean-Louis Davantek, Txomin Peillenek- bi errealidade horreek, Iparralde eta Aljeria, lotzen ditue.
Mohamed Xukri idazle marokoarrak (1935-2003) leku berezia dauka zenbaki honetan: 2003an, Miel A. Elustondok egin eutson alkarrizketa bat argitaratzen da, baita Joxemari Iturralderen artikulu bat be, eta Ogi hutsa Xukriren poemearen zati bat, arabieraz eta euskeraz.
Erleak dakarzkun beste opari berezi bat Joseba Sarrionandiak sinatzen dau: Tuaregen poesiaren amaiera artikulua, hain zuzen be, idazleak udagoienean atarako dauen liburuaren zatia.
Badira izen gehiago: besteren artean, Vicente Ameztoy (1946-2001) -bere objektuen bitartez- Karmelo Landa, Arantxa Urretabizkaia, Lourdes Oñederra, Xabier Montoia, Eider Rodriguez, Edorta Jimenez, Koldo Izagirre, Patxi Ezkiaga, Luzien Etxezarreta, Juan Luis Zabala, Felix Ibargutxi...
Azala, barriz, Gonzalo Etxebarriarena da, eta ilustrazinoak eta argazkiak Anne Rearick, Zaldi Ero, Ernesto Valverde eta Erramun Landak sinatzen ditue.
Beraz, barriro be, aniztasuna gailentzen da Erlea aldizkarian. Behin baino gehiagotan azaldu dau Bernardo Atxagak Euskal Herriko ahotsak banan-banan agiri dirala aldizkarian, gazteak, zaharrak, eretxi guztietakoak eta holan azpimarratu dau gaurko aurkezpenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak be: 'Euskaltzaindiaren aldetik, etorkizunerako apustua da gurea. Euskaltzaindia gustura dago, beste guztiekaz lanean ari dalako'.
Erlea paperezko aldizkariari laster erantsiko jakon beste proiektu baten barri emon dau gaur Bernardo Atxagak: irakurleen saioak, hain zuzen. Holan bada, abenduan, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, Erlea aldizkariaren irakurleen saio bat egingo da, 'eta ideia hori da, irakurleak batzea, jentea batzea'. Atxagak iragarri dauenez, datorren urtean mamituko da proiektua, 20 bat saio egingo diralarik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!