Idatz & Mintz literatur aldizkariaren 50. zenbakia eta aldizkarien erakusketea aurkeztu ditu Labayruk
2010-11-04 16:55 kulturbizIdatz & Mintz Literatur Atalen sorta aldizkaria 50. zenbakira heldu da. Lehenengo zenbakia 1981ean argitaratu zan, hiruhileko lez. Ordurik hona ia 30 urte joan dira, eta egitasmoak sendo irauten dau, urtean zenbaki bi hutsik egin barik ataraten dirala. Bide horretan, idazleak sortzeko mintegia izan da, eta baita be irakurteko zaletasuna bultzatzeko bitartekoa be.
Aldizkariaren 50. zenbaki bereziaren eta literatur aldizkarien ganeko erakusketea aurkeztuko ditue bart Bilbon, Euskal Museoan.
Idatz & Mintz Literatur Atalen sorta aldizkaria 50. zenbakira heldu da. Lehenengo zenbakia 1981ean argitaratu zan, hiruhileko lez. Ordurik hona ia 30 urte joan dira, eta egitasmoak sendo irauten dau, urtean zenbaki bi hutsik egin barik ataraten dirala. Bide horretan, idazleak sortzeko mintegia izan da, eta baita be irakurteko zaletasuna bultzatzeko bitartekoa be. Gai guztiak literaturearen inguruan batzen dira, hainbat alderdi eta ikuspegi zabaldu dira, eta beste hainbat testu galdu edo ezkutuko agirira ekarri.
Ale berezia
50 zenbaki eta 30 urteko ibilbide horretan ia 150 idazlek parte hartu izan dabe aldizkarian, batzuk behin baino ez, beste batzuk noizean behin eta beste batzuk nahiko jarraian. Horreetatik ahal izan diran guztiei egin jake konbitea ale berezi honetan parte hartzeko, eta guztira 25en lanak argitaratuko dira.
Alea berezia da beste honegaitik be: aurreko zenbaki guztien aurkibideak gehitu dira, bai zenbakika, bai egileka, bai generoka.
Aldizkariagaz batera separata dator, oraingoan Jean Cocteau eta Maurice Rostand-en testu bat, Les Bucoliques basques izenekoa, euskera eta gaztelaniazko itzulpenagaz batera, Felipe Juaristik egina.
Erakusketea
Ospakizunaren harira, aldizkarien erakusketea antolatu da. Erakusketearen bitartez, euskal literatur aldizkarien ibilbidearen ikuspegi orokorra hartu ahal izango dogu. Erakusketeak zemendiaren 4an zabalduko ditu ateak Euskal Museoan. Aldizkari bakotxeko azalaren irudia eta ibilbidearen barri emoten daben azalpen argigarriak topauko ditu hara hurreratzen danak.
Erakusketea zabalik egongo da urtarrilaren 9ra arte museoaren ohiko ordutegian.
Ibilbidea
Idatz & Mintz sortzea Labayru Ikastegiak egindako pausuetako bat izan zan. Ordurako literatur lanen edizino barriztuak preparetan hasita egozan, eta hau etorri zan sorkuntza barria eta kultur arloko bizitasunari urtenbidea eta agerbidea emotera.
80ko hamarkadan beste aldizkari asko sortu ziran, lehentxuago edo gerotxuago, baina aldi bat eginda gero amatetan joan ziran. Urte berean sortu zan Iparraldean Maiatz aldizkaria, eta horrek iraun dau geurearen moduan, aurtengo udabarrian egin dau 50. zenbakia.
Aldizkariak beste emoitza batzuk be ekarri ditu: aldizkariagaz batera banatzen diran separata edo gehigarriak; literatur lehiaketea; Galburua bildumako liburu askoren hazia be aldizkarian argitaratutako narrazinoak izan dira; irrati-saioa Bizkaia Irratian urte bian.
Kontuak kontu, orain arteko ale guztiak Sarean jarriko dira ikusgai, Labayru Ikastegiaren webgunean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!