Aurtengo Literaturako Nobel Saria euskeratzeko XXIV. Jokin Zaitegi Lehiaketea deitu dabe

Bizkaie! 2010-11-04 13:18   kulturbiz

Aurten Suediako Akademiak Mario Vargas Llosa idazle peruarrari emon deutso Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Lehiaketearen helburua Vargas Llosak idatzitako Pantaleón y las visitadoras eleberria itzultzea da.

Arrasateko AED alkarteak eta Elkar argitaletxeak, Kutxaren laguntzinoagaz, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta harek literatura unibersala euskeratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, Jokin Zaitegi Lehiaketearen 24. deialdia egin dabe, aurtengo Literaturako Nobel saridunaren lana itzultzeko erabiliko dana, antolatzaileek adierazo dabenez.

Aurten Suediako Akademiak Mario Vargas Llosa idazle peruarrari emon deutso Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Lehiaketearen helburua Vargas Llosak idatzitako Pantaleón y las visitadoras eleberria itzultzea da.

Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituan edozeinek hartu leike parte lehiaketa honetan. Horretarako, obrearen lehenengo orriak euskeratu beharko ditu, eta egindako lan horrexen lau kopia bialdu AED alkartearen egoitzara (Pablo Uranga 4 behea, 20500, Arrasate), abenduaren 21era arte; ez da itzultzailearen izenik agirian jarriko, baina bai goiburu bat; itzultzailearen datuak eta telefonoa gutun-azal itxi baten barruan adierazoko dira, eta sobre horren azalean goiburu bera errepetidu.

Lehen orri horreei jagoken jatorrizko testua antolatzaileek jarriko dabe parte-hartzaileen esku, honeek eskatu ahala -telefonoz, idatziz nahiz e-mailez-. Internet bidez be lortu ahal izango da testu hori, www.elkarargitaletxea.com/jokinzaitegi webgunean.

Fernando Reyk, Koro Navarrok eta Karlos Zabalak osotutako epaimahaiak aztertuko ditu jasotako itzulpenak eta aurkeztutakoen artean bat izentauko dau irabazle 2011ko urtarrilaren amaierea baino lehen. Aurkeztutako lanek nahikoa kalidaderik ez balebe, saria hutsik itxi ahal izango da. Kasu horretan, antolatzaileek aukerea izango leukie itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.

Era berean, antolatzaileek aukerea izango dabe itzulpenerako proposatutako obrearen ordez egile beraren beste lan bat hautatzeko, sariaren erabagia jakinarazo baino lehen, betibe. Lanaren luzerearen arabera egokituko litzateke sariaren dirua be.

Irabazleak 6.000 euroko saria irabaziko dau Pantaleón y las visitadoras eleberria osorik itzultzeko: kantidade horren erdia jakinarazpena egitean jasoko dau, eta beste erdia lan amaitua emon ostean. Lan amaitua 2011ko irailaren 30a baino lehen emon beharko dau Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalidadea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren eretxiz), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehenengoa itzuli egin beharko leuke irabazleak.

Elkar argitaletxeak -eskubideak aurrez eskuratuta- argitaratuko dau Pantaleón y las visitadoras eleberria euskeraz, eta 2011ko Durangoko Azokea izango da hori egiteko epemugea. Ale guztietan nabarmen aitatuko da Jokin Zaitegi Saria, baita itzultzailearen izena be eta honek ez dau galduko bere lanaren gaineko jaubetza. Antolatzaileez gan, Kutxa babesleak be jagokon tokia izango dau edizinoan.


Azken urteetako Nobel eta Zaitegi sarietako irabazleen zerrendea:

- 2002 Imre Kertesz: Zoririk ez. Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea.
- 2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna. Itzultzailea: Oskar Arana.
- 2004 Elfriede Jelinek Itzulpen saria hutsik itxi zan.
- 2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk. Itzultzailea: Iñigo Errasti.
- 2006 Orhan Pamuk: Elurra. Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey.
- 2007 Doris Lessing: Belarra kantari. Itzultzailea Koro Navarro.
- 2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua. Itzultzailea Luis Berrizbeitia.
- 2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka. Itzultzailea: Ibon Uribarri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu