Durangaldeko historiaren zati bat Astola aldizkarian jasota
2010-10-28 18:16 kulturbizGerediagak Durangaldeko arlo diferenteei buruzko ikerketa eta historia aldizkariaren 4. alea dakar. Hasi fundizinoek izan daben ibilbidetik, gero eskualdean egin ziran lehenengo bertsolari txapelketak aztertu, hurrengo Durangoko Kurutziaga gurutzearen irudi guztien analisi zehatza erakutsi eta amaitzeko Durangaldeko gaztetxeen errepaso zabala.
Gerediagak Durangaldeko arlo diferenteei buruzko ikerketa eta historia aldizkariaren 4. alea dakar. Hasi fundizinoek izan daben ibilbidetik, gero eskualdean egin ziran lehenengo bertsolari txapelketak aztertu, hurrengo Durangoko Kurutziaga gurutzearen irudi guztien analisi zehatza erakutsi eta amaitzeko Durangaldeko gaztetxeen errepaso zabala. Honek Durangaldeko historian sartuarazoko gaituen 12 erreportajetatik lau adibide baino ez dira.
Danetara, 160 orrialde, dana koloretan, argazki zainduakaz eta sekula argitara emon ez diran datuakaz. Astola aldizkariaren laugarren zenbakiaren ezaugarri nagusiak horreek dira. Artikulu egileen artean, barriz, esperientziadun eta izendun personak dagoz: Igor Elortza bertsolaria, Jose Angel Barrio Loza katedratikoa, Magdalena Sarrionandia EHUko irakaslea, Jose Julian Bakedano zinemagilea eta Iban Gorriti kazetaria. Argazkiak, artxiboetakoak ez diranak, Txelu Angoitia argazkilari durangarrak ataratakoak dira.
Astola aldizkaria Durangaldeko liburudenda nagusietan salgai dago honezkero. Igazko salneurriari eutsi deutsie aurten, hau da, 5 euroan egongo da eskuragarri. Gerediaga Alkarteak Durangoko Azokan izango dauen gune berezian be izango da Astola aurten.
Artikuluz artikulu
- Kurutziaga gurutzea. Egilea: Jesus Muñiz Petralanda. Durangoko ondare historiko-artistiko esanguratsuenaren estiloa zein dan azaltzen da artikuluan. Gurutzearen irudi guztiak ezagutzeko detaile-argazkiak be lehenengoz argitaratu dira. Gurutzeak historian zehar izan dituan kokapen guztiak be jaso dira.
- Arrazolako eta Axpeko meategiak. Egilea: Garbiñe Aja. Txistu-hotsa, tutada bat entzutea nahikoa izaten zan meategiko trena hara eta hona ebilela jakiteko. Horretaz asko dakite Arrazolan eta Axpen. Meatzarien lana eta bizimodua zelangoa zan ezagutu daiteke erreportaje honetan. 1910ean Bizkaian izan zan greba be gogora ekarri dabe.
- Gaztetxeak Atik Zra. Egilea: Iban Gorriti. Durangaldeko gaztetxeen historia laburra eta bakotxaren egungo egoerearen deskripzino zabala egin dau. Horri lotuta, Jakue Pascual soziologia eta politika zientzietan doktoreak 80ko hamarkadan gaztetxeek bizi izan eben loraldiari buruz idatzi dau.
- 1950-60ko bertsolari txapelketak. Egilea: Igor Elortza. Isilik zeuden baina ez mutu izenburu horregaz Bizkaiko lehenengo bertsolari txapelketak gogora ekarri ditu egileak, eta batez be Durangaldean egin ziranak eta Durangaldeko bertsolariak. Txapelketan epaimahaiko izan zan Xabier Amurizak be bere ikuspuntua idatzi dau.
- Fundizioa, artetik teknologiara. Egilea: Julian Izaga. Fundizinoek garrantzia handia izan dabe Durangaldean. Fundizinoen bilakaera laburtua eskaintzen dau erreportajeak eta Durangaldean izan daben garrantzia azpimarratu. Argazkietan San Migel fundizinoko langileak agiri dira, Iurreta herrigunetik fabrika barrira joan orduko.
- Durangaldea eta zinemagintza. Egilea: Jose Julian Bakedano. Eskualdeak zazpigarren arteagaz hartu-emon estuegirik izan ez badau be, historian zehar Durangaldea zuzendari askoren plato bihurtu izan da.
- Martin de Beratua. Egilea: Jose Angel Barrio Loza. Beratuatarrak hargin entzutetsuak izan ziran XVIII. mendean. Abadiñarrak sortzez, kanpantorreak eregiten egin eben lan oparoa. Gaur egun Errioxa aldean ikusi daitekez Beratuatarren kanpantorreak.
- Otxandioko limitadua. Egilea: Fernando Martinez Rueda. Iraileko bigarren domekan otxandiarrek limitaduan zehar ibilbidea egiten dabe. Baina zer da limitadua? Zergaitik egon da mendeetan Otxandio eta Oleta arteko ika-mikea? Horren jatorria eta auzia egun zelan dagoan argituko dauen lana da.
- Iturri Jauregia. Egilea: Igor Basterretxea. Elixalde kalean nabarmena da Iturri Jauregia, gaur egun gaztetxea eta kultur etxea. Etxetzar honen historia eta bertako linajearen nondik norakoak azaltzen ditu.
- Barruko ibilbideak. Durangaldeko bost lagunek txikitako edota euren gustoko bost leku erakusten ditue: Rosa Mari Ostogain Berrizko alkate ohia, Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusia, Ustaritz Aldekoa-Otalora futbolaria, Enrike Huerta Natur Zientzien Museoko zuzendaria eta Jose Antonio Gisasola Zelai harrijasotzailea.
- Zaldibarko bainuetxea. Egilea: Magdalena Sarrionandia. Zaldibarko herriak XIX. eta XX. mendeetan ur mineral medizinal iturburu egokiak izan zituan eta sasoirako eredugarri izan zan bainuetxea sortu eben. Orduko argazki zaharrakaz horniduta, bainuetxeak Euskal Herritik kanpora izan eban entzutea nabarmentzen da ikerketa honetan.
- Merioaren ibilbidea. Egilea: Jon Irazabal. Goiurian hasi eta Garai, Abadiño eta Etxebarriako San Agustin zeharkatuta Elorrion amaitzen dan ibilbidean Durangaldeak antxina izandako antolaketa politiko eta soziala erakusten dau ibilbide honek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!