Distrito Foto lehiaketeak Bilboko zortzi barrutietako 1.464 argazki jaso ditu
2010-10-20 12:47 kulturbizLehenengo bi sariez gan, epaimahaiak 500 euroko saria daben zazpi akzesit emon ditu, uriko barruti bakotxeko argazki onenari -Uribarrikoa hutsik geratu da-, eta baita gazteentzako akzesit bat be. Horrezaz gan, kalidadeagaitik azpimarragarriak diran lau argazki be aukeratu dira.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolaturiko Distrito Foto argazki lehiaketearen hamargarren edizinoa argazkigintza digitalean espezializauta egon da eta, danetara, uriko zortzi barrutietako 1.464 argazki jaso ditu. Emilio Muñozen Cities eta Blanca Abazen Observando la ciudad lanek jaso ditue 1.500 eta 1.000 euroko sariak, hurrenez hurren. Argazki biak Deustuko auzoan ataratakoak izan dira.
Antolatzaileek adierazo dabenez, lehiaketearen edizino honetako epaimahaia honako honeek osotu dabe: Mikel Alonso, argazkilari profesionala; Miguel Angel Ovejero, Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Ikus-entzunezko Komunikazinoko irakaslea eta Josu Andoni Pérez de Viñaspre, Bizkaiko Argazkilari Profesionalen Alkarteko presidentea. Sarien banaketa ekitaldia urriaren 26an egingo da, arratsaldeko 19:00etan, Abando-Barrainkuako udaltegian.
Lehenengo bi sariez gan, epaimahaiak 500 euroko saria daben zazpi akzesit emon ditu, uriko barruti bakotxeko argazki onenari -Uribarrikoa hutsik geratu da-, eta baita gazteentzako akzesit bat be. Horrezaz gan, kalidadeagaitik azpimarragarriak diran lau argazki be aukeratu dira. Argazki horreen artean banatuko da 2. barrutian hutsik geratu dan sariaren zenbatekoa. Argazkiak Udaleko webgunean kontsultau ahal izango dira gaurtik aurrera.
Lehiaketan saria lortu daben argazki guztiak ikusgai egongo dira Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako erakusketa ibiltarien Expodistrito zikloaren barruan. Erakusketea zemendiaren 2tik 15era egongo da zabalik, Otxarkoagako Udaltegian, hilebete horretako 16tik 30era Burtsako Udaltegian, eta abenduaren 2tik 15era Begoñako Udaltegian.
Distrito Foto lehiaketeak Bilboko txokoak eta jentea erakutsi gura ditu, bertako biztanleen begiradearen bitartez. Argazkiak uribildua osotzen daben zortzi barrutietako edozein auzotan hartu ahal dira. Oinarriek aukerea emoten eben argazkiei ikutuak egiteko, baina ezin izan da jatorrizko lana aldatzen dauen elementurik kendu edo gehitu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!