'Bajo los cielos de Asia', Iñaki Ochoa de Olzaren askatasun pasinoa erakusten dauen liburua
2010-10-13 14:33 kulturbiz'Inongo eskolatan edo unibersidadetan ez dot ikasi hango edur eta hatx artean ikasi dodana. K2 mendiak bizitzaren egiazko balioa erakutsi deust: bizitza bera heriotza barik ezertan geratzen dala. Mendi horrek urrundu egin dau nigandik behin betiko gure errutinazko ongizate egoera' idatzi eban Ochoa de Olzak K2 menditik bueltau zan lehenengo aldian.
Egunotan jakin dogu Pura vida izeneko dokumentala filmetan dagoala produkzino etxe nafar bat, Iñaki Ochoa de Olza mendizalearen salbamendu saiakerea islatuko dauena. Ez da hori izango jazoera dramatiko horreek kontetan dituan lehenengo filma, izan be, Canal + kateak egin ebana eta gero Pep Guardiolari esker milaka ta milaka bisita izan ebana Youtuben gogoan dogu danok, baina mendizale berezi horren figurara hurreratzeko era onena haren oroitzapen liburua irakurtea da.
'Anatoli hil badaiteke, orduan danok hil gaitekez mendian bardin-bardin', hori pentsau eban, eta holan kontetan dau Bajo los cielos de Asia (Saga Editorial) aitaturiko liburuan Iñaki Ochoa de Olzak, Anatoli Boukreev bere lagun kazakhiarra eta mendigoizale zuhurra Annapurnan desagertuta egoala ezagutu ebanean. Une honetan -eta ez Myriam García, Atxo Apellaniz, Pepe Rayo eta beste lagun askoren heriotzea gertatu zanean- ikusi eban argi Iñakik zein zan bere eta bera lakoen patua. Izan be, 7.000 metrotik gora 'ez-bizitzaren eremuan zagoz', bizirik egoteagaz bateraezina dan altuerea da-eta. Eta, halan eta guztiz be, berak -bizitza biziro maite ebana- zortzimilakoakaz maitemindurik egoan eta horrek ez eukan osatzeko modurik. 2008ko maiatzean hil zan Iñaki Ochoa de Olza, Annapurnan, 7.400 metroko altueran bost egun luze pasau ondoren, ez atzera ez aurrera, mobidu ezinik, bajatu ezinik, edema batek jota.
Hilebete batzuk geroago argitaratu zan Bajo los cielos de Asia. Dramatismorik barik, oroitzapen hareek umorez josita dagoz, nahiz eta hasarre eta enbidia pixka bat be atzemon lerroetan. Bere buruari barre egiten deutso mendizale nafarrak behin baino gehiagotan, egiten ebanari epika guztia kenduz. Hain zuzen, berak -nazinoarteko elitean egoana bakarkako igoerakaitik- ez eban uste eskalatzaileak eta zortzimilakoetan ebilzanak heroiak ziranik. 'Niretzat, heroia nire amaren minbizia osatu eban medikua da'. Bere bizitzako momenturik gogorrena bezela kontetan dau amaren gaixotasuna, mendigoizalea K2ra joateko egoala agertu zan gaixotasuna, hain zuzen. Orrialde horreek, zinez, samurtasunaz beteta dagoz eta Iñaki Ochoa de Olzaren benetako nortasun sentibera islatzen dabe.
'Inongo eskolatan edo unibersidadetan ez dot ikasi hango edur eta hatx artean ikasi dodana. K2 mendiak bizitzaren egiazko balioa erakutsi deust: bizitza bera heriotza barik ezertan geratzen dala. Mendi horrek urrundu egin dau nigandik behin betiko gure errutinazko ongizate egoerea' idatzi eban K2 menditik bueltau zan lehenengo aldian.
1990 eta 2004 bitartean egindako espedizinoak kontetan dituan bitartean, bere bizitza-filosofia eta mendiagazko dauen deontologia azaltzen dau pasinoz. Bajo los cielos de Asia anekdotaz beterik dago eta Himalayismoaren inguruko egia krudel asko esaten dira. Kirol honek daukazan gauza onak -laguntasuna, tematasuna, konpromisoa eta abarrekoak- zein txarrak -egoismoa, klasismoa, merkantilismoa...- ezagutzeko aukerea emoten dau.
2004an amaitu eban Ochoa de Olzak liburua eta, ostean, lau urte ibili zan argitaletxe baten bila. Ez eban erraz topau. Izatez, egileak koma bat be ez eban aldatu nahi -bere burugogortasunaren ispilu-, are gitxiago batzuetan politikoki zuzena ez dan tonoa. Hil eta gero, familiak lortu eban liburua berak gura eban legez argitaratzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!