Futbola eta literaturea bat eginez

Bizkaie! 2010-10-06 12:21   jardunaldiak
Athletic Club Fundazinoak eta Bizkaiko Foru Liburutegiak 'Letrak eta Futbola' izeneko berbaldi-zikloa antolatu dabe

Athletic Club Fundazinoak eta Bizkaiko Foru Liburutegiak mahai-inguruen eta berbaldien zikloa antolatu dabe 'Letrak eta Futbola' izenburupean. Saioak urrian egingo dira eta zenbait idazlek eta Athletic Club taldeko jokalarik futbolak letrakaz dauen lotureaz berba egingo dabe.

Athletic Club Fundazinoak eta Bizkaiko Foru Liburutegiak mahai-inguruen eta berbaldien zikloa antolatu dabe 'Letrak eta Futbola' izenburupean. Saioak urrian egingo dira eta zenbait idazlek eta Athletic Club taldeko jokalarik futbolak letrakaz dauen lotureaz berba egingo dabe.

Antolatzaileek adierazo dabenez, ekitaldiak urriaren 7an, 14an eta 26an izango dira, 19:00etan hasita, Foru Liburutegian, Bilbon. Sergi Pamies, Miguel Gonzalez San Martin, David Trueba eta Juan Villoro idazleek, Andoni Zubizarreta Bartzelonaren egungo zuzendari teknikoak eta Carlos Gurpegi eta Andoni Iraola Athletic Clubeko jokalariek parte hartuko dabe.

Zikloa eguen honetan hasiko da, 'Futbola eta literatura: baloia adierazi' izenburuko mahai-inguruagaz; bertan, futbolak kontaketeagaz dauen lotureaz berba egingo da. Futbolaren ganeko nobela garrantzitsurik ez dagoala oraindino, jokoa deskribiduteko erabilten diran metaforak eta bestelako gai batzuk jorratuko dira. Mahaian izango dira Sergi Pamies, Miguel Gonzalez San Martin eta Carlos Gurpegi.

Bigarren mahai-ingurua urriaren 14an egingo da, 'Futbola eta entsegua: baloia pentsau' izenburupean. Landuko dan gaia futbolaren munduak entseguan dauen eragina izango da, prentsa zutabeetan zein ikasketa soziologikoetan. David Trueba, Andoni Zubizarreta eta Andoni Iraola izango dira bertan.

Azkenik, urriaren 26an, Juan Villoro idazle mexikar ospetsuak zikloari amaierea emongo deutso. 'Baloia eta burua, futbola kultur gertakari legez' izenburupean, Villorok futbolaren fenomenoa kultur ikuspegi batetik aztertuko dau.

Mahai-inguruak eta berbaldia 19:00etan hasiko dira eta edozeinek doban joateko aukerea dau (liburutegian sartzeko NANa eroan behar dala gogoan hartu).

Athletic Club Fundazinoak urtero antolatuta, futbola eta kulturea buztartzea helburu dau 'Letrak eta Futbola' zikloak. Gizartean kultur sarea indartzea dabe helburu ekintza honeek, futbolagazko pasinoa biziteko modu desbardinak dagozala erakutsiz.

Testuinguru honetan, berbarako, aurten Athletic Club Fundazinoak, alde batetik, Argazki eta Idazketa Lehiaketak, eta bestetik, joan dan maiatzean Bilboko Errekalde Aretoan 'Artea, futbola eta gizartea' berbaldi-zikloa antolatu zituan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu