IV. Mangamore jaialdiak kultura japoniarra ekarriko dau Amorebieta-Etxanora urriaren 8tik 10era

Bizkaie! 2010-10-04 15:46   jardunaldiak

Kultura japoniarra ardatz hartuta, hitzaldi eta kontzertuak, jolas frikiak, tailerrak, koreografia- eta musika-lehiaketak, proiekzinoak eta kirol japoniarrak izango dira gazteentzat eta, bestetik, umeentzako beren-beregi atondutako gunea.

Urriaren 8tik 10era, mota guztietako jentearentzako jardueraz beteta dator aurtengo edizinoa: batetik, hitzaldi eta kontzertuak, jolas frikiak, tailerrak, koreografia- eta musika-lehiaketak, proiekzinoak eta kirol japoniarrak izango dira gazteentzat eta, bestetik, umeentzako beren-beregi atondutako gunea. Horrezaz gan, ez dira faltako edade guztietako bisitarien atentzinoa erakarriko daben bideo-jokoen eta kimonoen erakusketak.

Orain lau urte sortu zan Mangamore Ametxen eskutik (Amorebieta-Etxanoko Udalaren kultura zerbitzuetarako erakundea), azpi-kultura hau, berak batzen dituan diziplinak eta beste diziplina osogarri batzuk gero eta interesgune handiago daben gazteen eskariei erantzuteko asmoz. Lau urte horreetan, hazten joan dira jaialdiaren ospea, kalidadea eta eragina, sektorearen probintzia mailako erreferente bilakatuz. 2007an, 6.000 bisita izan zituen Mangamore jardunaldiek. Azken bi edizinoetan, barriz, 8.000tik gora izan dira hurreratu diran bisitariak. Era berean, Mangamoreren webguneak 35.000 bisita baino gehiago izan ditu sortu zanetik.

Zaletuen gozamenerako eta kuriosidadez hurreratzen diranen jakingurea asebeteteko, kultura 'barri' hau era ludikoan, ikusgarrian eta dibertigarrian gazteei ez eze, interesa daben guztiei be helarazotea dabe helburu jardunaldi honeek.


Jarduerak

Jardunaldiotan, herriko Forjadores eta Soshiki alkarteez gan, Tarasu alkarte bizkaitarrak be hartuko dau parte, eta manga eta anime munduagazko loturea daben jarduerak ugari iznago dira. Inaugurazino ofiziala urriaren 8an izango da, arratsaldeko 17:30ean. Ureshik, jaialdiaren maskoteak, emongo deutse ondo etorria guztiei, Jokin Lacalle zornotzarrak Mangamorerako konposatu eban ‘Okaerinasai’ abestia entzun eta abestu bitartean.

Musika-ekitaldiei jagokenez, klasikoak diran Karaoke lehiaketez gan, zapatuan, hilak 9, Red Square kataluniarren eta Mangaku Musume eta Project Sweet zaragozarren txandea izango da. Domekan, gaueko 21:00etan, Tatakae taldeak Castlevania manga-musikal barria aurkeztuko dau jaialdian.

UreshiLand da aurtengo edizinoak dakarzan nobedadeetako bat, tailerrak eta ekintzak batuko dituan txikienentzako gunea. Orduro-orduro bertan izango da Ureshi maskotea umeek eta hain ume ez diranek beragaz argazkiak egin daiezan.

Manga kulturearen bibliografia zabala ekarriko deuskun liburutegia be izango da lehenengoz jaialdian, bai eta Maid kafetegia be, Japongo kaferik onenak eta gozoki tipikoak probetako lekua.

Zapatuan, iluntzeko 19:00etan hasita, Cosplay edo Mangamore mozorro lehiaketea izango da Zelaieta Zentroan. Jantzi dibertigarriak eta fantasiaz beteak ikusteko aukerea. Banakakoen mailako irabazlea zuzenean sailkatuko da diziplina honetan ospetsuena dan eta urtero Brasilen ospatzen dan Yamato Cosplay Cup txapelketarako.

Japonera bidaiatzeko 1.500 euroko saria be irabazi leikie lehiaketa honetan parte hartzen dabenek.

Ez dira faltako Karaoke lehiaketa tradizionala eta Samuraien arteko duelua be. Azken horretan, Erdi Aroko burrukak antzezten dira, goma-aparrezko edota latexezko armak erabilita.

Zelaieta Zentroa interesa daben guztientzako bi erakusketaz gozetao lekua be izango da. Lehenengoak, bideo-jokoen eta bideo-kontsolen historian zeharreko ibilaldia egiteko aukerea emongo deusku, 70eko hamarkadan hasi eta gaurdainoko produktuak erakutsiaz. Bigarren erakusketan, barriz, kimonoak izango dira ikusgai, Japon tradizionalenari omenaldia eginez.

Beste urte batez, manga eta anime diziplinetan adituak diranak etorriko jakuzu Amorebieta-Etxanora tailerrak emotera. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Kamikaze Factory diseinu eta ilustrazino estudiokoek emongo dabenn marrazketako manga-tailerra, idazkera japoniarraren tailerra eta shôgi edo xake japoniarraren ikastaroa, papiroflexiarena, esku-lanak...

Kirolei jagokenez, Aikido eta ekialdeko beste burruka arte batzuen saioak izango dira, eta Japongo burruka arte tradizionalen dueluak. Anime proiekzinoak be izango dira, eta jolas frikietan edota musika-lehiaketetan parte hartzeko modua izango dabe bisitariek. Mahai-jokoen eta rol-jokoen gunea be erabilgarri izango ditue interesdunek, hamarnaka jolasez horniduta.

Azken buruan, Play Station Portable kontsola zozketatuko da egunero Mangamore bisitetan datozenen artean.

Informazino gehiago eta egitaraua ikusi nahi izan ezkero, webgunea bisitau daiteke: www.mangamore.net

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu