Bilbo Zaharrak zubi bat edegi deutso kultureari beste urte batez
2010-10-04 14:52 jardunaldiakBilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala kaleak abangoardiako jarduerez eta adierazpenez beteko dira barriro be 'Bilbo Zaharra-Kulturarako zubia' programeari esker. Ekimena, auzo horreen garapenerako eta barriztapenerako kulturearen aldeko apustua egiten dauen Plan Bereziaren barruan dago.
Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala kaleak abangoardiako jarduerez eta adierazpenez beteko dira barriro be 'Bilbo Zaharra-Kulturarako zubia' programeari esker. Ekimena, auzo horreen garapenerako eta barriztapenerako kulturearen aldeko apustua egiten dauen Plan Bereziaren barruan dago. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako ekimenaren helburua, inguru horren kultur espezializazinoa lortzea da, bertako biztanleen beharrei erantzuteko eta auzo horreek erakargarriak izan daitezan uriko biztanle guztien begien aurrean.
Jarduera nagusien artean azpimarratzekoak dira, auzo horreetan sortu diran galeria barrietara eta uriko artetik hur dagozan guneetara egingo diran bisita gidatuak. Gune horreek auzo horren aldeko apustua egin daben sortzaileen ekimenez sortu dira.
'Bilbo Zaharra-Kulturarako zubia' datorren eguenean, urriaren 7an, hasiko da, BLV-Polo Artístico erakusketearen inaugurazinoagaz. BLV-Polo Artístico, Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan azken urteetan izandako arte munduaren inguruko ikerketa lanaren ondoriozko erakusketea da, eta izaera dokumentala dauka.
Egun horretan bertan, Zaragozako Circle Of Trust jantza taldeak 'Papiro…flexia' izeneko Breakdance multimedia show-a aurkeztuko dau, Logela taldearen irudiek eta soinuak lagunduta. Ikuskizun horrek sorkuntza prozesuari buruzko gogoetea eskaintzen deusku, eta horretarako metafora moduan orri zuria eta papiroflexia hartzen ditu.
Programearen barruan musika emonaldiak be egongo dira, barikuan, urriaren 8an, Arte Berreginen Museoan (21:30etan) kontzertua eskainiko dauen Triángulo de Amor Bizarro Galiziako laukotearena, besteak beste.
Programako une garrantzitsuenetakoa zapatuan, urriaren 9an, izango dogu, Bilbao Tattoo Ink.fusion 2010 izenekoagaz (goizeko 10:00etatik gaueko 22:30etara) Berreginen Museoan. Jardunaldia tatuajeei, gorputz arteari eta uriko kultureari eskainiko jako oso-osorik.
Arte Berreginen Museoa izango da, baita be, urriaren 13an eskainiko dan 'M’C Txirrita', bertsoaren eta raparen maitasun istorioaren eszenatokia. Rap-a eta bertsolaritzea buztartzen dituan ikuskizuna da, Xavier Silveiraren eskutik (20:00etan).
Eguenean, urriaren 14an, Show Gela 10 'Arte y creación en los barrios altos de Bilbao' ospatuko da Kontzezio kalean (euria bada Arte Berreginen Museoan). Sorkuntzaz betetako emonkizun horretan Mustapha Agravan bereberearen eta San Fran Korue taldearen musika izango da, eta baita ule-apainketa afro-amerikarragaz lotutako jarduerak be (20:00etatik 23:00etara). Egun horretan bertan, Kontzezio eta Zabala kaleetan dagozan Escif eta 'El hombre viento' artisten horma-irudiak inaugurauko dira.
Hurrengo egunean, urriaren 15ean, Ramón Churrucak performance bat eskainiko dau Martzanako kaian (gaueko 21:00etan). Martzanako kaia zine areto handi bilakatuko da, eta bertan Caostica (film laburrak haize zabalean) eskainiko da. Besteak beste, David Morenoren 'Socarrat', Juanjo moscardoren 'Chocapaquete', Iñigo Kintanaren 'Itzalak' eta Koldo Almadozen 'Amuak' proiektauko ditue.
Programatutako beste jarduera bat Arty Walks da (arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara), bisita interaktiboak eta parte-hartzaileak, euskeraz eta gaztelaniaz, Bilbo Zaharreko zenbait erakusketa gunetatik. Bisitak urriaren 8an eta 14an (euskeraz) eta 9an eta 15ean (gaztelaniaz) egingo dira, eta beharrezkoa izango da aurretik www.blv-art.com webgunean izena emotea. Bisita bakotxean auzoa biziten ari dan eraldaketea eta eraldaketa horrek, inguru horretan kokatzen ari dan artista multzo barriaren garapenean eragin dauen modua azalduko da. Beste alde batetik, galerietako kideek euren espazioen ezaugarriak azalduko deutsiez parte-hartzaileei, eta artistakaz euren lanari buruz berba egiteko aukerea egongo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!